Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ZUHAITZ ARTEAN

 

La Misericordiako zuhaitz erraldoien altzoan

paseoan ibiltzen dira atso-agureak astiro,

eta noizean behin jesarri egiten dira banku zaharretan

dagoeneko ezer espero gabe baleude bezala.

Ogi zahar puskak ateratzen dituzte

inguruan biltzen zaizkien usoei emateko

bake bedeinkatu eta faltsupean.

 

Uste handiko ezkontzak euren atzean,

elizako atari inguruan, arroza nonahi.

Eta ondoan San Mamesen harrokeria,

harrobikeria oihuka,

algara eroak eta bandera merkeak,

ezer duinik aldarrikatzen ez dutenak.

Eta Jesukristo ezin harrotuago bat

errotondaren erdi-erdian,

Jesukristo ezin harrizkoago bat

zeruranzko zutabetzar horretatik begira,

ezer ikusi gabe,

zuhaitz arteko minari erreparatu gabe.

 

Paseoan ibiltzen dira atso-agureak astiro

La Misericordiako zuhaitz erraldoien altzoan,

ezer espero gabe.

 

 

© Paddy Rekalde

 


www.susa-literatura.eus