Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ETA BAT GINEN

 

Baterak nikia erantzi eta,

atzeko poltsikoan pare bat gorde ostean,

baketak jarri zituen dantzan.

Horrelaxe gogoratzen dut,

bonboa lasai baina gogor jotzen hasi zela,

eta baxujoleak, isilik baina irribarretsu,

erritmo bizi eta sendo bat eman ziola hasierari;

gogoratzen dut

abeslariak jantzita zeraman Intifadaren niki gorria,

eta gitarraren anplifikadoretik

sirena moduko garrasi bat

lehertu zitzaigula belarri zuloetan;

gogoratzen dut

gainezka zegoela taberna hura,

bero

izerditan,

eta barran

sakabanatu egiten zirela zurrutadak,

gure eskuetan dantzan jarri arte;

gogoratzen dut

atzetik besarkatu

eta musuka hasi zinela ene saman

luze

epel,

zure mihia eta ezpainak

eraso kontrol bako baina gozo batean,

eta abeslaria mikrora hurreratu eta

«Goazen!» ozen bat

oihukatu zuela...

 

eta bi ginen

eta ehun ginen

eta bat ginen.

 

 

© Paddy Rekalde

 


www.susa-literatura.eus