Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

BAI, BAINA EZ HAINBESTE

 

 

Ilunabar paregabeak ikusten dira

zure gelako leihotik.

 

Giltzurrun bat emango dizut gela horren truk.

Giltzurruna eta ezker eskua.

Giltzurruna, ezker eskua eta behatzak.

 

Ez dut uste beste ezer

eman diezazukedanik; nire etxea

ez bada.

 

Posible banu

bi begiak eta eskuin eskua

ere emango nizkizuke,

baina orduan ez nuke atea

irekitzen jakingo.

 

Posible banu

bi begiak, eskuin eskua eta bular biak

ere emango nizkizuke,

baina ez dut uste horren plazer

iheskorrari

horrenbeste haragi ematea zilegi denik.