Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

INPERIOEN ABAILTZEA

 

 

odola mehetzen ari zait limoi-ur egiteraino

girgilak lotzen zaizkit gerrian bular aldean

dagoeneko ene ariman ez da beste inor kabitzen

—egunetik egunera gizentze hau zer den—

oinazpi kareztatuekin bidezidorrak oro zuritzen ditut

ezaxolaren atleta ari naiz bihurtzen:

gogor saiatuta giharrak prestatzen

hauspoa zabaltzen burua gertatzen

markak ontzen ditut egunero

ezentzuna egiten diot hitz erdi baten esperoan denari

nire begiradaren euskarria behar duena

espazioaren amildegietan jausten utzita,

pentsamendu orbangabeak aisa paratzen ditut

gogo susperraldien premian denarentzat berriz

zaputzen trainer gailena naiz

 

odola mehetzen ari zait limoi-ur egiteraino

digeritze gero eta astunagoen lagungarri

uste dut planeta are ankerrago batetik ihesi

iritsi nintzela hona

uste dut garai makurrago batetik

isuri naizela

orainaldi tarratatu honetaraino:

gure etxean ez zen beste inor kabitzen

eta bederatzi hilabetean atzerako erditzez

erdiraino hustu zait bihotza

 

egon behar du beste galaxia berdinkideago bat

egon behar du beste aro gupidatsuago bat

jada jan ditut lurrazalean ziren

sakrifizioan eskainitako animalia guztiak

eldarnio batean ate joka dabilzkit

non lo egin ez dutenak

non esna egon ez daukatenak,

uste dut gerri bueltan pilatutako mamiez

eta limoi-ur egiteraino mehetzen ari zaidan odolarekin

mirari bat burutzetik gertu naizela

 

guk beste inork ez daki

gaur non hartuko gaituen loak

biharko eguna zabalduko duen

guztiz segurua ez da:

planetako azken materia izatea

irautea lehenetsi genuen diruaren karranpa artean

eta gainpopulatuta denez

ahaztutako gauzen kontinentea

ni prest nago beste planeta batera bidaiatzeko

beste aro bat kolonizatzeari ekiteko

beste gorputz batera lekualdatzeko

estu egin baitzaizkit neure baitaren mugak

 

uste dut ni ere izpiritu libre bat naizela

gorputz esklabo batean

baina propio ehundu dudan berankortasun hauxe da

nire gainbehera intimoa