Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

11.
BIOLENTZIAREN
NATURALIZAZIOA

 

      Agenteek kokapen sozial bati loturik dagoen gizarte dominazioa barneratzeari esaten zaio biolentzia sinbolikoa (Bourdieu, 2006). Subjektuak ez dira jabetzen azpirakuntza egoeraz, eta gutxiagotasun uste edo ezdeus sentimenduaren iturri izan daiteke. Biolentzia sinbolikoak talde sozialen hierarkizazioari loturik dagoen sailkapen eskemen legitimazioan du oinarria, eta ez da subjektuen arteko menderakuntzan oinarritzen (pertsona bat beste baten gain), ezpada egiturazko dominazioan (kokapen bat beste baten gain).

 

      Miren Artetxe:

      «Oso bereizita dauzkat bertsotan aritu naizen bi garaiak, gaztetxotakoa eta oraingoa. Lehenengo garaiko gauza asko ahaztu ditut; biziraupenagatik, seguru asko. Genero sistemak bizitzan bezala eragin dit bertsotan: inkontzienteki mugimendu marjina mugatu diot neure buruari. Erreferenteak falta zitzaizkidan, eta kontzientzia hartzera iritsi nintzenerako neure burua asko mugatu nuen eta zuten (kanpotik eta barrutik). Adibidez, feminitatea bizitzeko modu kontraesanezkoa eta gatazkatsua izan dut. Gatazka saihesteko feminitatea ezabatzera jo izan dut. Autoritatearekiko joko berezi bat ere bai, ez-sanoa, aldi berean onarpen bila eta onarpenari uko eginez, eta ukoan berean onarpen eske. Praktikan, nire lekua zein den konstanteki gogorarazi didatela sentitu dut. Hasierako garaian, Xenpelar eta Lizardi sariketak irabazi ondoren plazak egiten hasi nintzenean, 16-17 urterekin praktiketako bertsolaria nintzen, gaztea, hasiberria. Ikusten nuen bazela mundu bat ni parte ez nintzena eta parte izan nahi nuena. Adierazten zidaten ateak zabaltzen zizkidatela neska nintzelako eta Iparraldekoa nintzelako eta horrek kontzientziako karga eragiten zidan. Baina interpretatzen nituen desautorizazio horiek guztiak legitimatu egiten nituen nik ere sinesten nuelako praktiketan nengoela eta, bestetik, feminismoa ez neukalako orain bezala barneratuta eta, feminista kontsideratzen nintzen arren, niretzat feminismoa zelako besteen arazoak konpontzen zituen mugimendu bat, ez ni zeharkatzen ninduen zerbait. Gainera, idealizatuta neukan bertso mundua: mundu horizontal eta kolaboratiboa zela uste nuen. Horrek guztiak eragiten zidan ez identifikatzea biolentoa izan zitekeen guztia. Horren ordez, nire gain hartzen nuen deserosotasunaren ardura osoa, eta aldi berean naturalizatu eta neutralizatu eta are, justifikatu ere egiten nuen biolentzia. Garai hartan ez nituen bereizten gazte bezala, emakume bezala eta bazterreko bezala jasaten nituen biolentziak. Biolentzia horiek ez nituen beren artean bereizten eta, gainera, ez nituen identifikatzen biolentzia modura. Horregatik, oraingo perspektibatik biolentzia hartaz hitz egitea zaila egiten zait, ze, jasaten nuen momentuan ez nuen identifikatzen eta estali, ezabatu eta ezkutatu egiten nuen eta kosta egiten zait orduko egoera biolentoak memoriara ekartzea, banaka etortzen zaizkit. Ahaztu egin ditut, bizirauteko».

 

      Ane Labaka:

      «Sinistera iritsi nintzen egia zela diskriminazio positiboarena. Esan izan dut neska izateagatik nire adinkide mutilek baino aukera gehiago izan ditudala. Eta ez da egia! Ume mokoa nintzenetik hitzaldiak ematen ari naiz, formatzen, irakurtzen, emanaldi bereziak sortzen, aliantzak josten, teknika lantzen... Baina inguruak transmititzen zidan pribilegiatua nintzela, eta barneratuta eduki dut zenbait urtez. Eta orain diot: “Aukera gehiago? Lana eta buruhausteak bai gehiago”. Txapelketatik kanpo gelditu nintzenean, etsi beharrean, beste bide batzuetatik sortzen jarraitu nuen. Txapelketaren bide orritik kanpo ez dago egituraturiko ezer, basamortua da. Eta basamortu horretan zerbait sortzen saiatzen zarenean, batzuek ulertzen eta txalotzen dute baina beste batzuek ez. Zegokizun tokian egin ez izana egotziko dizute: “Bazenekien non egin behar zen zer, eta ez zenuen egin”. “Nolatan eman diozu zeure buruari hortik kanpo ekiteko baimena?”. “Zergatik sortu duzu zuk emanaldi berezi bat?”... Ez didate ezer oparitu».

 

      Maialen Akizu:

      «Uste dut autentikotasuna, benetakotasuna dela bertsotan gehien preziatzen den balioetako bat eta, niri, faltsu gelditzen zaizkidala nire itxura eta nire diskurtsoa. Denbora batean, bertsoa gorputzetik, bizitzatik kanporako zerbait bailitzan ulertzeagatik izan dela esango nuke».