Hotel Majikoa
Hotel Majikoa
1984, nobela
190 orrialde
84-398-1080-6
azala: Oskar Laske
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
 

IX - Txanpan kopa bat eta hiru neska

Non barrena, ez eta ideiarik ere: berriro tente aurkitu zenean, «Gure borda» argi berde sarkorrezko letra handiek itsutu zuten Niko.

      Jende mordoa pilatzen zen sarreran. Esaten zen, furi-furian zegoen kanpoko talde bat jotzeko zela, eta horren interesean urrutitik etorria zen jendea. Nikok dialekto aldrebesak entzuten bait zituen.

      Sartzeko problemak. Artzaiarekin, problemaerdi. Arrazoi onekin, entzuteko gauza zinenei, eta gainerakoei atxumurka, bidea egiten zuen Artzaiak, eta haren gibeletik, beste bostak.

      «Hau da koadrila desberdina -pentsatu zuen Nikok-: eta, hala ere, ondo nago». Pittin bat izutu zen porteroarengana iritsi zirenean.

      Artzaia ez zen oilotu:

      - Hauek -lagunengatik- nerekin heldu dituk.

      Ez zuen besterik esan. Porteroak, bazen-ezbazen, pasatzen utzi zituen. Nikok, besteek bezala konpostura gorde nahirik, ez zedin atezaina moskeatu.

      Ruizek eta Patxikuk sobera edanda egoteko probak ematen zituzten.

Munduko gauzen errematia

dakar azken juiziyuak,

auts biurtuta utziko ditu

erri ta palaziyuak,

kantatzen zuten.

      Nikok lurrean -ispiluzkoa zen eta- ikusi zuen bere burua. «Ni, horren edanik ez nago», atera zuen konklusioa.

      Txanpaña erruz isurtzen zen. Denak ziren kopak eta botilak, denak ezpain busti sensualak. Ezpain haien atzetik begiak joaten zitzaizkion Nikori, eta pasatu zioten kopatik plazerraren printzipea bailitzan gozatu zuen.

      Artzaiak ere jotzen zion orain txanpañari, sagardorik ez zitzaion gelditzen eta.

      - Gainera -esaten zuen- hau perfektamente konpatiblea duk!

      - Ordu honetan... -esan zuen Xelmok, bixi-bixi.

      - Ordu honetan, horretan eta hartan! -Artzaiak ez zuen bat ere barkatzen.

      - Gora San Fermin! -Patxikuren pentsamentuen haria beste nonbaitetik joaki antza zenez.

      - Behera Patxikutarrak!

      - Pasa!

      -Tori!

      - Iufa!

      Pista zabala zegoen dantzarako. Baina ez zegoen pista non hasten zen esaterik, punta batetik bestera mutilak eta neskak, dantza arrimatuak eta askatuak, edantzaleak eta amorosoak, denak nahasten bait ziren iskanbila batean.

      Nikok ere astintzen zuen hezurreria, sekulako adiskidetasuna sentituz, zirrimirri neskekin batez ere.

      Bati polliki begiratu ziolako, hura zas!, harekin gelditu zen, eta Nikok, ez gustatu arren, jokua segitu zion, martxa ona bait zeraman. Gehiegisko enamoratzen ari zitzaiolakoan, gero, hura utzi eta beste talde batera jo zuen.

      «Hori da ipurdia hori!», pentsatu zuen neska batenaz. Izan ere, toke berezia ematen bait zion neska hark bere ipurdiari Nikoren aurrean. Nikok desiratu zuen ipurdi hura, biziro desiratu, eta neskaren nortasuna ezagutzearren buelta emanik aurpegira begiratu ziolarik, horra!, Fela bait zen, lehenik hallean eta gero akelarre moduko hartan ikusi zituen hiru sekretarietarik bat.

      Felak bazuen xarma, ezin ukatu, eta musikaren erritmoa ongi, oso ongi jarraikitzen zuen. Nikoren nahi begiez ohartu zelako, irribarre probokatiboa egiten zion, eta ariketa areagotzen.

      Horrela, bereizten eta bereizten besteengandik eta leku iluntxo batera eraman zuen Niko, jenderik ez zegoena. Jenderik ez, eta ohe bat ondo zabala hantxe. Ohean, neska batzu zirela iruditu zitzaion Nikori, baina, bertagotik ikusita, bi neska besterik ez zirela konprobatu zuen, ondoan atorra garbi-garbiak, plantxatu-plantxatuak zituztela. Bi neska haiengan Kolette eta Pilartxo ezagutu zituen, haiek ere desiragarrizko keinuak egiten zizkiotela.

      Oheratu zenean, bizkarrez atorra garbien sentitzeak hotzikara jo zion, hain zeuden fresko eta perfumatu.

      Lau gorputzak elkartu ziren kalidoki. Nikok eskua luzatuz Koletteren braga azpitik sartu zuen behatza eta gogoko lekuetan barrena hasi zen murgiltzen.

      Pilartxo, aho luze zurrutaria, musuz musu ezarri zitzaion, eta txistuz bustiriko muxua eman zion, goxo, gosez, eta Nikok xurgaka xurgaka nabaitzen zion eta oso pozik zegoen, Pilartxoren musuan harrapatua sentituz.

      Hartan zirela, Fela gainean etzaten zitzaion -Niko buruz beheiti zen musuka- eta saihetsetatik pasatzen zizkion eskuak, ja ukitzeke, gorputzaren deskargak probokatuz. Geroxeago, lan horri utzi gabe, gerrian eseritzen zitzaion, eta bizkarrean haren hankatarte zabal beroa eta musuan Pilartxoren ahoa, eta Koletteren dardarak. Nikori guzti hura delizioso zitzaion, eta estasis ametsetan galdu zen zeharo.

      Lotan zegoela, xuriz jantzitako neska bat bistaurretik paseatzen zitzaiola ikusi zuen. «Hori edertasuna da», pentsatu zuen. Neskak pasiorik gabeko aurpegi dibinoa zeraman. Ile luzea zuen, gorrizta, graziaz bildua kordatan, korda ugari buelta askotakoak, baina puntta denak solte-solteak; belarri erdia ile artean ageri zitzaion; haren kinkiletik hasten zen masaila, beheruntza suabe, eta gero biribiltzen zen aho tikiraino, gorri bizia ahoa, eta sudurra, bi zilanga delizioso, kurba somagaitzak, begi ameslariak, betazalak linea bat besterik ez, goitixeago bekaina, intelijente, eta kopeta, irekia, bat ere zimurrik gabea, bestetan bezala, dena leuna, dena ñabarra, dena armonioso. «Baldin bada edertasunik, hauxe da», pentsatu zuen berriro. Lepo eznea itzuli ziolarik Nikok bihotz partean opresio bat bortitza sentitu zuen.

      Itzarri zenean, diskoteka hutsik zegoen. Pasatutako dena bere ametsa izango ote zuen bururatu zitzaion, baina sekretarien usaia nabari zuen gorputzean, eta hasperen bota zuen. Gainera, ohartxo bat aurkitu zuen eskuan, bi hitzok idatzirik: «Kontuz Agirrerekin». Nikok ez zuen jakin zer pentsatu hartaz, eta janzten hasi zen.

      Gora-behera haietan amonaren pastak zituen poltsatxoa ez zuen oraino galdua eta, gertaturikoetaz pentsakor, pasta bat atera zuen eta hura jaten hasi.

      Gizontxo apala zebilen handik lanean, muebleak eta beste dena ordenean jarriz. Nikok gabon batez agurtu zuen.

      - Gabon edo -erantzun zuen gizontxoak, ez izanagatik. Nikok nahi baldin bazuen, gaua izan zitekeela adieraziz.

      - Pasta bat gura duzu?

      - Bai eskerrik asko -erantzun zuen, ilusio pizka batekin, gizontxoak, eta pasta hartu zion.

      - Aizu, hotela joateko, zer egin behar dut hemendik? -abenturatu zen Niko, gizonak ezagutu zezan bezain hurbil egon zedin esperantzaz.

      - Joateko, ezer ez -erantzun zuen gizontxoak-. Bertan zaude eta.