Azken zakatzak
Azken zakatzak
2017, poesia
144 orrialde
978-84-92468-93-5
azala: Ramon M. Zabalegi
Martxel Mariskal Balerdi
1964, Hondarribia
 
 

 

ORIGAMI

 

 

papiroflexia japoniarra

gaueko elkarrizketak irratian

lo egin nahi ez duten besapeak eta eskularruak

orgasmoak eta umiliazioa prezio berean

maitasun hitzak eta isilune gordinak

txoriak arrain merkatuan

aurpegi hantuko sendagileak tabernan

bisturi gurutzatuak profeta sasidylandarren eztarrietan

langabeak autoko haizetakoak garbitzen

 

goizaldeko ihintza duintasunaren barne-suak irensten

ezinezko neutraltasunaren ogi papurrak

bideo-zaintza sistemak norbanako bakoitzaren buruan

sagu izoztuak diren gizakiak zubien erdian geldirik

arropa zuria dirudien ur magnetikoa

modu ez artistikoan tolestutako sentimenduen pisua

mutilazio bihurtzen diren zauriak

 

bateria-jotzaileen maniak bezala

dena azkarregi aldatzen ari da

zu ez zaren arrazakoen azalaren kolorea

trenen abiadura eta jatetxeen itxura

bokaziozkoak ziren zereginen indarra

orkestrako zuzendariak maite ote du musika?

hiriko paisaia eta argazkien esanahiak

umeen blues ametsak sehaskan

 

atzamarren artean

antilopeak zisneak untxiak hegazkinak

herensugeak lertxunak igelak itsasontziak

dozenaka lore desberdin

alpargata disekatuak bainuontzi ondoan

gainezka arropa zikinen saskia

komuneko bonbilla

eta oheko gorputzak

aldatu beharra

BIZITZA

itxi gero paperezko leihoak