Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

XXXIII - Non Niko bait doa

Gelan zen. Atera zenean itxirik zegoen atetik sartua zen orain.

      Bai, gela zen, ez zegoen dudarako lekurik; han zegoen tetxoa, ez altu ez baju, han zurezko lurra, han mahai sendoa; han ohe gainean fin-fin plantxatuta koadrotxozko zapia; han, oheazpian dirdir zegitela, oinetakoak.

      «Zer ibili naiz? -penuatu zuen-; egiaz, harriturik nago gertatu zaidan denaz eta gertatu zaidan gauza bakoitzaz».

      Eta zapatak eta pañueloa eta xaboia maletara sartzen zituelarik segitu zuen: «agian mereziko luke Mujika ikusteak... baina ez... eta Agirre? nor ote da Agirre?, agian horiek asmatu zuten, agian kontserjeak, agian... jakingo banu... eta Esteban...? eta Zeta...? eta Kaskazuri...? ba!», eta etsi antzean itxi zuen maleta.

      «Eta hala ere -berrartu zuen haria-, hala ere erreportajea egin beharko bestela...»

      Aszensorera eraman nahi izan zituen maletak, baina hor zetorren bizkor Txo bere uniforme gorriz.

      - Laga, laga, nik eramango dizkizut -esan zion.

      - Hik bat eraman, eta nik bestea -esan zion Nikok.

      - Zer, ondo pasatu duzu?

      Nikok ez zuen ezer erantzun jakin; gero, atera zitzaion.

      - Bai, ondo.

      - Nik ere bai -ihardetsi zion Txok.

      Aszensoretik irten eta denak ziren pasiloak, eskailerak eta mostradoreak. Mostradore baten atzetik Nikok ikusi zituen Fela, Kolette eta Pilartxo. Batak begiz besteak ahoz hirugarrenak sudurrez keinua egiten zioten hiru neskek.

      Niko eta Txo irteerara joan ziren. Txo isilik zihoan, eta Nikok errespetatzen zion isiltasuna. Baina eskailerak jeitsi zituztela Nikok Txori malko lodi bat labantzen zitzaiola ikusi zuen.

      - Txo! -esan zion-, zer duk mutiko?

      - Pena dut -erantzun zion Txok-; zurekin ondo egon bait naiz.

      Nikok bi eskutartean hartu zion aurpegia Txori, xukatu zion malko lodia, eta itzuliko zela esan nahi izan zion baina eztarrian korapilo egin zion eta musu, bakarrik musu eman zion betartean.

      Taxista zai zeukan eta sartu zen kotxean.

      Atzera begiratu zuenean hotelaren formak lainoak ezabatzen zituen...