Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ARPOILARIAREN GOGOETA

 

 

Errealitate iheskorrak

baditu halako keinuak niretzat,

betiereko uneak,

esku bete toffee gozoki

nigan bidaiatzen darraien haurrarentzat.

Harkor bizi naiz,

adi behatu eta bat egiten dut

aurrean daukadanarekin,

eta aldi berean itzuri egiten ikasi dut

objektu, egoera, jendearen zepoei.

Sentimendu zehatz bilakatu naizenetik

zaindu beharra daukat

naizen sentimendu hau.

Nire izantza irauliz

maite ditudan pertsonetan disolbatzen naiz,

halakoetan bizkortu egiten da existentzia

gainditzen nauen arteraino.

Tinko irauten dut asfalto puskatuan

eta nire itxaropenak baditu kolorezko klerak

zementuzko edozein bisaia

atsegin zaidan sorketan eraldatzeko.

Ez naiz ausarta, ez naiz inozoa.

Iheskorra da, bai, errealitatea

eta ni ere, neure erara,

halakoxea naiz.

Santutegia naiz batzuetan

ozeanoa naiz batzuetan

krater saihetsezina

lubaki zeharkaezina

behatzen arteko hondar epela

ezpainen arteko euri xehea.

Bizitzaren amaiera naiz batzuetan

zauria besteen arimetan

eta ustekabeko sendabidea

dardararik egiten ez duen

zalantzatan galtzen ez den

esku sinesgarria

noizean behin.