Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ERLOJUAK

 

erlojuak apurtzen ditut bata bestearen atzetik

eta txikitutako piezak

eta kristal printzak biltzen

joaten zait denbora

(erlojugile baten haria erdi galdutako semea naiz

ez denboragile batena)

 

erloju txikitzen jarraituko dut

denbora egiten ikasi arte

(erlojuak apurtzeko ez da indar handirik behar

erlojuak egiteko jakin egin behar da nola

jenderik edo jendearen akordurik gabe

ezin da denbora egin)

 

erlojugilearena etxeko lanbidea da gurean

(erlojugile baten anaia naiz)

eta urteetan aurrera noan arren

denbora egiten ikasten ari naiz

erloju hilen artean

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus