Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

XXXI - Gauza bat baino gehiago

Ahotsaldi ozena altxatu zen onduan. Xelmok moztu zuen kontaketa batek iragarri zuelako:

      - Txirrindulariak! Hasi dira txirrindulariak!

      - Txirrindulariak! -errepikatu zuen jendeak, eta nahiaz gain ahala zeukatenak jeiki ziren eta ahotsak zetozen lekura jo zuten, zein zahatoa dilindan, zein txuleta ogibitartean; Xelmo ere zalea zen nonbait, ze esan bait zion Nikori:

      - Nahi baduk lasterra ikusi, segi nazak!

      Nahi eta nahi ez, igualtsu, masak haruntz, belodromoruntz, bait zeraman iadanik. Nikok ez zuen jakin bestalde belodromoa edo bestelako estadioa zen iritsi zirena, bizikletak ez ezik, hauek ordurako arineketan hasiak, oinezko korrikalariak bait zeuden barne zirkuito batean, eta beste kirol batzuk ere rezintoaren erdian, hala nola, pilota, aizkora, eta futbola. Estalia zen ala ez zen ere ez zuen garbi ikusten, ke astunak -baina lanbroa ere baliteke, hortik zalantza- eragozten bait zuen ikusmena: «dirudien legez belodromoa baldin bada, itxia izanen da», pentsatu zuen, argiak eguzkiarena izateko probabilidade asko zuela bazeritzon ere.

      Sarrera hartan bizpahiru soinujolek alaitzen zuten giroa. Sagardo kupela nola bait zegoen, dastatze egiteko, han pilatzen zen jendeska, Nikok bere burua ere pilaturik ikusi zuela. Han zegoen nolabaiteko kilikitraka:

      - Beliaindarrak faltsuak dituk!

      - Zerbaitegatik deitzen zietek axeriak...

      - Zuei eulitxak ere zerbaitegatik esango dizuete ba!

      - Bai, Etxaurren zozoak!

      - Auzkoienen ziraunak!

      - Lauaizetan txirritak!

      - Hi ere Lauaizetakoa haiz eta ze ari haiz esaka?

      - Ni Lauaizetakoa? Lauaizetagaraitarra nauk ni, ez bait da gauza bera!

      - Eta ondo hitz egiten noiz ikasiko, zuek?

      - Ez zuekin ibili bitartez!

      - Giputxik!

      - Bilbainuak!

      - Manexak!

      Ukabilak altxatzen ziren eta Nikok, deus konprenitu gabe gainera, lurralde baketsuagoetara nahiago izan zuen.

      Zenbait langile ikusi zuen, burdin-egurrez oheak montatzen ari zirela; burdin handiak eta egurrak hor nonbaitekoak zerabilzkitenez, Nikok ohe horiek espazio gehiegi hartuko zutela pentsatu zuen; gero, litera gisa bata bestearen gainean antolatzen zituztela ikustean, lasaitu egin zen.

      Gradetatik lekaio alai burrunbatsua etorri zitzaion, futbolari batek kasik gola sartu zuelako. «Edo izanen da txirrindulari faboritoak lehen postua lortu duelako?», galde egin zion Nikok bere buruari ziklo pistan ere zerbait kurioso gertatzen zela ikusirik. Hala ere giza su hark ez zuen Oklahomako Bandaundiak magia handiz jotzen zuen jazza galerazten, Nikok banda horrek ehundaka entzule zituela ikusi bait zuen. Ez zegokion horratik talde murritzagoa haruntzaxeago jotzen zuen Pirinio Atlantiketako rock txapeldunari, batek zioenez, lehen aldiz jotzen bait zuen estadioan.

      Adilego horren artetik -«eta ez zaie inon inkomodatzen», harritu zen Niko- bazebilen lagun franko, tipi-tapa eta korrika, anitzek buruan kapeleko zuriak, eta puesto batzuetan gogo onean dirua ematen zutenak, nonbait ibiltzearren bakar-bakarrik.

      Bapatean ikusi zuen lagun lerro luzea, sare konponketan langile; haien ondoan beste batzuk berdin lanean, ikusleek ez itota mirakuluz, Nikok ikusi zituen sokaegileak eta saskigileak, teilaegileak eta kaikugileak, ametsegileak eta ezerezegileak, haria ehuntzen zutenak eta makilak burilkatzen zituztenak, kristala eta burnia eta buztina eta egurra eta harria eta larrua lantzen zituztenak.

      Barraka batera iritsi zen non, batek:

      - Kalimotxoa! -eskatzen bait zuen.

      Gero beste barraka batzuk zeuden, emakumeen asanbladarena, euskararen aldeko batzordeena, auzo elkarteena, drogodependentziaren kontrako erakundearena. Kaskagorriko gazteena, homosexualeena. Lakontzako erradikalena. Kosk ekintza taldearena, langabeena, alturako itsasuntzietako langileen sindikatuarena. Txepetxa txarangarena, nuklearren kontrako komiteena. Muruetako talde antimilitaristarena, ekologisten asanbladarena, Aitzuriko kultur-etxearen aldeko auzokideena, alde zaharreko gaueskolarena... barraren alderdi batean zein bestean, erruz zegoen jendea.

      «Segur, ez da galtzerik hemen -pentsatu zuen Nikok-; eta, hala ere -horrek harritu zuen konturatu zelarik-, arras galdurik nago».

      Barraka bat bereziki gainezka zegoen. Presoen alde jasotzen ei zuten dirua hartan; kasualidade orduantxe bertantxe ari zela preso egondako bat harat ailegatzen; batzuek dantza zeremonioso zegioten, aurreskua entzun zuen Nikok batek esaten zuela; haizeak erabiliak, ikurriñak, eta haien artetik, bihotzez jotako zahar bat irribarrez, zausk egindako koju bat lurrean negarrez, eta beste hainbat lagun distingitu zuen Nikok.

      «Horko irribarre hori, berriz, neuretzat ez al dut?», pentsatu zuen neska beltz jantzi batena ikusi zuelarik. «Ez, ez da izanen; egiaz, ez dakit nola interpretatu». Baina begiak ezpainetaratu zizkiola, neskak tonto esanez bezala mihia ateratzen ziola ikusi zuen. Orduan, urreratu egin zitzaion.

      Neska hark bulartegia erdi agerian zuen, eta irri hemendik mirri handik, Nikori «mutiko, musua emaidak» esaten ziola iruditu zitzaion. Eta bularra kanpora zion eta eman egin zion musu, neskak gustora bildu zuena, baina baita bularra ere bildu zuen brusa barrena, eta harroska joan egin zitzaion. «Ez al nion eman behar?», esan zuen, bere kasa. Nikok: «ahul erakutsi ote dut neure burua?»; eta gehiago esango zuen, pentsatu zuen, ez balute, momentu hartantxe, buruan tuturru eta gerrian joare zeramatzaten tipo batzuek handik apartatu. Bi lerro gizon ziren izerditan, zanpa-zanpa tolon-tolon, gerri nekeak ezpain hertsietan nabarmentzen zituztenak.

      Ondotik beste talde batzuk zetozen, zeintzuen eztabaida garratzetatik Nikori hitzok heldu bait zitzaizkion:

      - Estatutoa!

      - Kaka!

      - Ta!

      - Traidoria!

      - Alua!

      - Txaketerua!

      - Demonioa!

      - Borroka!

      - Bake!

      - Bake?

      - Bake!

      - Bake?

      - Bake!

      - Zera!

      - Estatutoa!

      - Kaka!

      - Niko!

      - Txo!