Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

17.
GUTXIESPENA

 

      Orain dela hiru bat urte Elgoibarko Sallobente auzotik deitu zidaten, festetako bertso afarian kantatuko ote nuen. Libre nengoela eta baietz erantzun nien. Peńagarikanorekin joango ote nintzen. Baietz, pasatuko niola abisua. Hark baiezkoa eman eta bueltan deitu nien konfirmatzeko. Orduan, zenbat kobratzen genuen galdetu zidaten. 200 € kobratzen genituela, nik. Eta antolatzaileak: “200 bakoitzak?”. Banekien hamarkadak zeramatzatela bertso afari hura antolatzen, bertsolariek hortik gora kobratzen zutela. Baietz esan nion, 200na. Orduan antolatzaileak, zuzenean: “Eta Peńa 200 €-ren truke eta zu gutxiagogatik?”. Ezetz esan nion. Nik Peńak adina kobratzen nuela. Eta orduan berak: “Eta Peńaren ordez zu bezalako beste neska gazte batekin etorriko bazina, merkeago?”. Ezetz esan nion, haserre. Eta berak: “Eske guk pentsatzen genuen ekartzea... bertsolari bat... eta gero zu... ba, neska... gaztea... herrikoa. Gogoratzen naiz erantzun niola: “Eta zer da, ezaugarri bakoitza 50 € gutxiago?”. Zenbat kobratzen genuen bazekiela eta eurek erabakitzeko esan nion. Azkenean Peńa eta biok joan ginen eta 200na euro kobratu genituen.

      Zuzentzaile automatikoak gorriz markatzen du plazandre hitza. Akatsaren aurka kantatzen dugu.

 

      Onintza Enbeita:

      «Handitan plazandrea izango nintzela esaten zidaten umetan bertso eskolako gizon zaharrek. Zer esan nahi zidaten? Ba, plazan akaso egingo nuela bertsotan, baina hortik gora ezingo nuela ezer lortu. Niretzat Bizkaiko finalera iristea edo 2009ko Nagusian finalerdietan ibili nintzen moduan ibiltzea, sekula eskura izango ez omen nuen zerbait lortzea izan zen. Plazandrea modurik despektiboenean deitzen zidaten gizon haiek ez didate inoiz zorionik eman, eta ez litzateke hain larria oso gertukoak ez balira».

      «Plazandrea hitza lehenengo aldiz adiera positiboan entzun nuenean 16 bat urte izango nituen. Bestela, inpresioa daukat plazandrea izatea andre txarra izatearekin lotu dela: neskazaharra izatearekin, ez-ama izatearekin, emakume desegokia izatearekin».

      «Orain dela hemezortzi urte Andoni Egańarekin eta Sebastian Lizasorekin batera Mungiara bertsotara joateko deitu zidaten. Nire lehen aldia zen haiekin kantatuko nuena eta ilusio handia neukan. Hurrengo egunean berriro deitu zidaten eta esan zidaten Bizkaian ez zegoela inor haiekin kantatzeko mailarik zeukanik eta ez joateko. Nire ordez nire osaba Jon Enbeita joan zen».

      «Askotan gertatu zait nik eraso modura edo desakreditazio modura bizi izan ditudan bertsoak txalotzea publikoak. Sentitzea nire alboko bertsolaria gainetik jartzen ari zaidala eta jendea horrekin gozatzen sumatzea».

 

      Eli Pagola:

      «Batez ere, saiatu naiz errukarri itxurarik ez ematen. Jendea urduri sentitzen bainuen ni kantuan hastean. Saio bat eduki eta ingurukoak lasaitzen ni ibili beharra ere! Familiakoak, lagunak... Neuk esan behar izaten nien haiei lasaitzeko, ondo egingo nuela. Eta amorratu egiten nintzen! Aldrebes behar luke! Zuek azaldu beharko didazue, ba, konfiantza! Txapelketan, batez ere, ikusten nuen jende asko... ez dakit nitaz erruki zen baina saio bat bukatu eta “Joe! Ze ondo! Eutsi diozu!” esaten zidaten. Eta nik pentsatzen nuen: Eutsiko ez diot ba!, ez? Bizitza erdia baino gehiago daramat bertsotan eta eutsiko ez diot ba! Bestela ez nintzatekeen aterako! Nik ez nuen konfiantza handirik sumatu nire bueltan, eta gogor papera hartu behar izan nuen: Ez naiz eroriko, hor egongo naiz. Eta jendeari hori erakutsi nahi izan diot, nahiz eta normala den bezala saioaren aurretik nerbioak dantzan izan».

      «Sarritan hartu izan dudan papera, gazteagoekin-eta, da: Ez da ezer pasatzen. Zerbait behar duzue? Ni hemen nago! Doinuak, lasai, badakizkit. Hau ez duzu nahi? Lasai, jarri beste bat... Euskarri papera hartu izan dut».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Ez dakit zenbateraino den kanpotik esan dizkidatenengatik, baina sentitzen dut neure buruarenganako etengabeko gutxiespen bat. Konstanteki galdetzen diot neure buruari zertarako deitu ote didaten, zer espero ote duten nigandik, zer rol esleitu nahi ote didaten: neska gazte xelebrearena? Neska gazte... Beti da neska gazte gehi beste zerbait, ezpada nitaz gain beste neska gazte bat ere badagoelako saioan. Asko nekatzen naiz. Azkeneko bi urteetan, normalean, neska gazte bakarra izan naiz saioetan eta beste denak BECeko pertsonak, eta horrek ez dit uzten nire paper horretatik irteten: alabaren figura konstante bat da saio horietan, baita gaietan ere. Ezin garatu neure burua eta garatu beharra gazte eta emakume guztien ahotsa».

      «18 urte ingururekin ez jaten hasi nintzen, argaltzen-argaltzen, eta bi urte behar izan nituen nire obsesioa mugara heltzen ari zela ohartzeko. Hilekoa galdu nuen. Eta nire buruari galdetu nion: Nola heldu naiz ni honaino? Unibertsitatera joan nintzenean klak egin nuen, Markinako giroarekin eten nuen eta fakultatean lagun feministekin topo egin nuen. Feminismora eraman ninduen erantzun bat bilatu nahiak: zergatik sentitu nuen momentu batean nire burua pixkanaka hiltzeko gogoa 18 urterekin. Berria-n praktiketan hasi nintzenean Markinako neska bat elkarrizketatu nuen, Amaia Lekunberri, gaur egun Argia-ko kazetaria. Lehenengo aldia zen neska euskaldun bat entzun nuena esaten: “Nik anorexia pasatu dut”. Berria-n esan nuen nik neska hori elkarrizketatu nahi nuela. Kontatu zidan: “Anorexia pasatu izan ez banu, ez nintzatekeen feminista izango”. Ispilu bat izan zen. Berriro jaten hasi nintzenean ordura arte ikusten ez nituen zapalkuntza asko bistaratu zitzaizkidan bat-batean. Ez naiz bereziki bertsopaper zalea izan, eta gogoan dut horri buruz idatzi nuela sorta bat. Arazo horri buruz kantatu nahi nuen garai hartan, etengabe. Eta orduan ohartu nintzen bertso munduko hainbat kide —emakumeak denak— leku beretik paseak zirela, gauza bera gertatu zitzaiela, eta ohartu nintzen gutxiespena egiturazkoa zela, eta lehenengo aldiz sentitu nuen emakumezko kideekin sarea egiteko beharra».

      «Batzuetan desagertu egin nahi izaten dut; aulkitik mikrofonora altxatzea ere ahalegina da askotan. Batzuetan hain gaizki pasatzen dut, batez ere pertsona batzuekin, ezen ez dut hor egon nahi, eta beldurra ematen dit, sentitzen dudalako irits daitekeela momentua Ez da kasualitatea-n bakarrik egon nahiko dudana, edo nire belaunaldiko gazteak dauden saioetan. Gizon helduekin sortzen zait deserosotasun hori, eta asko jartzen naute haiekin. Nire buruari galdetzen diot: Zer egingo dut? Ez daukat gogorik zaharrari kolpeka erantzuten dion gaztea izateko, ez dut behetik gora kantatu nahi etengabe miresmena performatuz..., baina ez dudanez nire burua euren maila berean kokatzen ez naiz kapaza berdinetik berdinerako elkarrizketa orekatu bat mantentzeko».

      «Eskertuko nituzke erronkak gaien aldetik, galdetu diezadatela politikaz, ekonomiaz, munduaz, gerraz, edozer gauzaz. Uste dut gauza askotan formatuta nagoela eta banaizela gai esateko, baina inoiz ez didate Siriaz edo Mediterraneoko sarraskiaz galdetzen».

 

      Ane Labaka:

      «Aitak tarteka transmititu izan dit gustatuko litzaiokeela ni bestelako bertsolaria izatea; eskolartekoan despuntatu, gazte sariketak irabazi, Gipuzkoakoan aurrenekotik ondo aritu... ibilbidea egingo lukeena. Kontrara, amak baloratu izan dit —txapelketak nahi nuen emaitzarik eman ezta ere— beste bide batzuk probatu izana, nire proiektuak sortu izana, bertsotan jarraitzeko bestelako moduak topatu izana. Etxean bi alde horiek sumatzen ditut, eta txapelketan izena emateko momentua iritsitakoan zalantzak neuzkala esan nienean aitak segituan esan zidan “egiten ari zaren guztiaren osagarri izan daiteke eta niri gustatuko litzaidake ateratzea”; amak, aldiz, nire buruaren zaintzan jarri zuen ardura, aurrekoetan gaizki pasatzen ikusi nauelako. Nik uste, aitak gehiago nahi duela; baloratzen du egiten dudana, baina gehiago kostatzen zaio espero zuen bidetik edo bertsolaritza ulertzeko ohiko modutik kanpoko nire lana balioztatzea: Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik infografia egiten aritzea, Erradikalak gara-ren balioa ulertzea... kosta zitzaion pixka bat. Bada nolabait, “oso ondo dago, baina egin bertsotan”. Ikusten du egin dudan bidea ez dela ohikoa izan, beste zidor batzuk probatzen ari naizela, eta ez dakit ba. Ama nire lasaitasunak gehiago arduratzen du. Kontua da, bi alde horiek nire baitan dauzkadala integratuta».

      «Gizonezko bertsolari batzuekin ez naiz parez pareko harremanean sentitzen, gehienetan neska gaztearen roletik kantatu dut haiekin eta hala tratatu naute bai oholtzan bai oholtzatik kanpo. Ez naiz haietako bat, saio jakin batean hor egotea tokatu zaion norbait baizik. Ez dut sumatzen interesik niganako eta zaila egiten zait kokatzea».

      «Gai jartzaileek ez dizkidate normalean prestigiozko ariketak jartzen (bakarka, atzekoei...), ez bada feminismoari buruz kantatzeko. Horretan izan dezaket autoritate pixka bat, bestelakoan hutsuneak betetzen aritu naiz; igartzen duzu gai jartzaileak gai jakin bat edo ariketa jakin bat jarri nahi dizkiola bertsolari jakin bati, harentzat prestatu dituela, eta gero badaudela beste gai batzuk... soberakoak-edo, egun horretan zuri egokitu zaizkizunak».

 

      Oihana Bartra:

      «Antolatzaile batzuen aldetik gutxietsia sentitu izan naiz, ia-ia eskerrak eman behar banizkie bezala deitu izanagatik. Esan izan didate: “Nahi ditugu puntako bat eta zu”».

 

      Maddalen Arzallus:

      «Antolatzaile batek deitzen didanean nik beti pentsatzen dut ni entzun nahi nautelako deitzen didatela. Behin gertatu zitzaidan egoera bat antolatzaile batekin, nahiko kuriosoa. Whatsapp bat idatzi zidaten bertsotara joateko; erantzun nuen iluntzean, eta esan zidaten bi emakume nahi zituztela eta whatsapp kolektibo bat bidali zutela eta ni baino lehenago erantzun zuela beste batek eta haren erantzunaren arabera esango zidatela baietz ala ezetz».

 

 

17.1.
GUTXIESPEN EKONOMIKOA?
(TARIFAK ETA AUTOTARIFAK)

 

      Modu agerikoan edo estalian, zuzenean edo zeharka, kontzienteki edo oharkabean, gutxiespena eta desautorizazioa bizi dituzte emakume bertsolariek. “Oso gauza desberdinak dira prezioa eta balioa berez, baina batzuetan elkarri lotuta datoz edo elkarrekin nahasten ditugu”, idatzi zuen Oihana Iguaranek “Prezioa eta balioa” artikuluan. Batetik, kultura erdigunean ez jartzeak dakarren prekarizazioa legoke eta, bestetik, genero arrazoiak direla medio, prekarizazio horren baitan emakume kulturgileek pairatzen duten bigarren azpiratzea. Ontzat ematen da bertso munduan ez dela soldata arrakalarik existitzen, baina interesgarria litzateke aztertzea nola banatzen diren sosak bertso saioetan: Lankuko kategorietan non kokatzen duen bertsolari bakoitzak bere burua[8], Lankutik kanpo antolatzen diren saioen kontratazioan[9] nola eragiten duen sexu-genero sistemak, ondoen eta okerren ordaindutako saioetan genero bereizketarik baden, bertsolarien lan baldintzek nola eragiten duten gizonengan eta emakumeengan, eta abar. Egintzat jotzen dugu guztiok maila berean, berdin prestatuta gaudela gure balio ekonomikoa kudeatzeko, baina argi dago ezetz, eta genero arrazoiak ere badira tartean.

 

      Jone Uria:

      «Ni, 2009ko Txapelketa Nagusiaz geroztik B kategorian nago. Egia da, noizean behin, pentsatu izan dudala eta proposatu izan didatela A-ra igotzea, baina ez diot inoiz beste munduko garrantzirik eman. Ziur aski da plazako jarduna nire diru iturri nagusi gisa inoiz ikusi ez dudalako. Nik bertsotan ez dut inoiz diruarengatik egin. Askotan pentsatu izan dut doan ere joango nintzatekeela saio gehienetara. Horrek ez du esan nahi uste dudanik lan baldintza horiek hobetu behar ez direnik, eta bertsogintzatik bizi nahi dutenen larruan jarri izan ez naizenik. Nire kasua hori balitz (edo noizbait izango bada), ez dut uste zalantzarik egingo nukeenik neure burua A mailara igotzeko. Beharbada, bestela ere egingo dut, baina kezken artean ez da nire lehentasuna une honetan. Edozein kasutan, A, B zein C kategorian egonik ere, uste dut lan baldintzak eta bizimodua ez direla bereziki duinak. Ez da batere lan egonkorra, eta nola funtzionatzen duen ondo ez dakigun merkatu baten menpekoa izateaz gain, autonomoen lan baldintzak ez dira onak. Bajak direla, kotizazioa dela..., esango nuke lan baldintza ez-duinek emakumeoi are gehiago eragiten digutela kalterako. Uste dut, alde horretatik, zer hausnartu eta zer hobetu badaukagula bai bertso munduan, bai eta, orokorrean, kulturan ere».

 

      Oihana Iguaran:

      «Ni 2015eko Gipuzkoako Txapelketaren ostean plazaratu nintzen. Oraindik plazarako deiak jasotzen hasi gabe nengoela, Amaia Agirrek esan zidan Lankura deitzeko eta tarifa aldatzeko. Nik ez nekien tarifen kontua zer zen. Amaiak esan zidan deitzeko lasai, ezagutzeko Lankukoak, oso jatorrak zirela eta gustura esplikatuko zidatela. Niri lotsa handia ematen zidan. Ziurrenik aurreko udan egingo nuen lehen saioa Lankutik, eta gogoan dut 70 € inguru jaso nituela saioagatik. C tarifari dagozkionak, nonbait. Nik ez nuen C tarifan egotea erabaki, ez nekien tarifarik zegoenik ere. Susmoa dut orain ere jende gutxik duela horren berri. Niri Amaiak azaldu zidan eta esan zidan finalaurrekoetan bere ustez B-n egon beharko nukeela eta finalera sartuta dudarik ez zuela. Nik azalpen horretan “justifikatutzat” ikusi nuen B tarifa, irabazi banu bezala. Ez nekien norberak aukera zezakeenik non egon. Amaiari esan nion lotsa ematen zidala hori eskatzeak eta galdetu zidan ea berak esatea nahi nuen. Segituan deituko zuela. Nik galdetzeko eskatu nion eta hamar minutura deitu zidan esanez egina zegoela, zentzuzkoa iruditu zitzaiela eta B tarifan nengoela geroztik. Orain uste dut dei hori niri zegokidala, baina eskertu egin nuen Amaiaren jarrera, hilabeteak pasatu baitziren Lankurekin harremanetan hasterako eta elkar ezagutzerako».

      «Geroztik plaza eta saio mordoxka egin dut, B tarifan. Kontratazio zuzeneko saioetan ere anekdota bat baino gehiago pilatu dut denbora horretan, zenbat eskatu zitekeen/behar zen ez jakitetik zegokidana eskatzera ez ausartzeraino. Onartzen dut, normalean, kopurua zehazteko ardura bertsokideari (orokorrean eskarmentatuago, zaharrago, gizonago) uzten niola (eta ez da nire joera, ni nire ardurak soinean hartzekoa naiz, baina dirua negoziatzeko ez naiz ahaldundua sentitu duela gutxi arte). Antolatzaileak zenbat behar dugun galdetu eta bertsokideak erantzun zain isilik geratzetik niri gutxiago ordaindu didatela konturatzerainoko anekdotak ditut. Gogoan dut festa batzorde bateko gazteek deitu zidatela behin bertso poteoan kantatzeko. Gizonezko bertsolari bati eta bioi deitu ziguten, ea libre geunden, eta baiezkoa esan nienean, ez zeukatela diru askorik, ea zenbat behar genuen, saiatuko zirela iristen. Ez dakit zenbat esango nien, baina seguruenik 150 € izango nituen buruan eta badakit esan niela joango nintzela eta gero zeukaten kopuruarekin konponduko ginela. Antzeko elkarrizketa izango zuten noski, bertsokidearekin. Joan ginen, kantatu genuen eta amaitzean lokalera joan ginen kontuak egitera. Bi gutun-azal zeuzkaten bakoitza izen batekin eta azalpenak ematen hasi ziren ahal zutena bildu zutela eta bazekitela gehiago behar zela baina horretara iritsi zirela eta horregatik prestatu zutela gizonezkoaren gutun-azala 150 €-rekin (“esan zenigun bezala”) eta nirea 100 €-rekin. Elkarri begira harrituta geratu ginen biok. Kideak dirua nirekin banatzeko keinua egin zuen, nik esan nien normalean berdin kobratzen dugula, gazteak lotsatu egin ziren, ez zekiten zer egin, eta esan genien lasai egoteko, gero moldatuko ginela gure artean baina jakin zezaten hurrengo baterako».

      «Besteen kopuru bera kobratu dudanetan, batez ere saio ezagun, handi eta kontsakratuetan, nire poz eta ilusioa ezkutatzeko beharra sentitu dut, behin kopuru eder hori jasota; ohituta nengoela adierazteko premia (bestela jaitsi egingo zidaten beldurra banu bezala, aurreko bizipenengatik). Segituan ohartu nintzen, gainera, diru gutxiagorengatik saio bat onartzen genuen bakoitzean, saioen balioa merkatzen ari ginela askoren begietara. Batetik, sentitzen nuen etorkizunean bertsogintzari kalte egitea zela eta, zeharka, baita eskualdeko bertsolari onei konpetentzia desleiala egitea ere. Zentzu horretan bidelagun izan dut bertso eskolako mutil bat, txapelketan puntaraino iritsi ez arren jendeak gustuko hartu eta plazan hasi zelako nirekin batera. Urte hartan eskualdeko jaialdietarako deitu gintuzten eta inguruko beste saio dezentetarako ere bai. Elkarrekin gaia atera izan genuenetan, konturatzen nintzen berak erraz eskatzen zuela guri ondo ordaindua iruditzen zitzaigun 150 €-ko tarifa (ordura arte ia beti doan kantatu izan genuen). Eskatu beharra zegoela, bazegokigula, berarekin hasi nintzen sinesten. Gero, bertsolarien artean gaia ateratzen zenetan, ikasten joan nintzen 200 € esan behar genuela, bestela gure inguruko saioetan 50 € gutxiagoko ordaina ari ginela normalizatzen. Ahalegin kontziente bat egin behar izan dut kopuru hori eskatzeko, totelik gabe esateko entseatuz, neure burua eska dezakedala konbentzituz. Ariketa zaila izan da eta da niretzat. Eta harridura eta inbidiaz ikusten dut nire kide gizonezkoak zein azkar barneratu zuen hori bera. Bi urte geroago, harrituta galdetu zidan: “Nola B tarifan hagoela?, ez haiz A-ra pasatu?, nik dudarik gabe eskatuko niken, badagokin!”».

      «Hasieran diru asko iruditzen zitzaizkigun gutun-azal haiek urte amaieran balantzan jartzean, ohartu nintzen urte osoko ibilera, plazan aritzeko albora utzi beharreko guztia, ibiltzearen gastuak eta urteko ongintzako saioak (edo ordaindu gabeak) berdintzeko, behar zirela, gutxienez, 200 € plaza normaletan. Ibilian ikasten diren gauzak. Eta hala ere, ez nintzen A-ra pasatzeko gai sentitzen».

      «Neure burua bertsolari identifikatzen hasita, plazako lana errealitate bat izanda, lehen balorazio eta planteamenduak sortu ziren. Autonomo egin? Beste lanetan gehiago saiatu eta plazak mugatu? Nik, plazan, ahal bezainbeste saiatu nahi nuen, gustuko nuelako eta dudalako. Baina nire saioko ordainak ez zidan ematen autonomo tarifa ordaintzeko adina. Orduan, A-ra pasatzeko esaten zidaten gertukoenek (eta tarifen sistema nirekin batera ikasi zutenek). Nik ez nuen neure burua A-ra pasatzeko gai ikusten, BECeko jendea dagoelako A-n, sekulako ibilbidea egin dutenak, lorpenez betetako bidea dutenak atzean; nola jarriko naiz ni horien parean? Orduan neure buruari esan nion Txapelketa Nagusia iristear zela eta bigarren finalaurrekora iristen banintzen (orduan zaila ikusten nuen, eta BECera sartzea ia ezinezko) izan nintekeela A. Iritsi nintzen, baina azken saioa gaizki bukatu nuen, beste gorabehera asko nituen kudeatzeko eta ez nuen A-rako pausoa eman. Txapelketan zalantzan jartzera iritsi nintzen bertsolari nintzen edo ez, nire buruari aurrez jarritako sailkapen mugak gainditu arren kontrako epaia sentitu nuelako inguruan. Eta oraindik horri buelta eman nahian nabil, batzuetan indartsu eta beste batzuetan nekez».

      «Denbora, elkarrizketa asko eta babesa behar izan dut A-ra pasa nazaten eskatzeko. Pixkanaka egin dudala uste dut. Nire buruan eliteko bertsolari diren horietako batzuk oraindik B-n daudela edo zeudela jakiteak sentiarazten zidan harrokeria edo errespetu falta zela A-ra pasatzea. Erabakia hartu eta gero ere kezkatu nau: Zer pentsatuko dute puntako A horiek? Iritsi eta nire burua elitetzat izenda dezakedala? Lan bat lehenengo aldiz A tarifan kobratzea eskatu nuen erakunde batek eskatua zelako eta sekulako aurrekontua zuela jabetu ginelako. Lankuko arduradun batekin horretaz hizketan gindoazen kotxe berean gizon bertsolari bat eta hirurok. Esan genion aurrekontuan eskatzeko lasai justua zena, dirua bazela-eta. Berak baietz, eta tarifez ari ginela, dirua bazegoenez nik esan nion arazorik sortuko ez banuen nahiago nuela lan hura A tarifan kobratu. Eta gizon bertsolariak atzera begira: “Nola, ez zarela A-ra pasatu oraindik?”. Eta ez zen harridura soila, zen kezka. Lankuko arduradunak gehitu zuen inork ez duela nire izena tarifa merkeagoagatik eskatzen eta pasatzeko A-ra, ez zidala plaza kopuruan eragingo. Nik hori banekien, nire kezka ez zen plaza kopurua, merezimendu kontua baizik. Galdetu nion ea ni bezalako zenbat zeuden A-n. Izen zehatz batzuez galdetu nion eta, haietako batzuk B-n zeudela jakitean, sentiarazi zidan nik ezin nuela A-n egon, errespetu falta zela sekulako ibilbidea zeramaten haiekiko (nik elitekotzat izanagatik B-n zeuden 4tik 3 emakumeak ziren). Berriz ere ordaina eta aintza, lotuta. Neure burua A-kotzat hartu ezinak eraman nau B-n egotera. Eta azkenean erabaki dut buelta ematea: merezimenduaren ondorio izan baino, apustutzat hartzea. Alegia, ni bertsolaritza lehen lerroan jartzeko prest nago, profesionalki lantzeko gogoa dut eta horretan sakontzeko A tarifan jartzea komeni zait (esaterako, autonomo egiteko). Beraz, A tarifan nago bertsotan onena ematera iristeko. Ez bide hori egin dudalako, baizik bide hori egiteko».

      «Ez da kasualitatea Ez da kasualitatea saio baten ostean sortu izana eztabaida hau, eta han hitz egindako kontuen ostean hartu izana A-ra pasatzeko erabakia (erabakia hartua nuen, baina norbaiten baimen edo autorizazioaren zain nengoen). Saio osteko astelehenera arte itxaron nuen eta Lankura deitu nuen aldaketa egiteko. Aurrez banekien Lankun animatu egingo nindutela eta alde horretatik erosoa izan zen, arazorik ez. Orain A tarifan egiten ditut saio ofizialak, baina onartzen dut kosta egiten zaidala BECeko jendearen aurrean hori justifikatzea (inork arrazoirik eskatzen ez duen arren, nik azaldu beharra sentitzen dut). Hori da orain desaktibatu behar dudana. Ordainak egiten badu aintza, nik bertsoari ematen diodan garrantzia eta dedikazioagatik, neure buruari bertsolari aintza zor diodalako, ordaina opa diot».

 

      Miren Amuriza:

      «2016ko uda ostean-edo proposatu zidaten A-ra pasatzeko. Alde batetik, saio kopuru dezentea neukalako eta, bestetik, distantziagatik; Euskal Herri osoan nenbilelako kantari, eta B-ko tarifa murritza zelako bidai gastuak kontuan hartuta. Hala ere, ez nion neure buruari tarifaz aldatzeko zilegitasunik ematen, maila aldetik, batez ere. Plazako errendimenduagatik baino gehiago, txapelketako emaitzengatik kuestionatzen nuen neure burua, aurreko Bizkaikoan eta Euskal Herrikoan ez bainuen mailarik eman. Beraz, momentu hartan ez nion neure buruari igotzeko baimenik eman. 2017ko Txapelketa Nagusia igarotakoan bai, eta A-ra pasa nintzen. Egia esanda, garai hartan nire diru sarrera gehienak nahiko prekarioak ziren eta alor batzuetan nolabait inbertitzen nuena orekatzeko, beste batzuetan soldata duindu beharra neukala ikusten nuen. Txapelketako emaitza okerragoa izan balitz, nire bertso maila berbera izanagatik ere, ez nuen pausoa emango. Kontraesan bat izango zen, uste baitut txapelketa ezin dela izan balio eskala horretan kokatzeko aitortzen dugun neurgailu bakarra. Hori, Lankuko saioei dagokienez, baina kontratazio zuzeneko beste hainbat saiotan ere (batez ere herrigintzari, euskalgintzari... lotutakoetan) kontraesan handiak bizi izan ditut. Militantzia moduan ulertu izan dut beti nire bertsolari jardunaren parte bat, eta dirua eskatzeko konplexu handiak izan ditut. Eskaintza ez-duinak egin izan dizkidatenean, askotan pentsatu izan dut gure jarduna (saioaz beraz gain, joan-etorriak eta horretarako hartzen dugun denbora) ez dela behar bezala baloratzen, baina ez naiz inoiz ausartu ezer esaten. Nik uste, bi konplexuri buruz hausnartu behar genukeela, batetik, bertsolari bakoitzak, banaka, zergatik sentitzen duen ordain duina eskatzeko erreparoa eta, bestetik, aldaketa egin dugunok eta A-ra pasa garenok zergatik sentitzen dugun hala aitortzeko erreparoa. Gauza askori buruz berba egin dugu gure artean, baina diruari buruz, esplizituki, gutxitan. Kolektibo moduan ere zer pentsatua eman behar liguke».

 

      Onintza Enbeita:

      «Gauza inportante bi nahasten dira diruaren kontu honetan; batetik, gure umiltasun patriarkala eta, bestetik, “kultura, herriarentzat” leloaren izenean esan zaizkigun egia erdiak. Lehenengoari lotuta, asko kosta zaigu geure buruari bertsolariak garela onartzea. Horrek, nahitaez, kobratu dugun dirua baldintzatu du. Ni ez banaiz bertsolari sentitzen, ez badut neure burua besteen parean ikusten, nola aitortuko diot neure buruari prezio duin bat? Zaila da. Dena dago lotuta. Mila aldiz debalde kantatutako herri batetik deitu zidaten behin. Orain dirua zutela eta joateko. Nirekin batera gizonezko bertsolari kontsakratu batek kantatu zuen. Nirea zenbat zen galdetu zidatenean, “bestearena adina” erantzun nuen. Ezetz esan zidaten. Hain eman zidan amorru handia, ez nuen eman zidatena ere hartu. Ez al didazue zeuek esan dirua dagoela? Debaldekoak errespetu gutxi du. Lankuko A mailara pasatzeko, mila aldiz pentsatu nuen. Azkenean, iaz, inguruko bertsolari lagunen eta Lankuren beraren bultzadaz egin nuen. Bada, txapela irabazi nuenean, lasaitasuna hartu nuen, erabakiak zentzua momentu horretan hartu izan balu bezala. Bestela zerbait lapurtzen ariko banintz bezala. 20 urte baino gehiago da plazan hasi nintzela, eta hala ere, txapelak eman dit zilegitasuna neure ispiluaren aurrean. Herrialdeko txapeldun izan gabe edo Txapelketa Nagusiko finalera sailkatu gabe A mailara pasatu diren gehienak gizonak dira. Neskok, plaza kopuru handia egin arren, mila buelta eman dizkiogu, eta nire ustez geure buruari aitortu ez diogun zilegitasun horrek eragiten du hori. Bigarren auziari dagokionez, kultura herriarentzat da diogu. Kontua da inork ez duela kultur teknikariaren soldata zalantzan jartzen, edo irakaslearena. Eta irakaslea ere, herriarentzat ari da. Gauza bat da kultura herriarena izatea eta beste bat, nik nire eguneroko lanean irabazten dudan dirua asteburuan bertso saioetarako bidean gastatzea».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Autonomo egin naizen arte, lotsagarriki gutxi begiratu izan diot diruari. Ez begiratu, ez berbalizatu, ez galdetu antolatzaileei, ez nire lanari preziorik jarri. Aparte zihoan gauza bat bezala bizi izan dut, parte artistikoari bakarrik begiratu izan diot, ez dut lanaren kontzientziarik izan: sartutako orduena, bidaiena, bideko arriskuena... Oraindik badugu artista langilea dela sinesteko zailtasuna, eta hortik ere badator diruarekiko harreman kontraesanezkoa, ziur asko. Neure fakturak egiten hasi naizenean hasi naiz diruari begiratzen. C kategorian nengoenean, Lankukoek deitu izan ez balidate Bizkaiko finalaren ostean B-ra igotzeko, neuk ez nukeen eskatuko. Prezioa apur bat igotzeak nire autoexijentzia eta neure buruarekiko ziurtasuna ere igo egin zituela iruditzen zait. Informazio falta neukan, uste bainuen txapelketako merituek erabakitzen zutela bakoitzaren katxea, eta ez norberak. Iaz ikusi nuen zein bertsolari dagoen maila bakoitzean eta sinetsi ezinda geratu nintzen: A-n Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi baino ez ziren emakumeak (gerora igo dira beste batzuk). Bi baino ez, plazetan geratu gabe dabiltzanean beste hainbat mordoan. Hor ulertu nuen katxearen igoera norberaren erabakiaren baitan utzita, emakumeok galtzen irteten garela. Eta minduta sentitu nintzen, azken urte guztiotan euskal herrietako antolatzaile guztiei eman diegun mezu inplizitua izan delako neska guztiak merkeagoak dira, Maialen (edo Uxue) ez badira. Ez dakit zentzurik baduen mailaketak berak, ulertzen dut bakoitzak zehaztu dezakeela zenbategatik joateko prest dagoen, baina katalogo horrek berak izutu egin ninduen ni. Lankutik kanpo egiten diren bertso saioetan bertsolari guztiei kopuru bera ordaintzen zaie, baina Lankutik egitean —berez askoz ere garbiagoa eta seguruagoa denean hainbat zentzutan—, prezio diferentzia egiten da. Ez dakit zein den konponbide zehatza, baina neure burua A-ra igotzekotan eta erabakiarekin ziur sentitzeko, edo Euskal Herriko finalean sartzen naiz, edo emakume bertsolari gehiagorekin batera pasatuko naiz gora, nire erreferente eta antzeko sentitzen ditudan horiekin. Nahikoa egurtzen dut neure burua, gainera pentsatuz esan dezaketela: “Honek zer uste du dela, A-n egoteko”».

 

 

[8] Lanku (www.lanku.eus) Bertsozale Elkarteko enpresa da, bertsolarien kontratazioaz arduratzen dena. Bertan, bertsolariak hiru kategoriatan banatuta daude, prezioaren arabera. Bertsolarien esku dago haien burua zein kategoriatan kokatuko duten erabakitzea eta, beraz, saio bakoitzeko izango duten ordainsaria finkatzea. Bertsolari berriak C mailatik abiatzen dira eta plazan egindako jauzien arabera proposatu ohi zaie, Lankutik bertatik, kategoriaz igotzea. Badira hainbat lege ez idatzi (iraganeko irizpideetatik datozenak, orain dela zenbait urtera arte bertsolariak txapelketan lorturiko emaitzen arabera sailkatzen baitziren A, B eta C kategorietan) bertsolariak haien burua txapelketan lortutako postuaren arabera sailkatzera daramatzatenak.

            Hauek dira bertsolarien diru sariak saioko:

                 A maila. Gordina: 196,13 €. Garbia: 154.16 €.

                B maila. Gordina: 151,67 €. Garbia: 119,21 €.

                C maila. Gordina: 98,36 €. Garbia: 77,31 €.

            Autonomoak

                 A maila: 263,24 € - PFEZ

                 B maila: 204,42 € - PFEZ

                 C maila: 133,83 € - PFEZ

            A kategorian 31 bertsolari daude, 26 gizon eta 5 emakume —horietatik 3, 2018tik— (emakumeak, % 16,13).

            B kategorian 72 bertsolari daude, 54 gizon eta 19 emakume (emakumeak, % 26,39).

            C kategorian 129 bertsolari daude, 99 gizon eta 30 emakume (emakumeak, % 23,26).

[9] Lankutik kanpo, zuzeneko kontratazio bidez antolatzen da bost saiotik lau. Kasu horietan bertsolariak berak negoziatzen du bere tarifa.