Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

OINUTSIK (AMORE EMAN GABE)

 

 

oinutsik egin nuen lasterka

(itxaropenik gabe, onartzen dut);

elurrak baimendu zidan

distantzia bete nuen

lehertuta erori nintzen arte,

lihozko tendoiak, letoizko bihotza,

goroldiozko gibelaren jabea eta

morroia den korrikalariaren antzera,

amodioz eta gorrotoz

arimako orbanei oratuz

orratz luzezko gau eskeletikoan,

burdina zaharrezko, eserleku kiratsuzko

taxiren batera igotzeko aukerarik gabe;

elkarrizketak sumatzen nituen

zabalik zeuden leihoetan,

antzematen nuen azala gogortzen eta

gogoa zakartzen ari zitzaizkidala

(zer den arrastakari arrunta bilakatzea!);

banketxe eta botiketako fatxadetan

termometro digitalek

nik bederen uler nezakeen

deus ere ez zuten adierazten,

berriro altxa eta

oinutsik lasterka segitu nuenean