Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

KOMUNIKAZIO AZAROA

 

gertaera tamalgarrien

eragile intelektual sentitzen naiz

kontzientziako kargu hori itsaso aurrean egurasten dut

izerdiaz garbitzen dut munduaren odola

eta antzeko kezkak irakurtzea

iruditzen zait jendearen aurpegian

kalean artxipelago ibiltari bateko parte naizelakoak

bakarrizketaren fruitu garratzez soilik

elikatzetik libratzen nau

 

lasaiago itzultzen naiz etxera

zuzen ebakitako parterre artetik

nahiz eta gauza gehienak ordenatuago iruditu

ez naiz atzo baino hobea

eta aldika nire tristura paseatzera atera behar izaten dut

 

gogoeten oldea doitzearren

besteren iritzia ere bilatzen dut inoiz

eta gutxitan kentzen didate arrazoia hildakoek

eurekin mintzo naizenean

 

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus