Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
XI - Pizberriaren kasoa
Museotik atera eta pareko kafetegian sartu ziren. Kafetegi hartan dena zen plastikozkoa: mahaia, aulkiak, lurra, dekorazioa. Hirurak eseri zimen. Bazegoen beste mahaietan ere jenderik.
- Zuk zer nahi duzu? -galdetu zion Graxik Nikori kamareroa etorri zenean-: guretzat, betikoa.
- Neuk ere -eskatu zuen Nikok- beste bat betiko horietakoa...
- Txokolatea ogi errearekin -txutxumutxuka informatu zion Graxik, eta berak kamareroari:- Hiru! -agindu zion.
Joan zen kamareroa lepo tente eta Nikok hasi zuen berea:
- Begira. Txo. Bart festetan geundela kontserje bat etorri, bueno azaldu zitzaiguken, primerako kontserjea esan ziguken, eta jendehartzailearen partez esan zidaken, Mujika, badakik ezta?, Mujika onezik edo ez zekiat zer zegoela eta haren ordez Agirre etorriko zitzaidala. Hik badakik Mujikari zer gertatu zaion?, badakik Agirre hori zein den? (gaur itzartzean eskuan ohartxoa bait neukan: «kontuz Agirrerekin», zer da hori?), eta badakik gelara orain gosalondoan joateko nondik behar dudan...?
- Zuk -moztu zion Graxik jakinmin espontaneoz-, zer egiten duzu, ba?
- Nik erreportajeak egiten dizkinat. Ikusten dudana, idatzi, eta hortik bizi naun.
- Polita da zure lana! -eta Graxik ameslari begiratzen zion.
- Orduan -galdetu zion berriro Nikok Txori-, zerbait al dakik...?
- Mujikari zer gertatu zaion -hasi zen mutikoa-, ez dakit nik; baina -eta begiak zabal-zabaltzen zituen- hemen zerbait gertatzen dela, horren komentzimendua badaukat. Badakizu zergatik? Atzo eta gaur hotela konserje, inbestigatzaile eta inspektorez bete delako. Da saltsa bat! Ongi disimulatzen dute, eta ez dakienari akaso sartuko diote, baina neri!, kontrolak badituzte korridore guztietan, eta arratsean kantari zihoan bat, hartu lauren artean eta ostikatu zuten, galanki!, neretzat zerbait, ez dakit zer, gertatu dela: orain ezin esan seguru Mujika horretan dagoen edo...
- Eta orain bidaltzen didaten Agirre hori, zein ote da?
- Agirre? Hori ere -eta hatzamarrez gora apuntatuz- esferetakoa, bestea bezain batekoa da hori... Horiek bilera ez dutenean batzarrea dute, handik atera eta beste bat bilkura esaten diotena, beti haruntza, beste puntan, nik ez ditut ikusiak, entzunez bakarrik... Eta zure ohar hori, ez dakit ba, hainbatek idatzi lezake.
- Ba nik bata ez bada bestea ikusi egin beharko derrigor: jakingo duzue nola joan naitekeen hemendik nere gelara, han edozer gauza lokaliza nazaten?
- Oraintxe joango gara zure gelara, neronek lagunduko zaitut -eta gogo onean irensten zituen Txok txokolate goilarakadak.
- Eta ez zara aspertuko han gelan bakarrik? -galdetu zion Graxik Nikori.
Nikori gustatu zitzaion neskatxa.
- Ez naiz luzaz egongo. Gainera, dutxatu beharra dut.
- Dutxatu? -salto egin zuen Graxik-: hori Muskingo iturrian egin! Ez dakizu hori zen den! Hori da bainua! -eta, naturaltasunez, belaunetan eseri zitzaion, eta Txori:- Baietz!
- Bai: munduan ez dago hobeagorik, egitan -eta, lekuz aldaturik, arrebaren izterrean hasi zen pianoa jotzen, arront kontzentratua bere eginkizunean.
Niko, Graxi gainean eta Txo manera hartan, harrituta zegoen, eta objetatu zuen:
- Arropa ezin aldatu ordea!
- Horretaz -Txok izten-pianotik begi keinua egin zion- lasai: hementxe dago labanderia eta elegante jantziko zaitut.
Graxi txokolatea bukatu eta jeiki zen saltan:
- Zer, goazen?
- Begira -esan zion Txok-, nik arropak utziko dizkizut eta lanera joango naiz, badakizu: kafe parean badakizu Graxi dagoela, total, honek berdin eramango zaitu gelaraino gero...
- Bai noski: bueno Niko -esan zion Graxik, ahoan musu emanik-, gero arte: ni hortxe nago -eta irten zen kafetegitik eta museoan sartu zen.
- Zu, etorri hemendik -esan zion Txok.
Ate gabeko errezinto batean utzi zuen.
- Hor duzu Muskingo iturria. Espeziala, ikusiko duzu. Arropa, hementxe duzu pare bat minututan. Gero arte, Niko, eta suerte.
Nikok mutikoa agurtu zuen, eta errezintoan sartu zen. Errezintoa handia zen, parke bat zuen erdian eta parkearen erdian, ur gardenezko iturri zirkularra eta potentea. Zulo kontaezinetatik isurtzen zen ur freskoa gora, eta Nikori, hartan sartuta, zinez gauza probatzekoa iruditu zitzaion.
Iturritik irtenda, han zituen Txok ekarri arropak. «Elegante!», pentsatu zuen. Galtzontzilo deportiboak jarri zituen, jarri zituen oihalezko prakak eta alkondara txuria, galtzerdiak ere jarri, zapata bat...
«Non dago beste zapata?», galdetu zuen bere kasarako. Han ez zegoen behintzat. Hemen eta hor begiratu zuen, eta ez zuen zapatarik ikusi, haruntzxeago begiratu, eta ezer ez. «Ez zen hegazka joango, bada!», bromeatu zuen, eta badaezpada ere goiti begiratu zuen. Baina ez, han ere ez. Itzuli ematen hasi zitzaion iturriari, Txoren bihurrikeria xalo bat izango zelakoan. Baina beste aldean ere, zapataren haztarrenik ez.
Orduan baten bat negarrez somatu zuen xara baten atzean. Burua agertu zuen eta han zen gizon txapeldun bat banku batean guztiz deskontsolaturik. «Esango al diot zerbait ala dagoenean utziko?», duda-muda egin zuen Nikok instante batez. Baina, berehalaxe:
- Barka molestatzen bazaitut...
Gizon txapelduna Niko entzunez asaldatu zen: segidan berriz kalmatu zen, Nikok segi zezan:
- Zer duzu, gizona? Zergatik egiten duzu negar? -eta urreratu zitzaion eta aldamenean eseri.
- Zer dudan? Ikusi -eta barne sakeletik gizon baten argazkia ateraz eta Nikori erakutsiz:- Hau, ikusten duk, hau? Hau, gizon zintzoa huen, lagun ona, lagun mina neretzat.
- Eta zer gertatu zaio zure lagun horri?
- Hil dela, aizak, hil dela ni hemen bakarrik utzirik...
Hil kanpaiek -Nikok hilarenak izan beharko zirela pentsatu zuen- jo zuten orduan, eta gizon txapelduna, muki-malkoak zapi batez xukatuz, jaiki zen.
- Nahi badiok, hik ere, azken agurra eman... Eta Nikoren esperoan gelditu zen.
Nikok, txapeldunari so, zango hutsari so, berriz txapeldunari, eta bigarren honi zangoari baino urrikalgarriago iritzi bait zion, «goazen» esan zion eta esana konprentsiozko sorbaldako batekin lagunduz, elkartu zitzaion eta biak abiatu ziren.
Elizara iritsi zirenean -isilik iritsi. Nikok ez zuen eta bestearen minaren tamainarako hitz egokirik aurkitzen-, nor eta Artzaia elizatarian. Txapelduna elizan sartzen utzi eta Artzaiarengana joan zen. Honek ere agudo ezagutu eta:
- Niko! Zer berri honontzaldi?
Horrekin topatu naiz eta, bere lagunik onena hil omen zaiola eta...
Horri? Bai horixe! Hemengo tabernaria bait da, eta hildakoa kategoriako edantzale! Beste bat holako eta itxi negozioa! Gaur izango duk lehen aldia, hildakoa tabernara gabe mezara datorrela! Eta hik, zer egiten duk zapata batekin errenka?
- Ez bait dakit, Artzaia. Nonbait galdu dut.
- Baten batek galeraziko zian...
- Ez; iturrian eta...
Igual ziok, igual ziok. Kasualidadea, badiat hemen ezpartin pare bat... ze zenbakia darabilk?
- Berrogeia.
- Nik bi gehiago, baina hori ez duk problema: bi gutxiago izango hukek problema -eta poltsa batetik ezpartin parea atera zuen-: tori, beste neska batek erantzi arte...
«lkusiko al ninduen diskotekan?», pentsatu zuen Nikok.
- Hi -segitu zuen Artzaiak- jotzaile txintxoa haiz e!
«Pse» esanez bezala aingeru aurpegia jarri zuen Nikok eta ezpartinak ondo zihoazkiola konprobatuz:
- Ez dugu barrura sartu behar?
- Nik ez: ni barrura atera nauk kanpoan sobera jende zegoelakotz!
- Beti adarra jotzen...
- Ezin bestean! Batzuek besterik ahal dute baina! Hor meza ematen dagoen apaiza bezala: neskazale amorratua, hori ere: horrek egiten dizkik horrek, bereak eta besterenak. Tipo sanoa izaki: karlista hori kontrastea: imajinatzen duk hik, garaiotan, karlista? Hala omen duk bada, fuertetakoa gainera. Santa Kruz eta gudukante haien zalea. Liberalak ezin dizkik pinturan ikusi. Ixo, hor heldu duk.
Izan ere elizatik ari ziren fededunak -eta fianbrearen beste adiskideak- irteten. Apaiza ere, eta begirada makurrez heldu zitzaion Artzaiari.
- Lagunaren agurtzera ere ez zinen elizan sartu behar Artzaia...
- Horrek ez ninduen ni agurtuko, eta Jainkoak hemen hobeto ikusten nau.
Apaiza ez bide zen tolerante horietakoa, eta berehala sutu zen:
- Zerura nahi ez baduzu, segi ezazu segi gaitz bide horretan...
- Oraingoz bai, aita. Larogeiak paseak hasiko natzaizu zerurako prestatzen.
Nikok polizi hotsak entzun zituen orduan.
- Ostias, deskubritu ditek! -esan zuen Artzaiak, eta fistu luzea bota zuen. Entzun ziren orduan eliz barrutik burrunbak eta garrasiak eta apaizaren jesus batean nondik ateratzen bait da elizpetik mutil bixar motxa, denen sorpresarako:
- Antton! -bota zuen Nikok.
- Hildakoa! -bota zuen apaizak.
- Hori ez da gurea! -bota zuen emakume beltz jantziak.
Eta Nikok tipo batzu pipa eskuan zutela gainean zetozkiela ikusi zuen. Artzaiak eta Anttonek, orduan, dinbi-danba-dunba ikusi eta ez ikusi, hiru pirueta emanik kanposantuaren paretaren bestaldean ziren, eta etorritakoak, alde honetan eta pipekin zer egin ez zekitela.