Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

OROITZAPENAK ALOKAIRUAN

 

 

Maite dut nirea ez diren etxeetara sartzea.

Horregatik bizi izan naiz beti alokairuan,

ahal bezain beste aldiz aldatuz.

Nomada izaera du

nire sedentariotasunak.

 

Miresten ditut euren etxeak alokagai

jartzen dituzten pertsonak.

Haiek bizi zireneko moduan

uzten dituztenak.

 

Etxeek nire usainik har ez dezaten saiatzen naiz,

“nire etxea” ez esaten.

Maite dut X kalean izan nuen

etxeko komuna

nolakoa den ez oroitzea;

oroitzapenak nahastea.

 

Maite dut merkatuan jarraitzea:

bila, presaka,

etxerik gabe gelditzeko beldurrez.

 

Denbora luzean jarraitzen dute gero

nire oroitzapenek alokairuan,

mila eurotik gorako prezioan.

 

Burbuila hatz puntekin

eustearen plazerak

mantentzen nau sano, akaso.

 

Hauskor eta haustear,

baina ez oraino.

 

Erritualak erromantizatzeko

ez dut gehiegi behar izaten,

ohituegi nago prekaritatera.