Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

ABERKIDEAK

 

Zalantzarik ez dagoela diost,

ez dudala birritan pentsatu behar,

dirua banku honetan sartu behar dudala,

dirua «etxean» geratzen dela,

«gure» banku batean, alegia,

konplizitatea bilatzen duen irribarre batez.

 

Baina morroi trajedun honek ez daki,

edo ez du jakin nahi,

aberria, Igorretakoak esan zuen bezala,

hautatu egiten dela,

eta nik ez dudala banku hori aberkidetzat jotzen,

ez Athleticen koloreak,

ez Begoñako andramari izeneko egur margotua,

ez hiri honi harro begiratzen dion Lopez de Haro mertzenarioa,

ez protestaka ari den agureari indarrez oratzen dion txakurra,

eta are gutxiago Botereari ipurdia miazkatzen diotenak.

 

Ziega batean bihotza gelditu zitzaion Kirruli,

gose greba batean hil zitzaigun Crespo Galende ahaztua

eta halakoak gogoratzen ditut halakoetan.

 

Nire zauriak

nire ametsak

dituztenak

dira

nire aberkideak.

 

 

© Paddy Rekalde

 


www.susa-literatura.eus