Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

18.
NORBERAREN BURUA
ERREAKZIOZ ERAIKITZEA

 

      Danele Sarriugartek Eider Rodriguezi Hitzen Uberan-erako egindako elkarrizketa batean (2018) hau zioen oreretarrak: “Zer espero dute emakumezko idazle batengandik? Gordina izatea. Hori da modua, bestseller-etik aparte geratzen den literatur sistematxo txiki horretan peaje hori ordaindu behar bagenu bezala. Erreakzio bat da, azkenean idatzi behar dugu ama abandonatzaileei buruz, destroia den jendeari buruz, zergatik eta gugandik espero dutelako pastelak egitea, ulerberak izatea eternalki eta inolako aurreiritzirik gabe, eta lańoak izatea, eta light. Uste dut hori baino askoz gehiago daukagula emateko”. Norberaren bertsokera, portaera, janzkera... erreakzioz eraikitzea bestetasunaren sintoma da sarri.

 

      Oihana Bartra:

      «Naizena baino axolagabeagoa, makarragoa dirudit bertsotan. Izan, askoz exijenteagoa naiz. Erakusten dudana baino sentiberagoa ere banaiz, autozentsuratu egiten dut sentiberatasuna. Modu kontzientean saihesten dut sentimentalismotzat, goxoegitzat jo daitekeen guztia. Badakit emakume izateagatik aurresuposatu egiten zaidala, eta uko egiten diot».

 

      Alaia Martin:

      «Aurrez inondik ezagutzen ez ninduten entzuleek normalean neskatxa gazte gisa deskodetu izan naute, eta testuinguru horietan ohi baino garagardo bat gehiago edaten saiatu naizela uste dut, eta botila muturretik. Uste dut itxuragatik batek baino gehiagok pentsatuko zuela talentu aldetik nabarmentzeko inongo asmorik gabe nindoala saiora, nire lekua zentrala ez dela baneki bezala. Kasu horiek ez zaizkit bortitzak egin, itzaltxo horretan eroso sentitu izan naiz, eta saiatu izan naiz sentipenok detektatutakoan, barne ariketa egiten saioa hasi aurretik eta pisu eta ardura handiagoa hartzen saioan, sentipen hori iraultzeko. Nola? Bertsotan neu hasita, jaialdien kasuan lehen aulkian eserita...».

 

      Oihana Iguaran:

      «Parranda giroko gai gutxi jarri izan dizkidate. Heldu eta arduratsutzat hartu ninduten hasieratik, nik ez dut izan desfasatu erregistrorik sekula. Batzuetan neuk atera izan dut, nahita, bai gugandik espero dena puskatze aldera, bai posibilitate hipotetikoak irekitze aldera. Sentitu dut kontsideratzen nautela heterosexual; hor ere hasieran puskatzera edo duda sortzera jotzen nuen baina gero izan nituen nire kontraesanak, sentitzen nuen sobran zegoela egiten ari nintzen joko hori. Gogoa ematen zidan, nola nik ezer esan gabe heterotzat jotzen ninduten, duda hori sortzeko, baina gero ikusten nuen ez zeukala zentzu handirik».

      «Erraietakoa naiz, eta gardena, sentitzen dudana adieraztekoa, baina bertsotan ari naizenean intimitatearen atea eta sentimenduena... itxi egiten ditut askotan. Batzuetan nahita eta beste batzuetan superbibentziaz».

 

      Ane Labaka:

      «Kezkatu izan nau oholtzan ematen nuen kanpo irudiaren —bai ahotsez, bai gorputzez— eta nire nortasunaren artean zegoen aldeak. Nintzena baino askoz seguruago agertzen nintzen jende aurrera. Distortsio handia zegoen plazako irudiaren eta etxean naizen tremendista dramaqueen-aren artean. Bertsolari gisa bakarrik ezagutzen ninduen jendea harritu egiten zen nire zaurgarritasunarekin. Distortsioa eta talka zegoen ni intimoaren eta publikoaren artean. Azken urteetan ari naiz neure buruari baimena ematen Ane zaurgarriago hori ere oholtzara eramateko. Segurtasun irudiaren eraikuntza bertso eskolako mutilen aurrean nik ere banezakeela demostratu nahi izatetik ere badator. Haiek bezain segurua izan nintekeela erakutsi nahi nien. Bertsolaritza segurtasuna transmititzearekin lotzen nuen umetatik, eta nire mezua beti zen hemen nago ni».

      «Nire ahotsarekiko harremana aldatuz joan da zaurgarritasuna eta segurtasuna bizitzeko moduak aldatu ahala. Plazan deseroso sentitzen nintzenetan ahotsaren atzean ezkutatzen nintzen. Zenbat eta izutuago, orduan eta segurtasun handiagoa proiektatu nahi. Ahots ozenaren atzean gordetzen nuen traba egiten zidan guztia, beldurtzen ninduen guztia. Ia builaka kantatu izan dut batzuetan. Plazan beste era batera egotera ausartu naizenean, ahotsa gorputzarekin batera moldatu zait. Beste era batera erregulatzen dut, ez dut hain ozen, hain ziur, hain modu indartsuan eta etenean kantatzeko premiarik sentitzen orain».

 

      Onintza Enbeita:

      «Bertsotan friboloagoa eta azalekoagoa naiz egunerokoan baino. Uste dut inteligenteagoa eta kultuagoa naizela bertsotan ematen dudana baino. Bertsotan ematen dudan irudia izan daiteke lodi alaiarena; egunerokoan zorrotzagoa eta serioagoa naiz. Maitasunarekiko gogorrago agertzen naiz bertsotan, gutxi inporta balit bezala. Amatasunaren gaiak ere buruhauste gehiago ematen dizkit egunerokoan oholtzan adierazten dudana baino. Ahultasuna estaltzera jo dut bertsotan, mina ematen didaten gaiak edo zaurgarri bihurtzen nautenak saihesteko tresnak garatu ditut».