Lazunak azkazaletan
Lazunak azkazaletan
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-66-2
Azaleko irudia: Malen Amenabar
Oihana Arana
2001, Eskoriatza
 
 

 

HAUTSAK HARROTZEA

 

 

Gorputza daukate

eta begiak.

Bi begi gorri dituzte

aurpegi bakoitzean.

 

Zailak dira aurkitzen,

baina aurkitutakoan

uneoro agertzen dira,

leku guztietan.

 

Ez da erraza beldurrak ikusteari uztea.

 

Ganbaratik erreskatatutako

izara zaharrekin

estaltzen ditut orain.

 

Akaroak eta hautsa.

Beldurrak alergeno unibertsalak dira.

 

Mamu bilakatzen ditut.

Hartzatxodun, loretxodun

mamu.

 

Horrela ez dizkiet

begi gorriak ikusten.

Tarteka izara kendu eta

begia kliskatzen diedan arte.

 

Ezker begia kliskatzen diet.

Oso gutxitan,

baina bai.

 

Gero berriz bilakatzen ditut mamu.

Mamu barregarri.

Eta egiten dakidan

barre beldurgarriena

oparitzen diet;

haietako bat naizela pentsa dezaten

ikusten ez nautenean.

 

Ikusten ez ditudanean.