Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ISOLAMENDUAREN ZAPORETIK

 

 

ikatz-basamortuan begiak erre zaizkien hegazkinlariak

hauen azken ametsak entzuten dituzten eskorpioiak

asteko zein egun den ez dakiten paraje eta bide galduak

maskarak eta hanburgesak saltzen dituzten furgonetak

gurpilik gabeko bizikletak eta irria galdu duten arimak

giza kaioletan pilatuta gose geratu diren idazlumak

pneumatikoen sugarrei begira dauden langileak

edozein egoeratan oinutsik ibiltzen ikasi duten lagunak

bakardadearen maitaleak ez du hotzik neguan

 

gauza ederra da elur lapatsarekin batera ihes egitea

gauza tristea da borondatearen kontra lurra abandonatzea

 

haragi sorgorrez gainezka dauden udako ilunabarretan

apar beltza jariatzen dute koloretako itzalkinek

automutilazioa modan dagoenetik euren hegalak

ebakitzen dihardute arranoek eta kolibriek

adin anitzetako neska-mutilek

lehorreko olatu-kolpeen irensleek

noiz iritsiko ote da pailazo sudurren kargamendu berria?

eskulturen erakusketan sobera ditut hutsune teoriak

oraindik ere esku txikien premia daukate basaloreek

itzalak pixkanaka luzatzen ari dira eguerdi-eguerdian

postontzi bakar bat ere ez dago hartu ahalko lukeena

zainetako tintaz idatzitako maitasun gutuna