Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
Aurkibidea
Lehen partea
VIII - Bat beheiti bestea goiti
IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska
Bigarren partea
XII - Arbola gauza ona da munduan
XIII - Bestela koartelean jarri bonba
Hirugarren partea
XIX - Jeneralak txoriak akabatzen ditu
XXIV - Fama txarreko ostatua ez, bestea
Laugarren partea
XXVIII - Elizan txapelak erantzi
XXVII - Ohe-lagunak
- Zer? Letxugak ikusten ez ala? -galdetzen zion emakume zahar batek argia pizturik zeukan etxeko leihotik.
- Bai, barkatu -irten zen Niko baratzatik eta beste inor ez bait zekusan:- ez dira ajenteak hona etorri?
- Ajenteak, hona? Etortzekoak al ziren ba?
- Ez, ez -eta inguruan begiratu zuen Nikok:- non naiz bada?
- Nere etxean oraintxe! -eta Nikok ez bait zekien zer egin:- hemendik ateratzeko, ortuaren bazter-bazterretik, kontuz han perejila bait da, gero barandila horretatik behera, zuloan sartu, bi buelta eman, eta asfaltoan haiz.
- Hotela han barrena egonen da noski... -abenturatu zen Niko.
- Hemen ere badituk gelak! -ihardetsi zion emakumeak.
Nikok beste xehetasunen bat emango ziolakoan bizpahirur segunduz gelditu zitzaion, baina emakumeak ez zuen beste zeresanik eta, bon-agur-eskerrak-eta-barkatu, guzti horiek emanda, perejilarekin kontuz, joan zen handik.
Barandilatik behera, behean zulora, zulotik bi buelta eta kanpora. Laster supermerkatu batera ailegatu zen; berandu bait zen, ixten ari ziren hura, eta azken emakumeak irteten ziren.
Hiru ziren azken emakumeak, eta han zelaian zegoen ohe batean jarri ziren etzanik. «Autobusaren zai dudarik gabe», pentsatu zuen Nikok, eta haiekin jarri zen; solas bizia zerabilkiten hiru emakumeek. Gazteak ziren, haietako bat karga astunez haurdundua.
- Eusten badu, igandean hondartzara joango gaitun gu -esan zuen Nikok gero Pui deitzen zela jakingo zuenak.
- Hondartzara? Zer dion neska! -esan zuen Nikok Lauxi izena asmatu zionak.
- Inposible zegon -esan zuen Nikok Usu jarri zionak, hauxe bait zen haurduna.
- Ordu kontua dun...
- Ordua? Gauez joaten ez bahaiz...
- Goizean...!
- Goizean? Galdetu Lauxiri...
- Egon; oraindik atzokoa kontatu behar dizuet...!
- A bai, a bai.
- Zer da, zer da?
- Tipo bat enamoratu zaidala...!
- Ez esan!
- Ene!
- Nola-bait enamoratu...!
- Hiri?
- Neska! Ez dun harritzekoa... Ez!
- Segi, segi.
- Ni, erosketak egin nizkinan goizero bezala...
- Hona etorri hintzen?
- Ez, etxean; total ogia, eta esnea eta tomate batzuk...
- A bai! Tomatetarako ez din merezi hona!
- Iso; segi; eta...
- Etxera iristen naun; han zen Ebaristo. Felixarena, badakizue: egun on, egun on.
- Bai; eta...
- Ez, hura ez huen...
- Nor ba?
- Utzi kontatzen...!
- Buzoia ireki eta...
- Eskutitza!
- Ez...
- Loreak!
- Ez...
- Zer zen ba?
- Nota bat bakarrik: «Lauxi, behar zaitut ikusi», behar letra handitan eta telefono numeroa.
- Nor da?
- Zergatik ez din deitzen berak?
- Nola jakingo dinat?
- Esan, badakin nor den?
- Joxe firmatzen din.
- Joxe!
- Joxe!
- Nor izango dun?
- Obsesoren bat...
- Baina zer esaten dun?
- Deitu behar dion?
- Bai zera!
- Eta serioa badun...
- Horregatik! Serioa?
- Bai neska, aber okasioa galdu behar dunan.
- Hik ez ezan galdu hirea!
- Nik, honekin...!
- Eman neri telefonoa.
- Hots egiteko?
- Hori ere ez... Bai?
- Hi, kapaz.
- Kapaz? Ez dakin ongi!
- Eta hiri -galdetu zion Usuk kariñoz Nikori- zer iruditzen zaik?
- Neri? -sorpresak harrapatua sentitu zen Niko, eta pentsatu zuen: «Zail da esaten. Ez zait gainera behin ere gertatu. Ongi egonen da seguramente; zerbait arriskuzkoa ere izanen duelarik. Baina zer esanen dut? Kasu egiteko; Klaro-ke...» Baina, besteak zai eta, okerrik ez esatearren:- maitasuna gauza ederra da eta... -hasi zen erantzuten.
- Hi ere bahaiz ederra! -esan zion Puik, eta parre egin zion.
Nikok harritu zuen bere burua Puik hori esanda segitu ahal izan zuela:
- Neri neska batek egingo balit hori... ez dakit ba...
- Plantean utziko al huke?
- Ez dakit, hori ere... baina deitzea ere...
- Gu bezala hago motel!
- Zeozer okurrituko zain neska!
- Baina kontatu e!
- Esango dizuet bai -esan zuen Lauxik, eta hanka altxatu zuen, zeinarekin Nikok pijamaz zegoela ikusi bait zuen; Usuk aldiz gonak eta kolore askotako galtzerdiak zeramatzan, eta Puik brusa eta bakeroak. «Pollitak dira», pentsatu zuen Nikok. Ohe ondoko harri batean arrubio bat zegoen ilargitan. «Oso pollitak», erantsi zuen.
- Istorio horrekin ez dun lo lasairik egingo -esaten zion Puik Lauxiri.
- Hik bai ez hukeela... -Lauxik Puiri.
- Honi, loa galerazi? -Usuk, ezina adieraziz.
- Zerbaitek galeraziko zion berari ere.
- Bai, goseak.
- Ni ere enamoratzen naun e panpoxa...
- Bai, nerekin...!
- Zertarako besterik?
- Mmmm!
- Eeee!
- Uuuu!
Nikok berehala absurdotzat jo zuen kalkulo azkar batean larogeitamar urte ez zizkien bota, hiruren adinak batuta. Lauxi oso polita iruditu zitzaion, pijamarekin buelta batera buelta bestera, esku beroa eta espresio intseguru samarra; Puiren hankak -hainbeste kolore- eta sabela ederrak ziren, eta haien atzetik begiak ikusten zizkion eta Nikok apartatu behar izan zuen bista, hain barnerat begiratu zion emakumeak. Usu otzan zegoen, eskuak sabelaren azpian bildurik, bake begiak eta ahoa erdizabalik. «Jo!», pentsatu zuen Nikok, «hirurak dira..!»
Orduan autobusa heldu zen, eta lauak igo ziren, eta ordaindu, eta eseri ziren. Nikok leihatilaren kontra ipini zuen burua. «Deskantsatu beharko dut, bada, inoiz», pentsatu zuen. Batek «gauerdia da» esan zuen aldamenean. «Gauerdia baldin bada, arratsalde osoa dut ibili beharrekoa», gogoratu zitzaion, eta gogorapen honek zergatik harritzen zuen ez zuen asmatu.
Ana sugandila ere gogoratu zitzaion. Neska polita, hura ere. «Horrekin zer ez nukeen egingo...», galdetu zion bere buruari: eta jarraitu zuen: «han utzi nuen eta, zertan egonen da?, ez nuen utzi behar; jakina behartu nindutela baina... berriz ikusten dudanean...!, laztandu behar diot azala eta gertutik ikusi begiak eta ilea; ez al dut beste mutil batekin aurkituko... ni hemen eta sentsibilidadea beste bati emango balio...!
Gero beste neska baten irudia etorri zitzaion. Hark ez zituen oinak lurrean ezartzen, hegazka zetorkion. Ekialde urruneko apaingarriak zerabilzkien esku eta hanka muturretan. Nikok ezagutu zuen: Zeta zen, aurreko bi gauetan ageritako neska ile gorrizta, oraingoan oinutsik zetorren, eta soingainean belo bat besterik ez, gorputzaren beltzarana nabarmentzen zuena; dantza somagaitza egiten zuen gerri-bularrez, eta beloaren uhinek arrosa perfumea askatzen zuten. Niko ezagutzen ez zuen xarma inbaditu zuen. Proportzio haien armonia, haien kalidadea, haien perfekzioa... dena zen pitxia, dena liraina neska harengan.
Zetak eskua luzatu zion Nikori eta esan zion:
- Etorri Niko nerekin: etorri eta ezkonduko gara...