Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

BEGIAK ITXITA

 

 

urtxintxa azkarrek ez dute presarik

biluztasun malgu eta hezeak dena janzten du

mundu egartsuak ahoa zabaltzerakoan

kasik matrailezurra hausteraino

hodeien artean ezkutatzen dira

zaldien buru eder ikusgarriak

lanbroa luma erraldoia da behorren sabelpean

lanparak piztu eta itzaltzen dituzten tximuak

eguzkiaren izena berrasmatzen dituzten narrastiak

bular zoragarriak elizako kanpaien artean zintzilik

 

urteroko ozeano arteko ibilbidean

hizkuntza berriak ikasten dituzten zimarroiak

pausatzen zaizkit gogoan

amets egiten dut blusa gorri gardenekin

bidea erakusten didaten aldaka perfektuekin

aitona eta biok beltzez tindatu gintuen

lehen txipiroi begihandiarekin

 

gaua nare zabaltzen da zelai infinitua bailitzan

zilar urdin berde eta beltz ileorde sorta amaiezina

banan-banan erauzten dio itsasoak bere buruari

eta gero espaloi grisaxketan atseden hartzeko asmoz

atea jotzen du haizeak bere esku egongaitzekin

errepikan dabil leihoetan bere hatz bihurriekin

 

hemen tarteka bada atsedena

edo antzeko zerbait bederen

musika-kaskoetan euriaren soinu grabatua

ezustean aldatzen zaion arren intentsitatea

aldatzen ez dena beharra da

hemen ez baitago kapela bat buru bakoitzarentzat

ez baimen ez bake ez erruki eternalik

 

hemen maite ditudan adinduek

liburuak irakurtzen dituzte patxada ederrean

eta ondoren ilunabar geldoetan

gurekin komentatzen dituzte

gazte asko euren ezinegonarekin

zer egin ezin asmaturik dabiltzala

 

hemen isiltasuna eta baretasuna dira paradisua

bitartean eta apenas begi-kliska batean

aguretu egin dira

oraindik hitz egiteko gauza ez diren umeak

eta mutu geratu dira

entzuten inoiz ikasi ez duten helduak

 

bainuontziko ura fotografiatu dut

norbaitek dutxa hartzen fotografiatu nauela

eguneroko akzio txikiez egiten dut gogoeta

urteen joan-etorrian adiskideek zein etxekoek

oparitu dizkidaten landare eta irribarreen konpainian

zorion handikoa naiz

begiak itxita ere hainbesteraino badakit

nahiz eta gainetik astindu ezin dudan

oinaze suntsitzaile kronikoa

 

inork gutxik ezagutzen du piztia gupidagabe hau

eta hobe sekula inork ezagutzen ez badu

goxotasuna besterik ez dut desio

bizitza izan dadila solasaldi atseginen

edo besarkada ordezkaezinen pareko zerbait

edo musika suspergarri bizigarri ernegarria

argitasunean misteriotsua arina galkorra inoiz

 

antxeta transgenikoek ez dituzte arrainak gustuko

ehiztari baldarren harrikadak saihesten dabiltza

euri kristalizatuak ez gaitu zauritu nahi

eta dagoeneko ezin jakin dezakegu askatasuna

lorpena den edo berezko egoera naturala

 

garbigailuak katuaren gisa

urruma egiten dit sukaldetik

telebista bihotzekoak jota hil zen

bart arratsean zeharo asperturik

traktore zaharrak zein dotoreak diren

pentsatzen jarduten dut noizean behin

arropa zabaltzen dudanean

pintza bat edo beste erortzen zait eskuetatik

aspalditik botikak hartzen dabilenak

zertaz ari naizen badaki

 

hemen arnasa egitea da

benetako eta aparteko gertakaria

etenik gabeko gure arnaste egunerokoa

eta hala ere ez diogu arretarik eskaintzen

arrazoitzearen eta arrazoiaren

jaun eta jabeak izanik ere

ez dakigu unea neurrian baloratzen

hauxe berau oraingo istant bakar hau

ez dakigu gozatzen eta maitatzen

gure erreinua kexu-padura irrigarri

bezain tamalgarria da zinez

 

lihozko hegazti

geldoa da ortzia

ia mugiezina eta morea

bere mugagabetasunean

nekez suma daitekeena

burezurrak urratzen dizkigu

gure adimeneraino iritsi arte

gogoa

adorea

tarteka goreneko dragoi bihurtua

antzinakoa

etenkorra

baina errotsua hala ere

makurgaitza

tarteka haritzaren adaxka lehorra

giza gorputz galduari iltzatua

sorbalden arteko puntu erdian txertatua

 

bizitza iragankorra baldin bada

baina aldagaitza arrazoimena

orduan zeozer gaizki egiten ari gara