Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

AUZOKO JONKI HORI

 

Auzoko jonki hori hara eta hona dabil,

patua eta Herioa berari barreka dituela,

noraezean kaleotatik,

bizitzaren iparrorratza aspaldian galdua

eta larruazala iragaztontziak baino zulatuagoa.

 

Larruazala beltzune erraldoia du.

¿Un cigarro? —eskatu dit,

betazalak ia erabat bilduta.

Eta zigarro bat eman diot.

No, no quiero molestarte —diost.

¿Molestarme?,

nunca me has molestado, Juanlu —diotsot.

 

Bera ezagutzen dudalako harrituta oso,

saiatu da betazalak jasotzen,

eta zirrikitu horietatik niri begira geratu da,

ni ezagutu gabe,

lau urte-edo genituenetik elkar ezagutzen badugu ere.

Ah, ya... —diost,

ezagutu banindu bezala.

 

Gezurra,

ez nau ezagutu,

baina hori aprobetxatuz

bigarrena eskatu dit,

eta pare bat eman diot.

Ya estaremos —diost,

eskua sorbaldan ipini didala.

 

Eta badoa, astiro, noraezean,

hilik etzateko badia bila

hil hurran doazen

balea erraldoien gisa.

 

 

© Paddy Rekalde

 


www.susa-literatura.eus