Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

UDA HONDARRA

 

errezelak kenduko ditugu bi gelatan bihar

lorontziak hustu eta ohe estalkiak batu

armairuetan itxita utziko ditugu

asteotako kresala doinuak ardo mindua

aita-seme arteko haserreak

eta berri lazgarrien orban arrastoak

 

negute luzerako gertatu gara berriro:

agurtu ditugu auzoak

bahituran daramatzagu liburuetako

orri tarteetan hondar aleak

eta gauzei itsatsitako hezetasun ahaztezin hori

hezueria nostalgiko modu bat

 

ezki hosto gorrituek esan ahalko dute

itzultzeko asmoarekin partitu ginela

horrela utzita inork egiaztatu ezingo duen

errazkeria bilakatuko da datorren urtea:

leihoak zabaldu lizun usaina kendu pozari

kimu berriak adarretan...

 

maindirez estalitako altzaria ematen du gaur munduak

nekez onartzen dute autokritika nire sentimenduek:

galtze txarreko odola daukat

 

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus