Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
XVI - Telefono xerka
Nikok eskerrak eman zizkion neska yogalariari, eta hark seinalatu bide zidorrez hasi zen.
Bai, neskak ez zion gaizki esan: han zegoen bidearen bukaeran berak esaniko edifizio handi hura. Leiho eta tximinia asko zuen edifizioak -horretan fijatu zen Niko partikularzki-; bestela, beltz astuna zen eta antipatiko samarra iruditu zitzaion.
Sartu eta, hura ere bai egia, telefono publiko bat hantxe. Niko joan zen eta deseskegi zuen. «Rezepzioan emanen didate Agirreren berri, eta joateko moduaz informaturen naute», pentsatu zuen; aparatoa eskuan zuela berriz, nondik has jakiteke geratu zen, oroitu bait zen, telefono zenbakirik ez zuela; eta konturatu, ondorioz, han segitu baino hobe zuela hartaz baten bati galdetzea.
Gazte bat zetorkion momentu hartantxe, eta hizketan aurrea hartu zion Nikori:
- Aizak, tori pegatina hau; borondatea -eta eranskailu rektangulo gorria luzatu zion. Letra txuriz berba bakarra zegoen: «Independentzia». Nikok poltsikoak bueltatu zituen, eta zituen diru xeheak (deus besterik ez zitzaion gelditzen; eta gelatik zenbait bilete berderekin atera zen; hemen edo han ebatsiko zizkioten, seguru asko) eman zizkion gazteari, eranskailuaren truke, gero berak eskatzeko:
- Aizu, arren, telefono giarik badakizu non aurkitzen ahal dudan?
- Bai; igual puxka bat itxadon beharko duk, zeren atezaina (horrek dizkik eta) areto batean bait dago, hitzaldi batean, eta ez zaiok gustatzen horrelakoetarako molesta dezaten... -eta gazteak ate bateraino eraman zuen Niko, eta isil-isilean hura erdizabaldu, eta esan zion:- hura duk, ikusten? -eta gizon traje urdin burusoila erakusten zion.
- Bai, bale, hemen egongo naiz, eskerrik asko -esan zion Nikok, eta gazteak «eskerrak hiri» esanik alde egin zion.
Hortik denbora gutxira, «zergatik ez sartu?», pentsatu zuen Nikok, «horrela ez dut itxaroten denbora hutsalki galduko». Esan eta izan, barrura. Hitza zuenak ez zion jaramonik egin, eta Niko aulki batean jarri zen; hagitz jende gutxi zegoen eta leku libre sobera.
Hiztunak ez jakin zer hizkuntzaren ezaugarri mitiko-fonetikoen gainean ziharduen; atezain burusoila zen notak hartzen zizkion bakarra, besteak lo beharrean bait zeuden.
Bai eta Niko ere, heldu eta ordubete batera, ezin izan bait zuen orduan ahoa nagi-nagian zabaltzerik erreprimitu. Hiztunak bera ikusi, eta suzko begirada bota zion, Nikok irtetea nahiago izan bait zuen, ea hitzaldia suerte pixka batekin ez al zen beste horrenbestez luzatzen.
Itzulitxo bat egin zuen baina, beransko izango zelakotz estu samarrik, oraingoan sartzean atezainari bere nahia agertzea erabaki zuen, gia baten ematea ez bait zen, azken finean, lojikaz bederen, inor haserra zedin adinako beharra.
Zoritxarrean, bigarren honetan, atezaina bera ari zen zegoen lekutik mintzatzen, zalantza eta proposamen batzuk egiteko zituela eta. Askoz jende gehiago zegoen oraingo honetan, bete-betean gela, eta atezainarenak ez zeraman -hartu zituen oharren luzea ikusita- labur jotzeko biderik; horregatik -eta kopeta makurrik, aurreko hizlariaren beraganako esne txarra goiti bide bait zihoan- Niko irten zen berriro, eta geldiezinik paseoan hasi zen.
«Badakit; gia nahi dudala papertxo batean idatziko diot, erantzuna ia segurua dut eta gainera nere fintasuna haintzakotzat hartuko du», otu zitzaion. Baina, horretarako sartzera zihoala, nonbait hitzaldia amaitzen zen, eta denak zutik jartzean, Nikok galda zuen atezaina; bestalde, jendea zutitzean, aretoa Nikok uste zuen baino handiagoa zela ikusi zuen, eta ehundaka koloredun ikasleak irteera desberdinetatik hasi ziren trumilka ateratzen, eta Niko, ez zezaten zapal, erretiratu zen atetik, eta burua desitxaropenez bete zitzaion.
Etsi tamu hartan, pasilo luze batetik abiatu zen, baldin ba edifizioaren erdiruntz. «Erdian egonen da, noski, argibiderik», pentsatu zuen.
Irten zen patio batera, zeinaren erdialdetsuan beste edifizio gris txikiago bat bait zegoen. Aihen-belarrak estalia zegoen bigarren hau, eta atearen gertuan zenbait hilobi zuen.
Niko hurbildu zen hilarrietako hitzak ikusteko asmoan, eta besteak beste Bosch, Poe, Hugo eta Dostoievskiren izenak ikusi zituen; goroldiozko hilarri batean, «Macheth» irakurri zuen. «Hona pesadila, miseria, ikara, alkohola eta epilepsia, elkarren arrimuan», pentsatu zuen Nikok, edifizioan sartu aurrean.
Barnean dena ziren liburuak, liburu handi txarrak eta liburu txiki interesgarriak, metro anitzetako apaletan egokiro klasifikatuta, letra eta zenbakitxo bana zutela.
Gela bat Picassori eskainia zegoela ikusi zuelarik, esku-begiak nahi gabez horko liburuetako laminen atzetik joan zitzaizkion.
«Hau da hau» atseginez bere kautan esaten ari zela, emazteki boz txirrinak jo zion:
- Aizu, aizu, zer egiten duzu hor? -galdetu zion.
Nikok begiratu zion. Ez zen gaztea baina, ile horia bera, zaharra ere ez zen. Desagradablea ez zen, nahiz eta oso agradablea ere ez.
- Konproba dezakezu -erantzun zion Nikok-, soil-soilik laminak ikusten ari naizela.
- Ez dakit nor zaren: ez zaitut inoiz ikusi; baina hemen sartzea ilegal dagoela jakin bazenekien...
- Berria naiz eta -defendatu zen Niko-, nola jakingo nuen...?
- Jin zaitez nerekin, mesedez -gonbidatu zuen emaztekiak, gozotasunez, eta kontatu zion:- ni liburuzaina nauzu, eta gustatu egiten zait jendea etor dadin; zorigaizki, federatu ez dagoenarentzat, galerazia dago hau, eta gero garrasiak (eta garrasiak bakarrik balira: mundak ere!), neretzat izaten dira. Baina hemen -hiru mahai zegoen idazkaritzara iritsiak ziren; mahai batean mutil bat zegoen zurrunka lotan; beste batean, xahar xokozale liburukoia («Max!», ezagutu zuen Nikok); emaztekiak hirugarrenaren azpia erakusten zion:- baina hemen, nere mahaiaren azpian, gustora egon ahalko zara, libururen bat nahi duzularik neri eskatzen didazula..
«Mahaiazpian kukubilka egotea orain ez da gero fantastiko proiektua», pentsatu zuen Nikok, «baina». Gainera ideia distiratsua otu zitzaion, eta emaztekiak galdetu ziolarik:
- Zeinekin hasiko zara? -Nikok ihardetsi zion:
- Aurtengo giarekin, plazerra baduzu.
Emaztekiak «bon zergatik ez» adierazten zuen keinua eginik fitxetan bilatu zuen, fitxa eskuan zuela apaletan gero, eta gia atera zuela, ekarri egin zion. Niko, giarekin, bere txokorat. Eta, emaztekiaren galtzerdiek sudurra laztantzen ziotela, bilatzen hasi zen, orriak pasaka.
Orriak pasa eta hotelik ez. Pasa eta pasa, eta gia mardulagotzen zitzaiola iruditu zitzaion. Multzoka hasi zen pasatzen, baina horrela ere ez, hotelaren aztarrenik. Hurbil zirudielarik, parrafo eta orrialde berriak tartekatzen zitzaizkion. Orduan:
- Aluia! -bota zuen. Eta, letra txikiz, «hotela» agertu zitzaion.