Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
ZORIONAREN KONTRA
indigena dena eta ez dena bereizten ez dakit
eta ez dut jakin nahi
hortentsien azula eta arrosaren arteko aldeak
ez nau aztoratzen
landa hotel baten atarian sentitu ditut
barrutik kanporako erabaki baten oldez
glaziar hormatuak urtzen
euskaraz irakurtzen ari naiz
haizeak egunkariaren orri barrenak
saguzarren hegoak bezala astintzen ditu
eta su erreka txikiek etxera nakarte
San Juan bezperan afaltzera:
zoriontsu izateko hilda egon behar zela ikasi genuen
denbora asko daramagu suerte txarrari
eta historiaren legeei bizkar ematen
baina ateak itxi eta ireki gabiltzanak gu geu
edo oso gure antzeko jendea da
eta prentsaren arabera
noiznahi izena aldatzen duen tribu bat gara
odolean dakart liztor fanatikoen albora karga
baita galtzuetako zozoen hegaldi premiatsua ere…
amets baten alde loa galdu dutenen bekaitzez
negarra etortzen zait aldika
eta festara narama derrigor zoriontsu izan beharrak:
bere larderian eta bere desbideetan barrena exodoan da
nire herri mundutarra
maite ditudan pertsonen artean bizi naiz
erritu baldarrean
esku ahur margotuak irarrita utziz hormetan…
zoriontsu izateko hilda egon behar dela ikasi genuen
hil nahi ez duen inori ez diot opa hiltzea
ezta ere inork aukeran hiltzea hobetsiko lukeen bizimodua:
bestek emandako paradisu hotz honetan
ezin dut zoriontsu izan nahi