Aurkibidea
HIRE BITSETAN
Nahi baino gutxiago ibili naun hire lurretan,
nahi baino gutxiago galdu hire erliebeetan,
azal baino paper gehiago ditinat laztandu.
Ikusi baino gehiago haut irudikatu.
Esna baino hobeto sentitu haut begiak itxita,
oroitzapen bideetan hire azalera bidaiatuz.
Irakurriz entzun haut,
berben arkitekturaz ezagutu.
Hire mintzoarekin urtu naun,
hire hitzekin samurtu.
Lerro idatzien artean murgildu naun
eta hauetan barrena hire sakonera heldu.
Hitzen edertasun larriak baina
sarritan nain ikaratu.
Neure buruari galdetzen zionat
ez ote dudan hire mintzoa
hodei bitsekin nahastu,
hiperbole baten erdian
ez ote naizen katramilatu,
fikziotik gehiago duen
idatzizketan engaiatu.