Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

NEGUKO HITZAK

 

edozer lortzeko adina indar badugula ematen du

baina ez da egia

nahi izatea aski dela

ate guztiak zabal daitezen

nahikoa dela gogoa

elurrari ekiteko edo atertzeko

eskua eskuaren bila abia dadin ilunean

 

ez da egia beldurrak janda bizi garela:

luxuzko animaliak gara

denbora daukagu

ustez denboraren aztiak gara

urteak eta urteak ditugu

denbora azpildura guztietan

zorionaren euliak gizentzen

eta ezin dugu etsi gure aldia amaitu zela esanda

berriak badatozelako aringarriarekin

 

ez dira egia batean kabitzen

gure beldurra eta indarra

zeru erdi mamurtua utziko diogu jendeari oinetan

eta kosta egingo zaigu esplikatzen

horrek behar zuela gure ametsen sabaia

absentziaren iragan gertua izateko galdu genuela

horrenbeste urte eta neke

 

baina geratzen zaigun denbora ahitu zain

bizi behar badut

minbizi txar batek noiz eramango

nire orduen alde hiltzen dituztenen orduak jaten

nire minutuengatik

dana emoten ari direnen

mendea xahutuz

gezur hobietan erreko da nire hitza

porrot caviar baten aparretan

 

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus