Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

20.
EMAKUME IDENTITATEAREN ZAILTASUNAK

 

      “Guk ere ez al dugu, Katixa, gure izen-abizenen ondotik emakume hitza mandeulia bailitzan uxatu behin baino gehiagotan? Zergatik?”, galdetu zion Eider Rodriguezek Katixa Agirreri 2009an Argia astekarian “Ni ez naiz feminista” artikuluan. “Nik normala izan nahi dut. Ez mehatxu bat, ez arrisku bat, ezta salbuespen edo bitxikeria bat ere. Eta horretarako ez dut hurrengo bizitzara arte itxaron nahi, ez baitidate inon bermatu hurrengo berraragiztatzean zakil handi batekin eta baritono ahots indartsuarekin jaioko naizenik” erantzun zion Agirrek “Troiako behorrak” izenekoan. Emakume hitza arantzatsua da, borroka sortzen du sortzailearen baitan. Kategoria horretatik ihesi edo kategoria horrekin gatazkan ari dira sarri emakume bertsolariak ere. Monique Wittigen hitzetan, “emakume hitzak ez du esanahirik pentsamendu-sistema heterosexualetan eta ekonomia-sistema heterosexualetan baizik” eta, ondorioztatzen du: “Lesbianak ez dira emakumeak”. Bollera identitatea indarra hartzen ari da bertso-munduan.

 

      Maddalen Arzallus:

      «Nire burua ez dudanez ia-ia emakume kategoriaren barruan sailkatzen, nire barne bizipenetan ez dut ikusten emakume/gizon kategoriarik».

 

      Ainhoa Agirreazaldegi:

      «Aipatuko nuke emakume hitzaren pisu astuna bertsotara eramanez gero, emakume identifikatzen baldin bazara edo identifikatzen baldin baduzu pertsonaia bat, beste bertsolari batek euskaldun behin eta berriro esanda, edo langile esanda, edo dena delakoak pisatzen ez duen bezala... berdin da nola irakurritako emakumea zaren, emakume zarela esaten baldin baduzu pisua da, astuna da, nekagarria da, traba egiten du».

 

      Oihana Iguaran:

      «Amorratzen ninduen bertso eskolan kritikatzen zintuztenean [Uxue] amatasunaz kantatzeagatik edo feminismoaz kantatzeagatik... Nik defenditu egiten zintudan, ohartzen nintzelako neure burua zela defenditzen nuena, nire eskubidea defendatzen nuela nahi nuenaz kantatzeko eta emakume edo feminista edo ama identitatetik kantatzeko. Zergatik ezin du emakume batek bere seme-alabez kantatu (pisu gertatzen delako) eta gizon batek bai (eta gozoa da)?».

 

      Oihana Bartra:

      «Garai batean asko esaten nuen ni oso mutil sentitzen nintzela. Uste dut horrekin esan nahi nuela feminista nintzela, baina oso desordenatuta neuzkan ideiak [barrez]. Horrekin esan nahi nuen banintzela gai mutilek egiten zituzten gauzak egiteko (mutila izateak gai izatea adierazten zuen niretzat) eta haiei egozten zitzaizkien ezaugarri asko nik ere banituela (nik ere banekiela futbolean, ni ere gai nintzela hitza hartzeko talde handi batean, nik ere eduki nezakeela arrakasta soziala...). Uste dut hortik abiatzen dela nire bizipena, eta bertsotan ere hala sentitzen nintzela: oso mutil, oso mutilen arteko, nik ez nuen sentitzen ezberdina nintzenik ez arazorik zegoenik neska izateagatik... Kontua desproblematizatu egiten nuen, desproblematizatu egin nahi nuen neure buruari joko hori eginez. Ondorioz, nahiko era maskulinoan janzten nintzen, bai hori zelako —hasi nintzenean— bertso munduan ondo ikusia zegoena eta bai, bestela ere, nahiko maskulino janzten nintzelako. Baina bertso eskolara bereziki maskulino joaten nintzen, txandala bertso eskolarako erreserbatzen nuen. Ilea ere larru arras ebakita neukan. Demostratu beharra sentitzen nuen ez nintzela pija, borroka nintzela, euretako bat, eta horretarako nire feminitatea estaltzeko beharra sentitzen nuen. Ordutik eboluzio bat izan dut, gaur egun nire janzkera ordukoaren aldean bestelakoa da, baina oraindik ere, guapa joan nahi dudan arren, batez ere, diskretua izan nahi izaten dut, bereziki egun markatuetan: txapelketetan, kamerak daudenean... Ez nabarmendu, guapa joan baina neurrian, arreta handirik piztu gabe, nahi dudalako jendearen gustuko izan baina, aldi berean, gorputz onartu bat izaten jarraitu”».

 

      Maider Arregi:

      «Ilea modu jakin batean eramatea (luze, garbi...) feminitate marka garrantzitsua iruditzen zitzaidan. Eta horregatik moztu nuen. Aurretik ere hartuta neukan ezaugarri femenino batzuei uko egiteko erabakia (belarritakoak, depilatzea...), baina ilea larru arras moztea pauso handiagoa zen, edo hala iruditzen zitzaidan.

      Min eman zidalako egiten nion uko feminitateari. Gizonentzat objektu sexuala izatearen sentsazioa, beste neska batzuekin lehian ibili izanarena, ispilu aurrean gaizki pasatu izanarena... Karrerako lehenengo urtean, kuadrilla feminista bat egin genuen, eta aurreko urteetako minez hausnartuz, ileak mozten, janzkera aldatzen... hasi ginen. Horrekin batera, heterosexualitatea zalantzan jartzen eta bollera bihurtzen hasi ginen, gure desirak aldatuz. Gero, lagun bollera gehiago egin genituen eta gustura genbiltzan giro horretan.

      Ez genuen neska gazteak izan nahi. Baina ez da hain erraza neska itxurari ihes egitea. Prozesu hori guztia bizi bitartean, ni bertsolaria nintzen eta oholtza gainean kantatu behar nuen noizbehinka. Adibidez, Gipuzkoako Txapelketan. Nik uste nuen ile motza izanda automatikoki bollera bezala irakurriko nindutela. Baina orain pentsatzen hasita, agian ez. Zeren saio motaren arabera, ez nintzen janzten eguneroko moduan. Mozorrotu egiten nintzen, eta arropa femeninoagoak janzten nituen, normalean baino. Hori egiten nuen txapelketan, sariketetan... Saio formalenetan. Eta horrela janzten nintzen nire amari, izebei, amonari... gustatzeko. Ez gizonei gustatzeko, niri horrek ordurako ez zidan inporta.

      Nik femenino izateari uko egin nahi nion, baina ez da hain erraza. Argala izaten jarraitzen nuen, aurpegi polita... Jendeak nigan neska gazte potentziala-edo ikusten zuen.

      Arropak eragin egiten zuen nire bertsokeran. Ni berez bizitzako fase makarra batean nengoen, baina soineko bat jantzita irteten nintzen oholtzara eta horrek kantatzen nuena ere aldatu egiten zuen. Adibidez, hausnarketa sakonak egitea irteten zitzaidan. Eta eguneroko sudaderarekin irten banintz oholtzara, beste jarrera batekin irtengo nintzatekeen, edozein tontakeria kantatzea errazagoa izango zitzaidakeen. Saio informaletara egunerokoan bezala jantzita joaten nintzen, maskulinoago, zarpailago, eta erosoago sentitzen nintzen horrela. Niretik kantatzen nuela sentitzen nuen. Umorea egitea, adibidez, askoz errazagoa egiten zitzaidan.

      Feminitate markei uko egiteak eta bollera bihurtzeak aldatu egin zuen bertsolari gizonezkoekin neukan harremana, batez ere bertso eskolakoekin. Bat-batean ohartu nintzen heteroa nintzenean nolabaiteko tonteotik erlazionatzen nintzela beraiekin (bertso eskolan librean kantatzen genuenean, batez ere). Eta ja kode horiek ez zeukaten zentzurik, ze niretzat beraiek ez ziren desiragarriak eta ni beraientzat ere hainbeste ez. Eta konturatzen nintzen esaten zuten ia ezer ez zitzaidala interesatzen, eta ez neukala entzuteko gogorik; eta heteroa nintzenean, entzuten niela euren gustukoa izateko edo.

      Baina nekatu egin nintzen. Orain berriz ile luzea daukat, ez daukadalako borrokarako gogorik. Batzuetan pentsatzen dut berriz moztu beharko nukeela. Baina indartsu egon behar du batek, eta indar kolektiboa behar du batek berarengandik nahi dutenaren aurka borrokan ibiltzeko».