Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
XXX - Txuletaren gainean
Komunetik atera zenean, hobeto aurkitzen zen Niko, eta bere buruari galdetu zion: «zer ote da hau?» Sukalde handi bat iruditu zitzaion, dena mahaiz inguratua; «ez nuen sekula ikusi horrenbeste sukaldari», pentsatu zuen mahaietako denak, sukaldean nola ziren, sukaldariak zirelakoan. Beste alde batetik jatetxea zela iruditu zitzaion; «hala bada, ordea, zer ari dira horiek kaxuelekin hara eta hona?»
Txundidura hartan, ahotsa heldu zitzaion:
- E, Niko, hona!
Azpitarte zen, ekologista radikala, mahai batetik deitzen ziona. Bero zegoen, ezpain-xokoetatik isurkaria jario, eta gonbidatzen zuen:
- Etorri, Niko, aspaldiko, mekabuen! -eta Niko bertan zuela:- eseri, laguna eseri eta kontaidak!
- Baina -ez zen objezioa, Azpitartek eskaintzen zion lekuan eseritzen bait zen-, zer duzue hemen? -galdetu zion Nikok.
- Izan? Batek lana aurkitu duela, eta ospaketan.
- Giro handia duzue! -altu esan zuen Nikok, bulla hartan entzun zezan Azpitartek.
- Oraintxe hasi gaituk; hartu entsalada, hartu. Zer, bizitza hori?
- Kezkatzen hasia, egia esateko -aitortu zion Nikok-, orientazioa galtzen ari naizela beldur naiz eta.
- Urteak dituk, Niko, urteak...
- Ez noiz ez non...
- Noiz-ta-non jakin bageneki! Hartu tipula, baina!
Nikok gogozki hartu eta jan zuen, organismoak orruka eskatzen bait zion. Azpitarteren lagunek solas animatua eramaki zuten.
- Atxurraz ontzako bost enbor moztu zizkin ordubetez!
- Bai, moztuko zizkin!
- Jainkoak bazekik!
- Hark jakingo dik!
- Beste behin ehun kiloko harria lepaka zeramala hemezortzi buelta eman zion herriko plazari.
- Plaza txikia izaki! Gure Peilok egin zian hori baino gehiagokoa: eskuareaz hamar minututan bildu Zelaiandiko belarrak, bizkarreratu eta traktoreak eramango ez zuen zama harekin bertatik Larraitzurira joan huen han bost metro alturako zuhaitza egiteko.
Hitzak koipe eta ardoz nahasirik labantzen zitzaizkien. Nikok ere, betean zuen ahoa, haize bolada batek serbileta eraman zionean. Jeiki zen bizkor eta atzetik joan zitzaion. Begiak serbiletarentzat bakarrik izanda, katapun zopa eltze bat zeraman gizon bati jo zionerako beranduegi zen; gizona muturrez lurrera eta Niko, lurrera ez joatearren, mahai gainera etorri zen, halako fortunaz, ze mahaia itzulikatu bait zuen, eta harekin bertan eseririk zeudenak.
Nikok kalapita harekin eskuak ahora eraman zituen, segurki zetorkion trumoiaz kezkati, baina lurreratutakoak, sei bat edo zazpi, eta eltzearena ere, ez zitzaizkion haserre, baizik eta barre algaraka onartu zioten egindakoa, nahitazko broma izan bailitzan. Areago, eroritako atso idunekodun batek heldu zion eta:
- Ze oroipena, gazte! -esan zion-; ez gara honetaz ahaztuko! -eta argazkilari bat eskatzen zuen eszena hura inmortaliza zezan.
Argazkilaria ez zen agertu -«hobe», pentsatu zuen Nikok; «izan ere, merezi ote du publizidaderik?»-; baina atsoak, mahaia paratu zutelarik, bere ondoan eseriarazi nahi zuen; «ezin uka nezake orain», deduzitu zuen Nikok, eta atsoaren eskoinean jarri zen.
Atsoak, ezagutzen zituenak eta ez zituenak presentatu zizkion, eta Nikoren alboan zegoen neska ere, inglesa omen bait zen.
Neska hark, Nikok abisutzat interpreta lezakeen bat ere keinu edo seinalerik egin gabe, sorbaldan ipini zion burua Nikori, eta berotsu eta lainoki honela esan zion:
- Kontatuko didazu ipuin bat?
Niko aztoratu samarra zegoen. «Zer konta niezaioke? Jakin badakit bat edo beste, baina umeentzakoak dira denak; otsoen historia beharbada gustatuko litzaioke, baina luzea da eta ez zidan denborarik emango; bestalde, igual beste zerbait eskatzen ari zait...» Beharrik atsoak moztu zien:
- Arraia heldu da! -eta legatzek mahaiak inbaditzen zituzten artean, Nikok esan zion neska inglesari:
- Gero, bale?; nahi duzu gero?
- Bai, gero! -erantzun zion inglesak haserre antzean burua alderatzen ziola-; gero, engainatzeko ezta? Beti berdin! Ni ez naiz bada hemengo neskak bezain engainagarria, jakin ezazu hori!
«Zuriegitxo mintzatu al natzaio?», pentsatu zuen Nikok; «edozelan ere, horrenbesterako motiburik ez zegoen, nik uste dut»; baina ez zion ezer esan, eta legatza jateko atsoak ematen zizkion indikapenak jarraitu zituen.
Bat-batean, sukalde fogoietatik gertuagoko mahai batean, Mila ikusi zuen; Milak ere bai, bera, eta joan zedin egiten zion keinu. Atsoarekin diskulpatuz eta neska inglesari hark intimo eskertu ziola iruditu zitzaion laztanez agurtuz, joan egin zen Milagana.
Mila zegoen mahaian idi txuletak eta txerrikiak jaten ari ziren iadanik, eta Milak kariñoso koipeztu eta baratxuriztu zion Nikori sudurra musu batekin.
- Zer, polita? -esan zion gero-; uste nian ez hindudala berriz ikusiko!
- Piszinan ez zekinat nola izan zen...
- Ba hirekin egoteko gogoarekin gelditu ninduan, egia.
- Ni ere bai gelditu nindunan... -hasi zen Niko.
- Mila, pasa txuleta hori! -agindu zioten orduan neskari.
Milak nahi zuen hari txuleta ematen ziolarik, Nikori esplikatu zion:
- Hemen, nere koadrilarekin niagok: Sudur, Maribi, Txanpi, Joxepa eta Pepelu, txuletarena; Pepeluk maite duen neskarekin ezin egon eta jan eta jan egun saila darama; lehertzeraino jan, proportzioan edan, aisa mozkortu, ezin ibili, kasu bat. Horiek berriz -Txanpi eta Joxepagatik- atzo deklaratu omen zioten elkarri maitasuna, eta ospatu behar zelakoan, hemen dituk! Neri berriz inork ez deklaratu, ukorik ere inork eman ez: Karibeko limoiak bezain fresko eta libre!
Niko ere, limoienak harrituta baina, halaxe sentitu zen, ogia baratxuritan bustitzen zuela; «eta Mila gustatu egiten zait: ea gaur suerte gehiagoz ez garen galtzen». Fijatu zen orduan paretsuan bazuela gizakume zikoitz bat binaka hartzen zituela okela puxkak, eta bat jaten bazuen, bigarrena txaketaren sakelean sartzen zuela. Nikok bultoagatik dexente puxkak izango zituela kalkulatu zuen. Halako batez, Sudur, berak ere bestearen maniobra ikuski, baso bete ardo hartu eta sakelera hustu zion.
- Haragia lehorrik ez duk jango ba! -esan zion, eta bizkarreko terriblea jo zion lagungarri, bestea nahasmenduan utzita.
Askok barre egin zuten; zenbaitek burua kordokatzen zuten:
- Ikusi behar direnak!
- Postreak hemen dira! -bota zuen Milak orduan, eta Nikori xirri kalanbrea eman zion.
- Flana!
- Mamia!
- Horiek ere sakelera nahi dituka? -esan zion Sudurrek gizaseme zipotzari, gaiztoki.
- Pastelak!
- Melokotoia!
Gizon batek entsaladera bana ekarri zien, gura zituztenak bertan nahas zitzaten.
- Xelmo! -agurtu zuen Nikok berori bait zen gizona.
- Aiba!
- Orain zer -galdetu zion Nikok Xelmori-, kamarero al zaude?
- Kamarero? Sukaldari! -eta Niko zutiaraziz:- etorri, etorri sukaldera, ikusiko duk hor.
- Baina ni... hemen Mila eta...
- Mila, neska ona segur, baina jakin diat sarri joateko haizela eta gure sukaldea ikusi gabe joaterik ez duk! -eta mahai lagunak utzi behar izan zituen Nikok, honek txuletari horzka, horrek flanari milika, hark aho zabalka oraino gosez.
Sukalde-sukaldean makina gizon lanean ikusi zuen Nikok.
- Horiek zer ari dira? -galdetu zion Xelmori.
- Norberean! Nik ahateko salda eta porru muskuluak paratu dizkiat, Txantxik, hau da jefea, alkatxofa eltzea, horrek hau, hark hori, honek hura -esplikatzen zion, bata-bestea seinalatuz-; eta hau -kopeta txikidun batengatik- Kike duk, almazeneroa. Zer -esan zion Kikeri-, kontuak ateratzen zaizkik?
- Baziaudek hemen -Kikeri betartean larridura dibujatzen zitzaion- ehun eta berrogeitamar letxuga sobrante, larehun bat txuleta eta hirurogei kaxuela txipiroi. Legatzan aldiz urri beti bezala, hurrengoan Zapari zazpirehun kilotik gora ekartzeko esan beharko zioagu, eta irina eta arraultzeak ere, furgoneta bana, Santiri. Eta hauek? Kafea zerbitzen hemen beste punta hartan piperradarekin hasi ez direla!
Xelmok Nikori kontatzen zion:
- Badizkiat nik proiekto fantastikoak Niko, jangela haiek zabaldu, sukalde hauek ugaldu, apizioa sortarazi... Ari bait naiz ari, elkarte modu berri bat pentsatzen, badakik?, non jan egingo bait da eta aldi berean ikusgarriak egongo bait dira, eta kiroldegiak eta lotarako txokoak, entenditzen didak Niko?, leku bat non...