Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

AZUKREZKO KOTOIA

 

 

Desertuan etzan eta

hareak irensten nauela

amesten dut sarritan.

Lurrak ni irentsi

eta dimentsio ezezagun batean

agertzen naizela:

zerua edo izango da,

baina lur azpian.

 

Desertuan etzan eta betiko

desagertu naizela

amesten dut sarritan.

Lurrak ni irentsi eta

muino ezezagun bihurtzen naizela.

 

Purgatorioaren bertsio

antiplatonikoago bat edo izango da

muinoaren barrukoa:

gorputz errari

eta arima hilkor;

materia ez da desegiten, mitoak bai.

 

Betiko desagertu naizela

amesten dut sarritan.

Hala ere, aski zait

egun eguzkitsuen itzaltzeek

oparitzen dizkiguten

azukrezko laino arrosak begiratzea,

plazer platonikoen bailara

gozoetan galtzea

 

aldi baterako, behintzat,

harea zapaltzen jarraitu nahi izateko.