Disoluzio agiriak
Disoluzio agiriak
2019, poesia
128 orrialde
978-84-17051-23-5
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1999, narrazioak
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

BIBELARRA

 

 

eulien neurriko igelak

jauzika dabiltza asfalto gainean

mehatxuz inguratuta:

denboraren antolaketa

berriz pentsatu behar da

—konfiantzan oinarritzen da ekonomia—

 

zeru sabaia ikusteaz batera datorkit

behialako zure atorra urdin-zuri tantaduna:

ederrak izaten ziren

udako egunak gauzen ukitua eta

artean gutxi galdutakoak ginen uste hura

—guri jokatu ez genuenez

gerrarik galtzea ere egokitu ez—

bazen bentzutuaren parte bat gugan

eta baita garailearen protesi bana ere

 

orduak gabezia fisikoak jota

gudu txikiago bat erne zen autoen eta haurren

beharraren eta bazkari jendetsuen aldamenean,

harrezkero jende pobreak

beste pobre batzuei erosten die

gutxi batzuk aberasteko

—gaua luzatu zitzaien lo zirela hil zirenei—

 

ederrak dira igelak

aurtengo egunik luzeenak igaro dira

gauza ikaragarriak daude argitzeko oraindik:

ibai bazterraren bila amildegi karelean igeltxoak

—kalkulu oker baten baitan ur lasterra gose—

mundu paralelo batera mundu elkarzut batera

mundu gainjarri batera joatetik gertu

 

maitasunak leihotik salto egin zuenean

urtebetetze eguneko kandela balitz bezala

ari nintzen itzaltzen amodioaren garra

—Chicagoko burtsan erabakitzen da zerealen prezioa—

arazo ekonomikoak atetik sartu eta

dena has daiteke disolbatzen era erromantikoan:

desioa bortxa psikoanalisia…

 

ehunka haltz hosto biraka doa zoruan

alda-haizearen mende

doluarentzat erruarentzat eta

identitate galerarentzat analgesiko ona da lana,

dirua nahi baduzu denbora eskaini behar zaio

—eraldaketa sozialerako arma da kontsumoa—

 

arnasa adiskide ikusezina banu bezala

mintzo zait bronkioetatik bakardadea

entzuteko adi nagoenean:

itsas izarren besoen bila doakit hatsa urpe abisalera

—kausa eder bat berriro biluz eta gazte—

eskuan ardo zuria tu egiten dut bide bazterrera

igel musker koloreak jaulkiz eztarritik