Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

13.
BAZTERKERIA, IKUSEZINTASUNA
ETA GIZONEN ARTEKO ALIANTZAK

 

      Chimamanda Ngozi Adichieren “Istorio bakarraren arriskua” hitzaldi ezagunean, 19 urterekin Nigeriatik AEBetako unibertsitate batera aldatu zenean bere gelakide estatubatuarrari eragin zion harridura kontatzen du idazleak. Ingelesez hain ondo non ikasi zuen galdetu zion kideak, eta nahasita utzi zuen ingelesa Nigeriako hizkuntza ofiziala zela jakiteak. Adichieren musika tribala entzun ote zezakeen eskatu zion pisukideak, eta atsekabetu egin zuen hark Mariah Careyren kasetea jartzeak. Pisukideak uste zuen Adichiek ez zuela berogailua pizten jakingo. Afrikar gisa omisioz eraikia zuen haren irudia pisukideak. Afrikari buruzko istorio bakarra ezagutzen zuen. Pobreziaren istorioa ez beste guztia ikusezina zitzaion.

      Autopertzepzioz hortik urrun gaude emakume sortzaileak —Adichieren beraren autopertzepzioa ere oso zen bestelakoa—. Izan ere, ikusezintasunaren eta bazterkeriaren erroek badakite sofistikatuak bezain sakonak izaten eta, norbera ohartu ala ez, arrastoa uzten dute.

 

      Miren Amuriza:

      «Iazko azaroan bertso afari bat egin genuen gizonezko bertsokide batek eta biok. Otorduak iraun zuen denboran, nire bertsokidea izan zen arreta zentro nagusia; mahaikideen ibilbide eta adin bertsukoa izanik, bera zen haien erreferentea. Hori sarri gertatu izan zaigu baina egun hartan bereziki eman zidan arreta; izan ere, saioa amaitu zenean —saio ona atera zen— nirekin izugarrizko sorpresa hartu zuela adierazi zidan jendeak. Euren espektatibak eta arreta beste bertsolariarenganakoak izanik, ezustean hartu zuten neuk ere gauza interesgarriak esan izana. Gogoan dut nola bazkarian zehar behin baino gehiagotan galdetu nion neure buruari: Zertarako deitu ote didate hauek?, ez bainuen niganako interesik sentitzen».

      «Hiru bertsolari ginen kantuan bertso bazkari batean (beste biak gizonezkoak eta ni baino zaharragoak). Saioaren amaieran koplatan hasi ginen jende artean eta, ez naiz akordatzen bietako nork, baina bietako batek txanda kendu zidan eta bien artean korapilatu ziren norgehiagokan. Halaxe joan ziren kopla batzuk, eurak biak bietara kantatzen eta ni alboan, isilik, ikusezin. Beste momentu batean igual saiatuko nintzen mozten, baina beraien jokoan ez sartzea erabaki nuen. Publikoak ere kantxa eman zien, egia esanda».

 

      Eli Pagola:

      «Bertsokide mutil bat eta biok elkarrekin kantatzekoak ginen sariketa batean. Nik banekien antolatzaileak bazuela nire zenbakia, baina bertso saioa antolatzeko mutilarekin jarri zen harremanetan eta argibide guztiak hari eman zizkion eta hark niri pasatu behar zizkidan. Beste momentu batzuetan adinagatik ere gertatzen dira horrelako gauzak. Sagardotegira gizon bertsolari sagardozale batekin baldin bazoaz bera da jefea eta zu atzetik zoaz, bera delako gizona, heldua eta sagardozalea, eta zu bestea zara, ez zaizu sagardogilea argibideak ematera zuri etorriko... Beste saio askotan ere, denoi tokatu zaigu bestea izatea. Horrek dakarren guztiarekin: zurekin ez daukate konplizitaterik, zerotik hasten zara. Nirekin ez dute izan nire bertsokide gizonezkoarekin izan duten konplizitaterik eta horrek zailtzen dizu erreferentziak bilatzea, ondokoari galdezka hasi beharra... Aldiz, gizonezkoari, sarritan, hark ezer galdetu gabe aldamenera joaten zaizkio antolatzaileak edo bazkaltiarrak eta gauzak kontatzen dizkiote, kontuak esan... Uste dut mutilei askoz tratu gehiago ematen dietela, eta guk bila ibili beharra daukagula, edo gure bertsokideari kontatzen dizkioten gauzei adi egon behar dugu, guri zuzenean kontatzen ez dizkiguten arren datu horiek bertsotarako beharko ditugulako».

 

      Oihana Bartra:

      «Gizonezko bertsolarien artean ez naiz sentitu izan kontuan hartua. Saio osteko solasaldietan isilik egoten naiz askotan, esateko ezer interesgarririk ez dudala sentituta».