Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
KROMATISMOA
egunero samar etortzen zait gogora
nola sentitu behar duten beltzek
zuriz inguratuta
haien urtaro hondatuekin
haien memoria atzenduarekin
haien historia odoleztatuaz
jende zuria nonahi:
azoketan lantokietan antzokietan
bulego eta tenpluetan
aingeruak
Jainkoa
birjinak denak zuri
azal zuria denean
egunero samar etortzen zait gogora
balizko beltzen asaldura zurien artean
eta soberako larritasunik gabe
pentsamenduko tuaz beratuta
irensten ditut gogamenok
hala ere
batzuetan
horren ondoren
beste burutapen baten
sigi-sagak jotzen nau
udako lehen ezki hosto erauziei
emana begia
orduan azkuratsu gogora etortzen zait
nola sentitu behar duten zuriek
hainbeste zuriz inguratuta
haien urtaro hondatuekin
haien memoria atzenduarekin
haien historia odoleztatuaz
eta tarte sorgor baten ondoren
aldaketaren eta ekintzaren aukeren
bide bihurrietan sartuta
—hezur eta gezur zuriak—
ni neu eta gure paradisua itoko ez bagara
neure gogoetez beste egiten dut
ezki lurrinak hartutako etorbidean behera