Gizaeuropa
Gizaeuropa
1986, poesia
96 orrialde
84-398-7163-5
azala: Heuses
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1985, poesia
Joseba Urizar
1964, Elorrio
 
 

 

SARRERA

 

        Bazihoan edota bazetorren 1985ko uda arin baino arinago. Ekainaren amaiera izango zen eta non eta Bilbon eta zertan eta klaseak ematen. Esan beharrik ez udaberriko garunok harrezkero bihotzean majo loditurik geneuzkala; nik neuk neskak besterik ez nuen kaleetan zehar ikusten, eta Omar lagunari ez bakarrik kaleetan zehar, liburudendetan, komunetan, euskaltegian bertan, goiz, eguerdi, arratsalde edo gauetan, Anbotoko errekastoetatik inportaturiko lamiak bailiran, forma eta tamainu guztietako neskatxa zoragarriak agertu, hurbildu eta urrundu egiten zitzaizkion. Bat zen, baina, leial eta indartsuena: Arturo erregearen maiteo eta borreroa, Arturo erregeari odola eta gorputzaren gainerako likidu guztiak maitasunez surgatu zizkion anderea, Arturo erregearen alarguna: Ginebra, Britanniako erregina melankolikoa. Ginebraren inguruan arin baino arinago bazihoan edota bazetorren uda hartan, eta mamu sentzu biotan zoragarriok zerbaitetan urtzekotan zer eta, —Ginebra, Historia eta Poesia lagun—, liburu bat idaztea asmatu genuen, liburu bat eraikitzea Ekik lehortutako lur arrakalduen gainean, liburu bat elkarrekin kometitzea sargori anti-heroikoak eragindako izerditan blai.

        Ginebra, bere leinuko andereengan ohi den bezalaxe, ez zen inondik inora jeloskorra, eta besterik gabe onartu zuen berorrek lehengaia ipintzea beste bipera biok ospea eurentzat gordetzen zutelarik. Sari gisa, Ginebra eraman genuen geurekin San Ferminetara, Historia eta Poesia arreba puztuak etxean gordeta. (Gainera, badakizue, San Ferminek bere hatzamar sakratua jeitsi eta, ametsetan, zera esan zigun: Berri pozgarria dakarkizuet aurtengoan).

        Iruñeatik bueltan, Arturok herensugearen hatsean bezala zamalkatu gara Europa lainotsuan barna, Ginebraren bila ezezik adats horeil apartsudun lamien xerka eta baita sagardoz ferdetutako begidun ondinen bila. Eta bideetan urkamendiak nonahi. Bitxien distira soin biluzietan eta zoramenaren islada begietan, izenak heurak gogoratzea ere gaitza egiten den gaisotasunen berri izan genuen, Europa zaharrari mendekuzko madarikazioak legez aide guztietatik erasotzen zioten (eta dioten) gerlari basatien azkonak bailiran, hankatartean, larruzalean, galtzarbetan,...sortu eta etengabe hedatzen ziren protoizaki itsutuak Herioren oihalari eragiten dion hotza elikatzen, moldatzen eta bideratzen.

        Metal preziatuak suz moldatu geroago metal preziatuotaz sua meneratu eta bideratzeko. Suz moldatutako metal preziatuoz sua bideratu behar zuten gizatxinurriak ikusi genituen, gorputegiak bihurtuko ziren hildo erraldoiak irekitzen, Europa ederraren sorbalda aintzinatik odolduan. Trintxerak omen ziren Normandiar adoretsuen hilobialdeetan odolez gainezka ezagutu genituen ubideak.

Normandiako kostaldean plantatu ginen itsasorantza begira —harrezkero geure begiok zoramenaren marra gainditurik agertzen zutela—, laino guztien artetik vikingen untziei jarraituaz ifarraldeko esmeralda ferdeko arroka erraldoien ziluetak somatu genituen artean, eta arroken gainean iraultza industrial arrotzaren eraginez berriz ere sorterritik aldendutako geure mendebaldeko ahaideen ziluetak, besoak mugitzen,laguntza galdezka.

        Etxerako bueltan, bihotza lur jota, zeharkako bidea hartu eta Enparantza Gorriko mausoleoko harlausetarantza habiatu ginen, aholkuren bat edo besteren eske. Bertan izan nuen aluzinazioan Lenin.ek errusieraz txiste siberiar bat kontatu eta Bertrand Russell.i itsuski barre egiten zion. «Ba al dakizu zer dioen Wittgenstein.ek?», etendu ninduen bapatean Omar.ek, «Ez», erantzun nion nik, «Zer dio ba?», eta Omar.ek, «Ba zera dio, gorpu-garraioaren negozioak bost bat urtez honen ondo jarraitzen badu, inoiz izandako eta izango diren hitz guztiak ohostuko dizkiola Jainkoari», «Tira», erantzun nion nik, «Lehenago sudurreratuko du Sigmund.ek Getariarrak Sartaldeko Indietatik kontrabandoan ekarritako koka guztia!»; mementu horretan Friedrich Nietzsche eta bere arreba agertu eta arrazoia eman zidaten.

        Auñamendietan ez zen engoitik zuhaitzik geratzen, telefono posteak besterik ez, eta telefono poste bakoitzean soka atzerritar bat dindilizka. Orreaga izan zen gure bidaiaren azken etapa, bertan ikusitako oinaztar eta ganboatarren arteko gatazka odoltsua, azken tristura; Fernando VII.aren ondorengoek bidali zizkiguten gudarosteen erasoa, azken abentura epikoa... urra ezazu oraingoan zeuk geure bidea.