Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

XXV - Kontuz zuloarekin

- Hemen -esaten zion Txok paseoan zihoazela- bidea bi abarretan bereizten da; ezkerreko horrek zentrora darama, eskoineko honek auzora; nik ez dakit zentrorakoan zer gertatzen den, ezin bait daiteke puntu batetik aurrera pasa: lehengoan abiatu nintzen ez dakit zertara, tipi-tapa normal burua neure gauzetan neukala, hasi hor eta geroz eta estuagotzen zen bidea, ulertzen?, estuago eta estuago eta akaberan koba bat, ilun gosetia koba, eta itzuli behar izan nuen; bestetan izandu naiz bai zentroan, esan nahi dizut ez dela beste munduko gauza, eta hala ere, bai hala ere izandu naizenetan beti somatu izan dut zerbait estraino, atzerago joan barik azkenekoan, kale ezagunak nituen ibili nintzenak, betidanikoak, ba banenbilen eta haiek ere nerekin, kaleak, ez bait nuen xentimetro bat ere aurrera egiten, eta ongi nenbilen, euria aritu izan bait zuen lehentxeago eta orduko eguzkiarekin ederra zen eguna; bakarrik, hori; estraino. Ikusten? Hemen hasten da auzoa, kontuz zuloarekin, auzoa ez da marabila arkitektoniko bat, ikusiko duzu, hau Uralde da, oso jende berezkoa bizi da hemen, ikusi Rafa hor, txirrindulari poeta siniskaitza: taberna honetara biltzen dira hori bere lagunekin; hori auzoko parkea da, porkeri bat, orain auzoek hartu dute, hor dituzu lanean aitzurra duten horiek, «udaletxeak ez du deus egiten? guk egingo!» esan dute, lau erreminta zatar baten bati lapurtu eta su ta fuego!, Txantxi ez dakit horretan zertarako sartzen den, bihar ai ene giltzurdinak! hasiko zaigu, ez badigu bazkaria prestatzen!, nahi baduzu bazkarira etorri, soziedadean izango da, majo izaten da, ez dakit bihar zer dugun jateko baina ona izango da.

      - Zein da Txantxi, gizen hori? -moztu zion Nikok horretan.

      - Bai, kamiseta berdeduna -erantzun zion Txok.

      - Eta aldameneko neska? -galdetu zuen Nikok, pentsatzen zuela «ez al da bada atzo etxe aberats hartan gizonki bat bahitu antzera zuena, neska hori?»

      - Hori Ester da, pelukeroa, Graxiri moztutzen dio horrek -erantzun zion Txok-; zuri beti nesken atzetik begia e?, neri ere bai ez pentsa, badago tipa bat. Muskerra esaten diote, txoratuta naukana, da... ez dakit nola esan!; haren anaia hemen dago enplegatu, hemen hasten bait da San Roke; komertzioak dena komertzioak, txikiteo lekua ere bada; Anselmo, horretan ez sartu, banderila goxoak dituzte, baina ez da jende ona; txarra ere ez; pikeak; ogia hemen erosten dugu, goian ere badugu baina ez hau bezain kras-krastekoa, eta haragia beste honetan, hogei-ta-bi harategi auzoan, hauei Irifrankatik ekartzen diete, beti beterik; hor heldu da Zapela, mundua jatera beti ematen du; kontuz horrekin, hemen ez da hiruhilabetekorik pasatzen norbait atropeilatzen ez dutela; kale horretan bereizten dira bideak; hor dago begia, hortik gora Aritzagaina, eta hemendik Txino eta Zaraitzoko; ni Zaraitzokon bizi naiz, lehen sekulako borrokak Txinotarrekin; hura, ikusten?, hura Txinokoa, gurasoak Berkinakoak baina Txinon sortua bera, basamutil harri puxka galanta. Artabururekin elkartzen delarik peligro publiko!, Artaburu horrek, hor bada kale ziztrina, horretan dauka tailerra, harena ez da, nagusia du, mozkorra nagusia. Trebeskan, hor pasatzen ditu gauak, Joxemiel izena du, tailerra gainbehera doala eta beti lelo berarekin, sozio da honetakoa, Hamaikak-bat'erdi elkartea, lehengo asteko jaiak hauek antolatu zituzten, tirabirak izan zituzten, batzuek txokolate jana egin behar zela umeentzat, besteek jubilatuentzat egin behar zela aperitibo edana; presupuesto murritza eta; ohoin zikina, garaje horretakoa!; leiho honetan bizi da Pitxu, ez duzu ezagutzen?; etxe horretan Artaburu, esan dizut ba; bloke hartan, ni neroni, nahi baduzu etorri; Graxi etxean izango da.

      Baina Nikori orduan figura ezaguna zetorrela iruditu zitzaion.

      - Egon... -esan zion Txori.

      - A! -esklamatu zuen honek- Palante ezagutzen duzu? Hori ez da auzotarra, zeozertarako etorria bien seguru. Enpin. Niko, gero arte, gutxi gastau.

      - Bai, Txo, eta eskerrak esplikazino guzti horiengatik -erantzun zion Nikok, eta Palanteri atera zitzaion:- Palante, ihesketa laguna!

      - Honbre Niko, nola hi hemen! -poztu zen Palante, eta lagun zekarrena presentatuz:- hemen duk Tirasoka, belerokoa ez haiz oroitzen?

      Tirasokak bere begi bakarrez agurtu zuen Niko, eta honek ere bai Tirasoka.

      - Ez haute harrapatu motel! Hi ere ez haiz mutiko galtzekoa! -zoriondu zuen Palantek Niko.

      - Harrapatu? -erantzun zuen Nikok-; atxilotu naute, bada, beste birritan: baina birritan hanka. Eta zuek?

      - Gure beleroa enbatak jo ziken, eta itotzeko nengoela txalupa bat pasatu zuken, hari heldu nioken, eta herrira eraman nindiken; herrian izeba negarretan zegoken, etxetik botatzen bait zuten; gero neskari hori kontatu nioken eta hark irri egiten zidaken: «baina zuk -esan nioken- ez duzu nere izeba ezagutzen...» «Ez dudala!» erantzun zidaken; alde egin nioken orduan eta atzo bi autobus gurpilak gora eta bost bonba jarri nizkiken.

      - Ie! Honera -erabaki zuen Tirasokak, taberna baten atarian.

      - Pues honera -konfirmatu zuen Palantek-; hala ere -Nikori- forma onean giaudek. Tirasoka eta biok.

      - Txarrean egongo al gaituk? -sartu zen Tirasoka-; hik horiek egin bizkitartean, ni onddo biltzen izan nauk eta! Askari sano atopekoa! Hik, zer?

      - Nik zerbeza.

      - Nik horietako bat.

      - Nik ez dakit... bueno, beste bat -eta tabernariak serbitzen zien.

      - Eta, alde honetan, zer ari gara? -galdetu zien Nikok.

      - Heuk jakingo duk heurea! -erantzun zion Palantek-; gu manifestaziora etorri gaituk.

      - Ez nekien bazegoenik...

      - Ba jakitea baheukan! Egon bazegok eta!

      Tabernan jai programa baten azpian gizon bat zegoen txaketa urraturik, kanpora begira etsipenez eta koñak botilatik edaten zuela. «Siniestro ez al du begiratzen?», esan zuen Nikok berekiko, eta hotzikarak desepeltzen zuela somatu zuen.