Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ARRAZOI BEZATUAK

 

izutzen zaituzten arratoi bezatu horiek

laborategietan filmetako estoldetan

euren heriotza antzezten jartzen dituzte

beti dira gertu eskura erabilgarri

neguko paisaje bustietan

 

argi laburrekin pasa da autoa bizkor

eta badakigu badirela beti argitu gabeko eremuetan

zain dauden begi txikiak

lurruna sortzen duten arnas hobiak

 

antzeko egun baten gomuta datorkizu

helikopteroa entzuten zela orduan

zeru itsuan jendearen gainean

eta zein gozo hartu zintuen oheak

bere galdera guztiekin

 

izutzen zaituzten arrazoi bezatu horiek

hor dira gaur ere

zalantzak kolpatuz beldurrak zurkaiztuz

hitzen eta gogoeta ehizatu berrien gose

 

arrazoi bezatuak ametsen hondakinekin

irritsen sarraskiekin gizentzen dira

ezin dira ase hurkoen goseaz ez bada

eta inoizka taktikoki arratoi heziek bezala

antzeztu egiten dute euren heriotza

 

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus