Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

SCHLECHT

 

 

iraganean geratu zara, zakur

dagoeneko ez dago iraganik, zakur

zure gloria eta galera dira zure iragana

platera zornez betea, zakur

asegabea zure gosea

gainezka zure sumin gaiztoa

zure kakari kosk egin diozu, zakur

sikiera lore bakar baten ongarri ere ez

eldarnioaren zakur-maitalea

 

zure ardo putzu ozpindua

zure euli puztu eta kapar ilunak

zure antzerki faltsua

zure begirada lizuna

zure mingain satsua

zure baba lodiak tabernako barra gainean

eta gutako bakoitzaren gogoan

zure zaunka nekagarriak

zure hatsaren kirats jasanezina

zure amorru maskaratua

zure ohiko silueta zelataria

zure oinordeko mesfidatiak

astamakilaren gurtzailea

sorkuraz eta gustuz salataria

liskarti koldar traidorea

moralizatzaile ozena

zure handiuste doilorra

zure ezdeustasunaren ondorio negargarriak

zu, zakurretan zakur

oraindik bizirik eta hala ere bihotza gorpu baino ez

plastikozko bitxiloreen artean

perfumatutako gorotza zara

haizea bera mespretxatzen du zure arnasa itoak

 

benetan sendatzeko egiazko asmorik gabe

zauriak publikoki miazten

tragedia greziarrak berrasmatzen

drama orori etekina ateratzen iaioa

erakuskeria gabe existitu ezin duen pailazo zitala

zakur zikiratzailea, zu, zakur zikiratua

odol-gaiztoa eta abusatzailea

aldartea beti azpijokoaren zerbitzura

jokabide garbirik ez sekula

etxe dotoreko eta kale iluneko marrajo desleiala

eguneroko epaimahaietan modako terrazetan

ederki setaz bildurik zure azal-hezurrak

beilatoki pozoitsuan behazuna

zure gisako jendailarekin gozo elkartrukatzen lerdea

 

zakur,

apar zikin guztia edaten duzu berriro

engainuaren garagardo bihurritua

ez zara berorrekin itoko urde deabrua!

urre eta zilarrak miretsiz orduak ematen dituzu

plazan gurutzeak garbitzen eta distirarazten

heriotza usaina jariatzen duten medailoiak musukatzen

errezo errukigabeak errepikatzen

hortz-haginak zorroztu bitartean

 

zakur,

hobekien ezagutzen dudan zakurra

niregandik ihes egin ezin duena

ezta hitz samurren gaiztakeriaz baliatuta ere

ezta trikimailu lotsagabeenekin ere

zapalkuntza engainua gehiegikeria

horiek osatzen zure zakur-hiztegia

ezta otzantasunaren modako azken

mozorroak apaintasunez erabilita ere

zeken alaena!

 

zakur,

gizon deitzen diozu zeure buruari

eta koroaz janzten okasio oro

baina nik

halako batean nekearen nekez oharkabean kasik

ezin eutsizko barne-askatze kolpe zehatzez

errotik aterako dizudan buru ustel-maltzurra

gizon-zakurren, zakur-gizonen

amildegitik behera botako dut

izenik eta historiarik gabeko

harri koskor arrunta bezala: ezdeusa!

eta gero tripak aterako dizkizute basapiztiek

zakur-gorputz edentsu hori!

ez ote zara desagertuko gaur bertan

bizitzaren kontrako eztarritik!

 

zakur,

hemen datoz olatu handiak

isilean zure hankak eta azkazalak apartatzen dituzu

hamaika gezurren jabe zaren

zakur lotsagabe izorratzaile galanta

dantzari eta komediante ahobero pairaezina

zerri-azeri zakurtua

txisteak kontatzen dituen bortxatzailea

ni ez nauzu engainatuko

hemen datoz olatu handiak

 

zure ohiko haserrea, zakur

zure errabia erasoak, zakur

zure marru bakar batek ere ez nau hunkitzen

ahitu zaizkizu artifiziozko mantra horiek guztiak

zure erretratu eta esanak uneoro bernizatuz darraizula

jada ez zoaz inora, zakur

zure lokarrian harrapatuta azkenik

nora joaterik ez, zakur

ustelduraren hobiaren epizentrora ez bada

zure erreinuko labezomorroen zulora

 

topa egiten dut!, zakur

zakurrak gara bai

mendebaleko zakur mimatu apetatsuak

nahiz eta denok berdin ez zaunka ez koska egin

eta are gutxiago loak hartu amets antzekoetan

 

zugan konfiantza jarri zutenengan

esku zabal sineskorretan

oraindik ere pixa egiten duzun

zakur hori,

pixa erregarria beti besteen etxeetako hormetan

gaur, zu, zakur

gonbidatuta zaude nire festara!

zatoz faborez

zure irribarre fazatienarekin

zatoz lauhazka

nire kapela gustukoena jantzi dut

gordeta neukan habanoari tiraka ari natzaio

elur-jauzia ibilkari fidakorraren zain

haize-kolpea bere momentuaren zain

saguzarra gauaren zain

sugea udan bezala

zakurra zakurraren zain