Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

22.
“FESTARA GONBIDATUAK”
ETA “GURE FESTA”

 

      Zadie Smith idazle ingelesak “Lotsaz, amorruaz eta idazketaz” elkarrizketan multzo menperatuen ahalduntzearen aurrean talde dominatzaileek sentitzen duten amorruaz hitz egiten du; kasu horretan beltzez eta zuriez ari da. Black Lives Matter bezalako aldarri batek zenbait kolektibo zuri asaldatzearen arrazoiaz hausnartzen du eta esaten: “Hain probokatzaileak iruditzen zaizkie hiru hitz horiek, erotu egiten baitira. [...] Zer gertatzen zaio jende zuriari kanpo uzten duen edozein kolektibitate desafiatzailetzat hartzeko? Uste dut dela... segurtasun falta... jeloskortasuna... eta banitate moduko bat, espazio guztietan parte izan behar dutela sinetsarazten diena. Zergatik bihurtzen da hori amorru? Bihur zitekeen beste zerbait; esaterako, jakin-min... edo interes soil”.

      Silvia Federiciren Caliban eta sorgina saiakera mardulean kapitalismo aurreko garaian herri lurrek, merkatuek eta gainerako eremu kolektiboek emakumeentzat zuten garrantzia azpimarratzen da: “Bizitza sozialerako, biltzeko, elkarrekin berriak trukatzeko, aholkuak jasotzeko eta gizonen ikuspuntutik bereizita beren ikuspuntuari bide emateko tokiak ziren herri lurrak eta merkatuak”. Lurra pribatizatzean eta lan kontratu kolektiboen tokia lan kontratu indibidualek hartzean desagertu zen lankidetza hura. Gauza bera entzun izan dugu iturriez, latsarriez, jostundegiez... “Diskurtso maskulinoaren kantxatik geure definizio propioak sortzen ditugun eremuetara igaro den edozein emakumek ezagutzen du sentipen hori: itzultzeari uztearena”, idatzi zuen Adrienne Richek, eta gehitu: “Ez du esan nahi pentsatzea kontu erraza bilakatzen denik, ezpada zailtasunak lanari berari dagozkiola, eta ez testuinguruari...”. Diskurtso propioak bakarrik ez, praktika feministak sortzeko eta esperimentatzeko gune eta une ere badira emakumeen arteko bertso saioak.

 

      Oihana Iguaran:

      «Ez da kasualitatea festa bat da. Nik edozein saio mota dudan eguna bizi dut egun berezi bezala, baina Ez da kasualitatea bada hiru aldiz gehiago. Nire espazioa da, nire giroa, nire zaurgarritasunarekin agertu naitekeen lekua. Lasaiago egoten naiz. Eta erregistroa zabaltzen zait. Ohiko plazetan nire erregistroak gizonekin eta publiko orokorrarekin negoziatzen ari naiz uneoro; Ez da kasualitatea-n badago aldez aurretik existitzen den kode konpartitu bat, eta kode hori sortzen, zabaltzen ari gara. Hori oso ederra da. Hizkuntza bat egiten aritzearen plazera. Ilusioa azpimarratuko nuke: ze kontentu egoten naizen saio horietan. Ospakizun bat da. Ohiko plazan nire heroiekin kantatzearen presio moduko bat sentitzen dut, erronka puntu bat; Ez da kasualitatea-n erabat bestelakotzen da sentsazioa. Uste dut erronka konponentea kalitatearekin lotzen dugula baina ohartu naiz Ez da kasualitatea saioetan sekula baino azkarrago kantatzen dudala eta inspiratuago sentitzen naizela, piezak enkajatu egiten dira nire buruan, oso azkar, eta horrek aktibatu izan dit beste bertsokera bat askoz intuitiboagoa eta nire izaerari lotuagoa, akaso beldurra kentzearen eta konplizitatearen ondorioz. Parranda sentsazio bat da; eta gero ohartzen zara, hori izan dela gizonezko bertsolari askoren giro naturala, lana zela baina festa zela, konplizitatea zutela, euren terrenoan ari direla sarri. Guk sortu egin behar izan dugu terreno hori, sortzen ari gara».

      «Neure buruari joaten uzten diodanean, aldez aurretiko onarpen bat dagoenean, konplizitate giroa dagoenean pizten zaidan umorearekin asko disfrutatzen dut. Nire mugetan esploratzea gustatzen zait, jolastea, ez izatea kalkulu mental hutsetik abiatzen den umorea. Baina horretarako konfiantza behar da. Jaialdietan askoz kontenituagoa izaten naiz».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Inbidia ematen dit gizonek daukaten lasaitasunak eta ziurtasunak eta saio bakoitzean ondo pasatzen dutela ikusteak; sumatzeak haiek hain motibatuta, —“Saio ederra egingo dugu!”, “Benga, lanera, e?”—, ni nire korapiloekin nabilen bitartean. Ikusteak nola sinesten duten euren hitzean eta kalitatean, absurdoraino. Zuk ikusten duzunean tira, ez zara hain ona, baina berak badu konfiantza hori eta zuk ez. Eta horregatik segituko du: konfiantza dauka, jarrera dauka. Hori dena non ikasten da? Eman zuen egoaren parte bat, mesedez, denaren beharrean nago».

      «Saio aurretik, ahal dudan guztietan bertsokideren batekin autoa konpartitzen saiatzen naiz, gizona bada gehiago; aldez aurretik sintonia bat lortzeko beharra sentitzen dut, babestuago sentitzeko. Saio osteetan okerrago pasatzen dut, ze egin dugun saioari buruz hitz egiteko gogoa izaten dut, “zer iruditu zaizue nire saioa?” galdetzeko gogoa, baina ez naiz galdetzera atrebitzen. Neure burua sentitzen dut kontaktuaren bila, konfiantzaren bila, baina ni ere ez naizenez zuzenean galdetzera ausartzen... Ez da kasualitatea-n dagoena beste mundu bat da: saioa amaitu, elkar besarkatu, elkar ukitu, hitz egin gure bertsoaldiez... Kontaktu fisikoa dago; konfiantza geure buruarengan; lasaitasuna, onartzeko saio txarra egin dugula gure prestigioa jokoan jartzen dela sentitu gabe, epairik sentitu gabe... eta berdinetik berdinera, ez bertso mailan, ezpada maila humanoan. Talde sentsazioa esperimentatzen dut, inoiz ez dut sentitzen bestelako saioetan. Eta dena doa hobeto: beste patxada eta ausardia batetik kantatzen dut. Badago esker ona eta... maitasuna. Beste saioak indibidualki bizi ditut, txapelketatik gertuago. Eta absurdoa iruditzen zait tentsioa eta beldurra kalitatearekin lotzea».

      «Min ematen dit guri errazkeria leporatzeak. Gu elkartu izana eta antolatu izana errazkeriatzat jotzeak. Esateak: “Bai, oso ondo, baina hori ez da mundu erreala”. Jakina ez dela mundu erreala: horregatik sortu dugu alternatiba! Agian zu zara mundu erreala aldatzea interesatzen ez zaiona, ez? Alternatibak beldurra ematen dizulako».

 

      Ane Labaka:

      «Bertsokide feministekin dudan harremana konplizitatezkoa eta laguntasunezkoa da eta gainditu egiten du bertso mundua; nire egunerokoaren parte dira. Haiekin egotea gozamena da niretzat, eta haiekin kantatzea festa bat».

 

      Miren Artetxe:

      «Ez da kasualitatea saioetako aurrea eta ostea errazak dira niretzat, beste saioetakoak ez. Urduri jartzen naiz, baina entusiasmotik, ez beldurretik. Nire lekuan sentitzen naiz, beste saioetan ez beti. Babestua sentitzen naiz, zaindua; zaurgarri agertu naiteke, eta horrek lasaitasuna ematen dit. Beste saioetan... askotan bakarrik nago. Eta horrek alerta jartzen nau. Lasaitasunak hobeto kantatzera eramaten nau: burua foku estuan edukitzetik foku zabalean edukitzera igarotzen naiz, ideia gehiago etortzen zaizkit, gehien gustatzen zaizkidanak hautatzeko gai naiz, gehiago ikusten dut».

 

      Onintza Enbeita:

      «Ez da kasualitatea-n edo emakumeekin egiten ditudan bertso afari, poteo edo dena delakoetan asko aldatzen dira gauzak. Denok neskak gara eta badira zenbait bizipen konpartitzen ditugunak neskak izate hutsagatik: gure gorputzen gaineko presioa, adibidez. Hala ere, gure arteko aliantzak ez dira esentzialak, politikoak dira, landu egin ditugu. Habitat segurua da. Ohiko saioetan kointziditzen dugunean beti gaude gutxiengoan, eta horrek berak mugatzen du mugimendu marjina».

 

      Miren Amuriza:

      «Ahalduntze Bertso Eskola, Zilekoa, Ez da kasualitatea eta, batez ere, azken urteotan bertsokide feministon artean eraiki dugun konplizitate sarea oso inportantea izan da niretzat».

 

      Oihana Bartra:

      «Ez da kasualitatea saioetan presente dago gorputza: mugitu egiten gara, elkar ukitzen dugu, batzuetan dantza egiten dugu..., baina autoerrepresentazioa da, ez bestek gutaz egiten duten irakurketa. Diferentea da gorputzak presentzia hartzea bestek kantagai bihurtu duelako edo zeuk gorpuztea. Gune seguruetan geuk errepresentatzen dugu geure soina, geure sexualitatea, geure erotika...».

      «Gero eta gusturago kantatzen dut emakume bertsolariekin. Iruditzen zait lantzen ditugun gaiak, ikuspegiak, umore mota... bereziki interesgarriak direla eta beste gune batzuetan ez direla ateratzen. Pena da berariaz sortu ditugun gune horietatik kanpo oso esparru gutxi konpartitzen ditugula oihanean eta aukera gutxi edukitzea elkarrekin umore, erreferentzia, diskurtso, ikuspegi... berriak sortzeko: hori elkarrekin gaudenean sortzen dugun beste bertso modu bat da. Aliantza politikoak dira, esplizituki konpartiturikoak. Gizon oso gutxi batzuekin ere ari gara konplizitate mota horiek eraikitzen, eta hori oso interesgarria da».