Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
ALDAKETAK DATOZ MUNDURA
mahaiaren inguruko solasak diost
hitzez eskas nabilela
ez dakidala gorritzen ari diren hostoen izenik
ibai sutuaren azalean zure poza igaro dela
distiratsu bai
baina gertu eta eskuragaitz:
beste poesia molde bat behar du une honek
herri honek
eta ez daukat nik
jada ez dago hemen
dena mintzo da baina
nire aldiaren seinaleak ez ditut barrundatzen
erraz dakar txingor ale batek hurrengoa
bestelako ekonomia eredua
maitasunak makinen urtarora
edo oihan itsu batera naramala
aurreikus nezake:
behartzen denarentzat
familia jada ez da aterpe segurua
—hain gutxi estatua—
ixten diren ateen danbatekoak
zuri eta niri zer
inor kanpoan edo barruan uztea
berdintsu bazaigu
oinezkoen eta auto gidarien artean trabaturik
egungo argitasunak ez daki
ez biharkoaren promesarik dakarren
ez itxaropena urtu egingo den azkenean:
bizitzea usadio hauskorra da
herri honek
bestelako zuhaitzak eta ilunabarrak behar ditu
bestelako hitzarmen moduak
bestelako lantegiak eta armak
bestelako itsaso bat
denbora neurtzeko beste kristal batzuk
—salbaziorik egundo aginduko ez duten orenez—
bestelako hortzak
bestelako istripuak eta poetak
hildakoen batzarretan denbora larregi
emana dut aspaldi
aldi honek
bere mendearen
bere klasearen
bere emetasun berrituaren mintzoa behar du
beldarrak
lupua eta
txoriak bezala
bere aroaren ekintzak
jaulkitzeko prest den
justizia poetiko bat
jainkorik gabeko zazpi eguneko disoluzioan