Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
Aurkibidea
1
2
3
4
Egun txiki bat: 2017ko urriaren 1a
5
6
7
Txatalak Mary Wollstonecraft Shelleyrentzat
ARGAZKI ZAHARRAK
denboraren gilaren mihia
iristen zait oihal tarratatu gisa
terralak hartu behe lurretan:
aspaldiko argazkiak begietsi eta
jitoan labaintzen zaizkit eskuak
ezagun ez ditudan gorputzen azalera
nork eman dio soka
gurpil honen abiadari
non erneak dira garunak jaten
ari zaizkidan hortzak
zein ortu zein sinesmenetan…
zer arrain da nire baitan
aldaroka hazi dena
zotinka ari da argazkien kutxa
geldi antzean erretiran goaz
paper esmaltatuan:
hainbeste jende abegikor agertu guran
historiaren ainguraren kate-zuloan behera…
gehienak jada ez daudenak dira
izenik ez dakidan ur belar eta lore artean
kiribilean sehaskatu nau haien berbaroak
oroimenean moila bat ernatu zait
eta erlojuaren eran zuritzen dudan
sagar musugorria:
euri hotz baten ereserki azpitik
fotoetan baino bizi ez direnak doaz
bandera arrotzen atzetik desfilatzen
loa datorrenerako beltzean funditu bat gorde ohi dut:
arratsaren branka islatzen ur azal zehar-argia
eta denbora astiro
zaurietatik eta
irriaren osinetan barrena
abantean