Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
V - Bai txarrak gerrak
Bi tipo haiek indarka gelatik urrutiratzen zutela, Niko beldurtu zen. «Nora ote naramate?». Historiak korritzen ziren munduan militar haien basakerien gain, eta tortura lazkarrien perspektibak zintzurrean korapilo eragiten zion.
Giroa ere instantetik instantera ilunagotzen zen. Haseran urdina zen zerua trumoi adarrez gristu eta gristu egiten zen, ia beltza izateraino. Prezeski hodei artetik helikoptero bat ageri zen eta hasi zen itzulika, eta gero beste batzu, ta-ta-ta-ta ikaragarriz, Nikoren arra zapaltzen eta estutzen zutela.
Aldamenetik ere, norako berean zein kontrakoan, soldaduak pasatzen zinen, patruila txikitan lehenik, sekziotan eta konpainiatan gero.
Niko are okerrago sentitu zen inguruko mendietan suak eta lehertzeak gertatzen hasi zirelarik.
Niko ohartu zen bere hi atxilotzaileak ez zirela ez horregatik ez harengatik asaldatzen. Bakarrik noiz behinka kapela militarrean izan diztirakorrak zeramatzanen batekin topo eginez gero, gisa zail antipatikoz agurtzen zuten eskua gora, bestearengandik erantzun bera jasotzen zutela.
Kopeta zut harroskoz sartu zuten Niko errezinto handi batean. Errezinto honen azpiegitura -metro zabaleko hesia, eta eraikuntza zentralak- lur horizkoa zen, aise desegin daitekeen itxurakoa. Beste zenbait edifizio ladrilo gorriz eginak ziren.
Hare idorrezko luma zapaltzean hautsa altxatzen zen, eta ehundaka bait zegoen jendea harata eta hunata. Niko eztulka hasi zen ito beharrean.
Era horretan eraman zuten mando bide zen tipo bibote flaku batengana, paisanozko lagun talde baten agintzaile. Harekin hitz batzu trukatu zituztela, eta kide nabar batek Nikori lepatxokoan kaskarreko bortitza jotzen ziola eta besteak sekulako ostikada partetan, alde egin zuten bi senarrek, Niko bibote flakuaren mendeko utzita.
Hura ere ez zen nonbait gizon malgua. Gerrikotik dilindan pistola zeraman, eta hitz eskas dorpeak hura hartzera zihoalako keinaduraz laguntzen zituen.
Doinuagatik berbaldia amaitzekotan zela ulertu zuen Nikok.
- ...gizonak garelako gaude hemen!, eta gizona ez denari bi tiro!, ez dugu koldarrik nahi!, baina koldarra hi zangoak aurretik aterako da hemendik!, norbaitek ez badu borrokarako potrorik, bota diezaiola bere buruari tiro!, potroak zerbaitetarako ditugu!, potrorik ez duenak aire hemendik!, plomoz zamatuta tripak, aire!
Eta parre txarra egiten zuen, inork segitzen ez ziona.
Niko fijatu zen aurrean zeukana -gizon txikia, ile banaka- ile kizkurturik zegoela, eta eskuak amorru bizian biltzen zituela. «Honek badu ideia bat ona», bururatu zitzaion Nikori.
-...eta orain -bukatzen zuen bibote flakuak-, pala eta pikua hartuta denak lanera! trintxeretan uztera potroak!
Palak eta pikuak partitu zizkieten orduan kabo ziraun batzuek, eta bibote flakua kantinara zihoala, kabo horiek fortalezaren zelaigune harritsu batera eraman zituzten Niko eta besteak.
Niko ez zegoen lan fuertean ohitua, eta pikatzen hasten zela indarrak ekonomizatzeko planak egiten zituen. Problemarik gabe ekonomizatu zituen gero, zeren lazatasun handia bait zegoen, bijilantzia gutxi egonik, eta ia norbere kasa aritzen zen. Nikok pala lagunari galde egin zion:
- Aizu, baina, hau, zer da?
- Hau -eta pala zuenari itzalak zeharkatu zion bisaia- gerra da.
«Zer gerra, ordea?», galdera tontoa eman bait lezake ez zen Niko botatzera ausartu. Baina, egiaz, bera oroitzen zenik behinik-behin, ez zegoen munduaren lurralde horietan lege horretako gerrarik orain, jakina pare bat egun zeramatzan egunkaririk irakurri gabe, eta zitekeena zen bitarte horretan gauzak kanbiatzea.
- Eta -beste hau bai, Nikori inoren adimenerako itxurazkoago iruditu zitzaion-: gu, zer ari gara hemen?
- Ni -pertsonal hartzen zuen lankideak-, nere semearen hiltzailea hil nuelako ekarri naute hona.
Injustizia ikaragarria zela pentsatu zuen Nikok. Oraintxe, baina, lanean segi zezala garraisi egiten zion kaboak, eta giltzurrinen kaltetan goiti-beheiti erabili zuen pikua.
Tarteka inguruari begiratzen zion. Onik bat ere ez zen, eta txarrik zernahi gertatzen zen errezinto siniestroan. Jende asko eta askotarikoa zegoen; berarena bezalako taldeak lan astun nekosoetan; errejimentu formatuak eta formatu gabeak; burdinarteko presoak, lurpeko kaioletan saperoan egarriak akabatzen; eta zenbait tipo libre plantako ere bai, bukatzeko.
Hesiaren gainean garitak bazeuden bijilantziarako, handik ikusi zuen Nikok mutil bati tiro egiten ziotela, eta erahiltzen, zergatirik garbi ez zekusala eta gertaerak inor gutxi distraitzen zuela. Beste bat berriz, bera bezala esklabutzan, zeozer ikusterakoan nonbait izkina batera, eta gako bat bait zen han hark ikusi ez zuena zintzurran sartu eta bertatik zintzilika azken hatsetan gelditzen zen.
Nikok haren laguntzera joateko seinale egin zuen, eta piu! piu!, inguruko harea balek harrotua joan ez zekion.
Geroxeago parez pare zabaldu ziren koartelaren ate nagusiak eta hots handirekin sartu ziren tankeak. Nikok espektakulo lazkarria ikusi zuen: orugetan harrapatuta zatikatuta, sarraskituta, hil aurreko hondar oihuskak entzuten zirela, jende puxkak zetozen, beso bat hemen, beste batzu han, aurpegi bat arnas torturatua beste hartan, eta ume baten burua, kolpeak okotza bekainetaraino sarrarazi ziona.
Nikok goragalea sentitu eta belauniko eroni zen lurrera.
- Hori, kalabozoetara! -entzun zuen onduan, eta bi esku dezidituk heldu eta arrastaka eraman zuten handik.
Gela zulo batera bota zuten Niko. Joan zirelarik, bere buruaz (triskantzak zorabiatu bait zuen) eta egoeraz (eguzki beraunetik beltz harbelera pasatu bait zen) jabe egin arte minutu batzu egin zituen, eta gero zutitu egin zen.
Atea ez ziotela itxi ikusi zuen. «Igual rejimen irekian egonen naiz, ez zen izango eta delito handiegia egin dudana». Irten zen eta korridorean abiatu.
Kartzeleroa lo zegoen, eta Nikok jarraitu zuen paseoa. Dutxa batzu pasatu eta luzaeran zein zabaleran hamar bat metro zituen gela koadratu batera iritsi zen; han, bankutan jarririk, emakume asko zegoen, gehientsuak hogei-ta-bostetik berrogei urtetara, neke antzean, tren geltokietako espero geletan ohi diren solasetan. Batzu haurrekin zeuden, poltsekin, erretzen.
Niko heldu samar bati ondoan eseri zitzaion, eta galdetu:
- Barkatu, zer zaudete hemen?
- Orain gizonezkoak etorri eta follatu egingo gaitiztek -eta nazka eta aspertasuna pintatu zitzaizkion ezpainetan-; hilean behineko lana, badakik.
Nikok okotsa laztandu zuen -bizarra hazten ari zitzaion- eta galdetu zion:
- Nahi ez baduzu zergatik ez zoaz?
- Nik nahi diat, hori duk problema -erantzun zion emaztekiak, eta sobera mintzatu zelakoan bizkar eman zion.
Nikok musu gorri triste haik bistaz aztertzen zituela, ate batetik gizon ile banaka ageri zitzaion, lehen, bibote flakua kanpoan potroetaz mintzatzen zitzaiela aurrean ukabilak estututa ikusi zuena, eta honek esan zion:
- Hi, goazemak!
Haren azentua fidatzekoa iruditu Nikori, eta zutitu eta bereganatu zitzaion.
- Dependentzia hauez bestaldean -esan zion ile banakak, Palante izenekoak- itsasoa zegok!