Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

TURISTA

 

kale arte zabalean usaimena gidari

larritu egiten nau zentzumenen fribolitateak

uste dut jakituria galkor gerta litekeela:

hitzak lokatzen zaizkit

obrero eta ikaslerik gabeko iraultzak

herririk gabeko askapenak

hatzen artetik doaz ihesi

gogoaren hondartza errautsezkoetan

 

urteak kezka iturri zaizkit

Paris okupatu honetan

hizkuntza okupatu bateko

agente bikoitza bilakatu naizela

ari dira hiriko seinaleak goraki

rive gauche eta rive droite zerk ebakitzen duen

ikasteko parada izango ote dudan neure aldian...

Sena azken beltzean ubide errimea dela

inbasore baino bagaren pentsatzen jartzen naiz

nola askatu Paris okupatu hau

bisitari belaxkaren esku zurioi diedan beldurra

arreba txikia banu bezala zaintzen dut

eta ur uherretan nabil

(desertatu egin nahi dut turisten armadatik

edo dena utzi eta beste aldera pasa):

rive droite hemen

rive gauche han

 

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus