Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

KONTRAESANAK ETA ALDE EGINAK

 

entzun dut gauzak konpontzeko gaudela munduan

baina beste borroka modu batzuk badirela

bizi garen sasoirako egokiagoak

gizabidetsuagoak eta garaipen bati buruz egingarri

entzun dut bide demokratikoak direla zilegitasuna dutenak

zabal direla aurrerabideak hor

ez dela sasirik ez galbiderik

 

ikusi dut pertsonei borroka bideak oro itsutzen

ezinezko batailetan azken indarrak joatea datorrela hortik

munduko jendea Europa zabalean amore eman eta husten

ikusi dut herrien kartzela nola den eraiki

inork borrokarik egin ahal izan ez dezan ezertan

populu derrotatuen hiritar bentzutuen

Europa akitu bat

 

entzun dut beste borroka modu batzuk badirela

entzun dut bide demokratikoak direla eta ados nago

baina ikusten dudana ez dator bat entzuten dudanarekin

porrot egin dut

pentsatzen dudana esaten eta esaten dudana egiten

horregatik paratzen naiz sarri paper honen aurrean

eta ekiten diot berriro arduraz eta berriro ahalkez idazteari

 

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus