Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
XX - Neskekin hobeto
Pisu bat, ez zuen bestenik jeitsi. Haseran ez zuen ezagutu aurrean zeukan neska zango makila, palma baten arregatzen zegoena. Segituan izen bat gogora zitzaion: «Ana». Ana, lehengoan baserrian gosari eman zion neskatxo sugandila.
Anak, Niko asko hurbildu zitzaion arren, ez zion jaramonik egiten: Nikok nahi zuen, bada, barekin mintzatu, baina Anak landare bakoitzari berea ematen bakarrik egiten zuen kontu. «Gogoratuko al da, elkar ezagutzen dugunaz?», egin zuen kili-kolo: badaezpadan galdetu zion:
- Ongi, landareak?
- Ongi? -erantzun zuen Anak, itzuli gabe, eta ondoren esplikatu zion:- Gehienak bai, polliki dituk: hau, esate baterako -eta hosto pintxodun bat erakusten zion-, hi astetan, horrela izatetik honela izatera pasatu duk; ez omen duk normal, horrenbeste, landare mota honetan. Dena dela, penak ere ematen dizkitek landareok: honek -altu bat orain, hostoak idorska-, hil bidea zeramak: eta okerrena, nondikako pena duten ez dakidala.
Orduan bai begiratu zion Anak:
- Nik hi ezagutzen haut ezta?
- Bai, ez haiz gogoratzen, baserrian nola izan nintzen, hik gosari emanik eta nik...?
- Ez ezak pentsa gehiegi inportatzen didanik -moztu zion Anak-: ezagutzen haut eta listo. Ba, ikusten duk, ni hemen -eta besoaz zirkulo egiten zuen, landareak eta neskak zeuden gela dena erakutsiz-, hemen bizi nauk; ez duk beste munduko lekua, baina. Baserriak badizkik honek ez dituenak; baina komodidade batzuk ere, etorri -eta atetxo bat irekitzen zion-, kukua zegok komuna baietz, armariotxo honek txukun egiten dik: bai, gustora, lagunak ere onak...
Hitz horiekin besteengana eramana zuen. Lau ziren, eta Ana, Ixi, Kati, Josune eta Josebe zirela informatu zion; Josune eta Josebe oso guapak iruditu zitzaizkion Nikori, Ixi ere bai, berrogeiak paseak igual baina; honek hitz egiten zuen, lasai, oso doinu bereziz:
- ...Orduan hark lurrean zetzana seinalatu zidanan-da... «Zergatik hil duzu hori?» esan zidanan-da... «Horrek beste hura (seinalatu nionan) hil zuelako», erantzun nionan-da... -esaldi hakoitza eta gero «da» ipintzen zuen Ixik, eta aldi batez beste alde batera begiratzen zuen, buruaren mogimendu azkartxo batekin-: gero juizio egunean, togadun eta letrau guzti horiek han hituen-da... nik haren alaba nintzela! esan nionan-da... aita aspaldian Ameriketara nola joan zitzaidanan-da... nola etorri zen hona bakarrik...! da... haiek orduan nola bakarrik!, emakume batekin etorri bait zen, nik ez bait nekien-da... hark izango al zuen zerikusirik gurean!-da... izan bazinan! ez balu hobe!... Zer, Anatxo, lagun berria? -Nikogatik esaten zion.
- Bai, laguna dinat, bisitan zegon.
- Ongi etorria -esan zion Josunek, eta Anari:- majoa daukan!
Anak ahoa xabaldu zion irribarrean, eta Niko eseri zen, mutildu samarrik.
- Aita hiltzeko gertuan-da... -gogoratzen zen Ixi-, nik ezin hartan ikusi baina joan nintzaionan-da... «ametsak, politak egitzazu» esan nionan-da... hark: «bai, amodiozkoak» esan zidanan hain goxo-goxo...
- Nerea ere - esan zuen Josebek- arront gaizkitua huen, ofean, eta lagun bat joan zitzaionan eta galdetu zionan: «¿Qué es lo que más te gusta del mundo?», erdalduna bait zen hura, eta aitak: «las mujeres»...
- Ez zekinat ba -moztu zuen Anak ezaxolaz-, hainbeste maite gaituzten: gero, honekin gelditu, harekin jo...
- Badakizue -animatu zen Kati- lehengoan Joxepari zer gertatu zitzaion? Gelan batekin gelditu dun. Erantzi eta ohera sartu dun. Pasa denbora eta gizona ez zetorkion. Bueno, ez dun etorriko gizonik. Jantzi eta joateko. Non agertzen da orduan bera sartuta egon zenaren ohearen koltxoi azpitik gizakume gizajoa, larri-larri eginda! Badakizue? Lehen aldia omen zinan eta potroak hemen omen zizkinan!
Bostak barretan lehertu ziren, eta Niko ere bai.
- Neri atzo gertatu zitzaidanan gertatzekoa! -esan zuen Josebek, alaiki- Periko, badakizue. Avinaretaren semea, harekin autobusean eta, bueno, musu bat gintunan ez dizuet gehiagorik esaten. Andere bat begira eta begira, antipatiko begiratzen zigunan andereak eta nik azkenean galde egin nionan: «zer, zeu ere liatuta?» ur hotz pitxerrak ere ez zinan hala utziko: «eee!?» egin zidanan hola; ikaratu bait ninduen horrible:«ezkonduta nahi dizut esan...» esan behar izan nionan...
Berritu ziren irriak Joseberen ateraldiaz.
Pues nik -Josuneren txanda zen orain- beste bat bazeukenat hori baino misterioagoa dena: bost katu ezagutzen dizkinat egun guztian miarramiau isilik gelditzen ez direnak, eta etorri zaien txoritxo bat pio-pio pio-pio egiten duena eta ze gauza!, katuek ez diotela aginik botatzen...
Bostak berriro ziren barrezka, zeren Nikok ez bait zuen hau konprenitzen, baina besteak begiratzen nola bait zioten, instintuak begia bragetara eraman zion eta hura irekia zegoela ikusi zuen.
Hura hala moduz ixten ari zela, zanpa! bi funtzionario gainera.
- Seguru hago, hau dela? -galdetzen zion galoiak zeramatzanak ez zeramatzanari.
- Bera zen, bai, honaino segitu dut eta.
- Etor gurekin -eta heldu zion galoidunak Nikori-: alfonbrapean zaborra botatzen ikusi zaituzte.
- Nik ez... -defendatu zen Niko.
- Ez naiz ez konfunditzen -galoigabeak.
- Oker ikusiko zenuen...
- Ez nuen ez oker ikusi.
- Zeini sinistu behar diot -arrazoitzen zuen galoidunak-: autoridadeari ala delinkuenteari? -eta, ondorioz:- ez zaitez erresistitu, eta goazen.
Zutiarazten zutela, Ixik eta egin zuten protesta:
- Txakurrak!
- Txerriak!
- Txatarrak!
Baina alperrik izan zen. Orduan Ana etorri zitzaion eta:
- Tori giltza, erori zaik eta -esan zion Nikori, eta giltza bat eman zion.
Egin zion konplizidade keinuagatik, giltza hori neskaren gelakoa izango zela deduzitu zuen Nikok, eta, kanporatzen zutela, pentsatu zuen: «Horiek lagun uzten ditut behintzat; eta Ana neska handia da benetan... Baina hauek, nora ote. ..?»