Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

1.
AKATSA BARNERATZEA
(EZ FUNTZIONATZEAREN SENTIPENA)

 

      “Emakume intelektuala beti ahalegintzen da gizon portatzen” idatzi omen zuen Rousseauk. “Idazle onak, egiaz, gizona izan nahi luke”, utzi digu Katixa Agirrek Amek ez dute eleberrian. Chelsea Quinn Yarbro nobelagilearen hitzak jasotzen ditu Joanna Russek Nola ezabatu emakumeen idazketa liburuan: “[idazteagatik] Nire feminitatea ukatzen ari nintzela esan zidan psikologoak; bekaitza niola zakil maskulinoari, eta ondo egoteko behar nuena larrua jo ziezadatela eta haurdun gelditzea zela”.

      Bertsolari bezala ez funtzionatzea eta emakume bezala ez funtzionatzea bi zama dira emakume bertsolarientzat, bi zama sarritan kontraesanezkoak: bertsolariari baloratzen zaiona zigortzen zaio emakumeari; emakumeari baloratzen zaiona zigortzen, bertsolariari. Traba egiten diote elkarri, kontrakarrean eraikitako identitateak bailiran.

 

      Amaia Agirre:

      «Bertsotan hasi nintzenean gaur egun minera eta zalantzara bultzatzen nauten balioak nabarmentzen eta goraipatzen zizkidaten: umore lizuna, ausardia eta lotsagabekeria. Arrankea eta ez kikiltzea. Plazetan aurrera egiteko baliagarri izan zaidana oholtzaz kanpora nire kontra etorri da. Boomerang efektua da sentitzen dudana. Besteen begietan orain ez dut miresmen handirik sumatzen, eta horrek izugarri eragiten dit».

      «Kanonetik kanpora ibiltzeak pasada txarrak jokatu dizkit bertsotan. Hala ere, ni ez naiz desegokia sentitu. Bai, ordea, azken urteotan. Lekuz kanpo askotan, ezin asmatu, ezin iritsi».

      «Lehen (ustez) ondo egiten nuena da orain (ustez) gaizki egiten dudana. Ez dakit irakurketa aldatu den, baina bai irakurketaren gaineko balorazioa».

      «Lehorra eta zakarra naizela entzun dut mila aldiz, eta askotan hala izango nintzen, baina aldatu naizela uste dudanean eta lasaiago eta goxoago nagoela uste dudanean ere berdina entzun izan dut. Enkasillatuta eta katalogatuta sentitu naiz askotan».

      «Min eman dit femeninotik ezer ez dudala entzuteak».

 

      Jone Uria:

      «Nik, itxura batean, ez dut enkajatzen emakume goxo sentiberaren estereotipoan, eta uste dut horrek zenbait jende despistatu izan duela. Apur bat arraroa naizela uste dut, ez dudala ez estereotipo femeninoan ez maskulinoan erabat enkajatzen, eta horrek deskolokatzen duela apur bat jendea: niri umoreko gaiak jartzen dizkidate gehien, ez naukate sentiberatzat, ez daukat kantaera goxoa...».

      «Serioa naizela esaten didate, hotza, bordea... Baina konfiantzan umoretsua eta sentibera naiz».

 

      Eli Pagola:

      «Uste dut kolpeko bertsolaria izateak balio duela eta funtzionatzen duela, batez ere, gaztea zarenean. Hasten zarenean 16 urterekin eta deitzen dizutenean herriko jaialdian kantatzeko, eta figura handi guztiekin zoazenean, horra azaltzen zara eta jendeak ikusten du: “Hara! Ez da kikiltzen!”. Horrek emaitzak ematen ditu hasieran, baina gero ezin duzu erabat hortik jo, aldiro horren menpeko izan; bertsoa ez da horretarako bakarrik. Baina hori entrenatu duzunean eta emaitzak eman dizkizunean, hainbeste errepikatu duzu hori, gero hortik ateratzen kosta egiten da. Saio batera joan eta saiatu nahi baduzu hori ez egiten, suabeago kantatu nahi duzulako edo inori harpa jotzeko gogorik ez duzulako, sentitzen nuen publikoak ez zidala onartzen beste bide batetik jotzea. Batez ere landa eremuan. Txinga eroaleen ondoren, aizkolarien aurretik eta idi dema baino lehen... ez baduzu egurrik ematen eta jendeak zutaz irudi hori badu, “gaur flojo aritu zara” eta halakoak esaten zizkidaten. Uste dut momentu batzuetan monigote sentitzen nintzela: neska gazte bat, joan eta egurra partitzen zuena. Eta hori egiten ez nuenean ez zuten nahi, eta horrek eragin zidan, ze ni berez pertsona lotsatia naiz, eta, umoretsua naizen arren, ironikoa, doako kolperik eman nahi ez dudanetan ez dut mugimendu marjinarik sentitu. Porrot gisa hartu izan didate».

 

      Ane Labaka:

      «Beldurra ematen dit neska gazte kategoria galtzeak, hala tratatua izatea amorragarri izan zaidan arren. Baina adinean aurrera noa eta neska gazte izateari uzten diodanean zer izango naiz? Gai jartzaileek hala irakurri izan naute eta jarri izan dizkidaten gaiak halakoak izan dira. Asko kantatu dut sexuari buruz, harreman erotikoei buruz, mutil gazteekin normalean. Azken urteetan feminismoari buruz ere galdetu didate asko; baina hortik kanpora ez dut uste beste erregistrorik aitortzen zaidanik».

 

      Miren Artetxe:

      «Eguraldi emakumearena gertatzen zaigula ematen du: gizon bertsolaria zaharra izan daiteke, baina emakumeak, orain arte, badirudi ezetz. Gogoratzen dugunaren arabera, plazan aritu diren emakumeak beti izan dira gazteak, eta zahartu ahala utzi egin dute. Beti baloratu izan zaie freskotasuna, gaztetasuna, edertasuna... Zahartu ahala utzi izanaren arrazoiak zeintzuk diren... Agian utzi dute deitzen ez zietelako, interesa galdu dutelako txortagarritasuna galtzearekin batera. Ez dakit. Niri alderantziz gertatu zait: adinak zilegitasuna eman dit. Orain askoz ere erosoago nago. Nik ikusten dut neure burua berrogei urterekin plazan, errazago, hogeita birekin baino. Baina hirurogeirekin... ez dakit. Ez dakit proiektatzen. Ez dakit zer den hirurogeita bost urteko belaunak edukitzea, hirurogeita bost urteko indarra, ardurak, entusiasmoa, testuingurua... Baina uste dut lortu behar dugula plazan gabiltzan neska batzuek behintzat irautea luze, normaliza dadin emakume bertsolari helduaren figura».

 

      Onintza Enbeita:

      «Oholtzan negar egiten dudanean neure burua zigortzen dut, eman nahi ez dudan irudia ematen dudalako. Ezin dudalako neure burua kontrolatu».

 

      Oihana Bartra:

      «Emakume bilbotarra izanda Gipuzkoako zenbait plazatan eta landa eremu batzuetan ez ulertua, ez baloratua sentitu izan naiz. Sentitu izan dut zu ez zara gutako bat, zu ez zara benetako bertsolaria. Oso gogoan dut 2017ko Txapelketako Leitzako saioa: frontoia lehertzear zegoen, sekulako giroa, eta nik kantatzen nuenean sentitzen nuen txaloa asko hozten zela. Angustia bizi izan nuen. Ez zuzenean emakume izatearekin bakarrik lotuta, nire bertsolari izate osoarekin baizik».

 

 

1.1.
AHOTSA

 

(...) baina oraindik txikia naiz ta

ahotsa daukat makala,

haundi egitean kantatu nahi dut

atzeko hoiek bezala.

Arantzazu Loidi, 1990,

Ordiziako bertso jaialdia

 

      Atzekoak gizonak ziren. Loidiren ahots finak eragindako deserosotasuna aspaldiko kontutzat dugu, gaur egun ez du inork emakume ahotsa zuzenean bertsotarako okertzat joko, baina testigantzetan arakatuta, badago oraindik akatsera hurbiltzen den zer edo zer. Ahots irakurketa gorputz irakurketa da, eta gorputz autorizatuen eta ez-autorizatuen berri ematen digu. Ahots zuzenak edo ahotsa erabiltzeko modu zuzenak maskulinitate hegemonikoa edo feminitate egokia errepresentatzen dutenak dira, baina, bigarren kasuan, egokia izanagatik mugatua dateke ahots femeninoa, egokitasunetik kanpo geldi daitezkeenez gero hainbat erregistro, erabilera edo funtzio.

 

      Oihana Iguaran:

      «Bertso eskolan beti nintzen ni bertso sortak kantatu ezin zituena. Denak mutilak ziren Amaia Agirre eta ni izan ezik, eta Amaia ere ahots grabeagokoa. Euren tonuan hasten ziren eta nik ezin nuen kantatu. Ahotsa urratzen nuen grabeegi edo altuegi kantatzeagatik. Neutrotik kanpora nengoela sentitzen nuen eta ahotsa kiskaltzen nuen besteenera egokitzen saiatuz».

      «Nire ahotsarekin, oro har, erantzun ona jaso dut plazan. Baina ahots ahula dut, nekatu egiten zait. Jendea erretzen ari bada edo espazio handietan agortu egiten zait. Polita baina ahula: ederra kanturako baina bertsotako martxari eusteko ahula. Mikrofonorik gabeko saio batek porru eginda uzten nau eta pentsatu izan dut orain dela urte asko jaio izan banintz, megafoniarik ez zegoen garaian, ezingo nuela bertsolari izan, Otaño-eta bezala, ez nintzelako iritsiko potentzia horretara. Gainontzean, beti onerako nabarmentzen zait, baina batzuetan azpimarra horrek amorratzen nau badirudielako edukiari kentzen ari zaiola, nire sormen lanari kentzen ari zaiola. Azpimarra handia jarri didate ahotsean, eta ez dut hainbeste entzun halakorik esaten ondo kantatzen duten gizonei buruz, ez zentzu berean. Ez dut nire ahotsa ezkutatzera jotzen, ez dut nahita tonu grabeago bat hartzen disimulatuago geldi dadin; balio didan apurrean luzitzen saiatzen naiz. Agurretan, bakarkakoetan, goxotik ari naizenean, luzimendurako tartea hartzen dut, neure buruari kantuarekin gozatzeko aukera ematen diot, nire ahotsa entzunarazi eta entzuten dudan bitartean arnasa ematen diot. Umorean, zortziko txikian, kopletan, puntutan... moztera edo etetera jotzen dut; ohartzen naiz nire ahotsak errazago funtzionatzen duela tonu serioan, sakonean, gozoan... Umorean, kide batzuena —mutilak gehienak— baloratuagoa da, grazia egiten dute ahoa zabaltzerako, batez ere ahots tinbre jakin bat dutenek. Bada tinbre mota bat, gorputz mota batekin lotzen dena, geografia jakin batekin eta euskalduntasunaren eraikuntza jakin batekin, bertsotan eta umorean bereziki erraz sartzen dena, tradizio batetik datorrelako, ondo deskodetzen dena. Aipatutako geografia jakin horietan, euskalduntasunaren eraikuntza jakin horren bueltan, bertsotan baino azpiratuago sentitu izan naiz hizketan. Hizketan nire ahotsa entzunaraztea asko kosta zait. Bileretan, lagunartean... Logopeda batek esan zidan nire tonua baino grabeago hitz egiten nuela eta horrek sortzen zidala nekea ahotsean, erredura eztarrian. Emakume askori entzun diot. Nire kasuan garbi daukat tonua jaisten nuela autoritatea eta ahotsa lortzeko».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Ez daukat harreman ona nire ahotsarekin, ohartzen bainaiz nik kantatzen dudanean teknikariak bolumena igo behar izaten diola mikroari, ez daukadala potentziarik, eta sentitzen dut nire mezua helarazteko eta seriotzat hartzeko ahalegin hirukoitza egin behar dudala. Ez zait gustatzen nire ahotsaren tinbrea, urduri nagoenean ez dut ongi intonatzen eta plaza jateko ez daukat ahotsik onena. Gazte tinbrea daukat, ez da kantariña ere, hizketan ari naizen bezala kantatzen dudala iruditzen zait».

 

      Miren Artetxe:

      «Iparraldekoa naiz eta gure jolasgaraietan jendeak kantatu egiten zuen, batez ere barnealdekoek, eta oso ondo kantatzen zuten. Miretsi egiten nituen, asko gustatzen zitzaidan nola kantatzen zuten. Nik ez nekien bigarren ahotsak haiek bezain ondo egiten, nik goitik bakarrik nekien eta haiek goitik, behetik, ezkerretik eta eskubitik. Gainera, jabetzen nintzen ez nekiela kantatzen, bertsotarako egiten genuena ez zela kantatzea. Bi gauza diferente zirela. Nik bertsotan, oraindik ere, ez dut kantatzen. Gustatuko litzaidake abesten jakitea, baina bertsotan egiten dudana ez da hori eta, gainera, bertsotan ez dut abestu nahi. Eta jarraitu nahi dut ez-abesten. Nire ustez, bertso batek kantatuegia bada indarra gal dezake. Niri gustatzen zait erdi errezitatua, erdi kantatua den bertsoa. Badu bere punch-a. Beste erregistro bat da, baina erregistro bat, azken finean. Ez dut modu lirikoan abestu nahi atseginagoa izateko, kantuagoa izateko. Ondo iruditzen zait aukera hori ere, baina ez da nirea. Badu zerikusia kokapenarekin: zerk nahi duzu luzi dezan? Nik ahots atsegin bat nahi dut, ondo kokatua, bertsoaren zerbitzura egongo dena, nire gorputz jarrera eta aurpegiera bezalaxe. Hemen nago lasai bat, eta ez hemen nator zuek jatera bat, indarra erakutsi beharra —nahita ere ezingo nuke—... Bi kantatzeko modu dauzkat nik bertsotan: bata, indarra adierazten duen bertsokera, mikrorik edukiko ez banu bezala; eta bestea, erosoagoa zaidana baina oraindik performatu ezin dudana, nire iritziz, genero-perspektibatik ere gaizki irakurtzen delako, mikroa dugunez zertarako buila egin modua. Ni askoz erosoago nago suabe eta baxu kantatuz. Mikroaren bolumena igo behar bada, egin dezala teknikariak. Abeslari batek esan zidan niri bertsoa erori egiten zitzaidala eta, alde batetik, ulertzen dut bertsoak bere formatuagatik behar duela autoafirmaziotik, batez ere tonu eta erritmo aldetik eutsiko dion pertsona bat, erortzen utziko ez diona. Ados. Baina, aldi berean, iruditzen zait mila kantaera daudela esploratzeko. Mikroa daukagu, nahi dugun bezala kanta dezakegu, eta ez dugu geure burua behartu behar ahotsean ere indarra erakusteko. Horrela kantatzeko hautua egiten dudanetan, jendeak gogo edo grina falta modura irakurtzen du. “Ez zenuen irabazi nahi, ezta?”, esaten zidaten Xilaban kantatu ostean; “Ez duzu sinesten bertsotan ondo egiten duzunik”. Amorrua ematen dit irakurketa horrek, uste dudalako oholtzan egoteko nire modu fisikoari eta ahotsa erabiltzeko moduari lotuta dagoela. Nire hautuak ez dauka zerikusirik gogoarekin edo anbizioarekin. Niretzat autoafirmazio ariketa bat da jendeak espero duen bezala kantatu beharrean eroso sentitzen naizen moduan kantatzea».

 

      Maddalen Arzallus:

      «Nire ahotsarekin harreman handia daukat, egun guztia ematen dut kantuan. Ahots sendoa eta indartsua daukadala iruditzen zait, ozena, eta ni nire ahotsak inoiz ez nau ahuldu, alderantziz, nire armarik handienetako bat da».

 

      Jone Uria:

      «Emakume izateko ahots grabeegia dudala iruditzen zait, baina ez nuke esango kantaera maskulinoa dudanik ere. Bertso mundutik kanpo, ikerkuntzan esan izan didate monotonoegi hitz egiten dudala».

 

      Onintza Enbeita:

      «Nik ez daukat neska bati dagokion ahotsa, ez dut goxo eta polit kantatzen, ahal dudan bezala kantatzen dut. Ez daukat ahots ona, eta urteekin erregistroak galdu ditut, gainera. Doinu batzuetan ez daukat puntua amaitzeko indarrik. Denetik esan didate: desafinatu egiten dudala, ez daukadala erritmorik, ez dudala ondo kantatzen, bertsotan ez beste zerbaitetan aritu behar nukeela... Uste dut ahots hauskorra dudala, eta horrek eta negar errazekoa izateak sentikorregia egiten nautela bertsolari izateko».