Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

TRANSMUTAZIOAN

 

 

artilezko txano zirtzilduak

heroinazale berriak aireportuko lurreratze pistan

lepo-hezurrak puskatuta dituzten eskalatzaileak

 

atearen bi aldeetan performance berdinak

erregea ez dago lo eta ez dago esna erregina

hortzordeak champagne kopan

 

nire buruko monje budista immolatzear

hatzen artean zotz txinatar zorroztuegiak

itsuak ez du negarrik egiten tipula mozterakoan

 

anaia siamdar mozkorrek ze bide hartu ez dakite

norekin hitz egiterik ez dute bentrilokuoek

limoiondoak hasi dira udareak ematen

 

bihotz taupada bakoitzarekin

saguzarrak jaiotzen dira

gure barneko katedralean

 

erotismorik gabeko irudimen urriko gauak

euren autorretratuez maitemintzen diren margolariak

sexualitate zargalduen erakustareto ezkutuak

 

marrazoak noraezean isatsa zakar astintzen

fosforozko aurpegien aurka

lastozko jainkotasunen aurka

 

indarkeriari esker bizi gara

eta lapurtutako krabelinei esker

 

zatoz niregana bizitzari buruz hitz egitera

zatoz nirekin heriotza ehizatzera

 

elkarri eskua emanda desagertu dira

inozentzia eta mirespena