Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

UKAN NAZAZU

 

 

Ukan nazazu

behar bai baina ez nagoenetan.

Bete ezin izan ditugun

gure bizitzako etenpuntuetan,

denboraren minutu luzeek

puzten duten parentesian

uki nazazu,

ukan nazazu.

Putzu gabeko oasi handi honetan

bila nazazu

eta ikusiko nauzu zelai idorrenak ere

ase ditzaketen oroitzapen goxoetan.

 

Ukan nazazu

behar bai baina ez nagoenetan.

Maitasunaren hariari jarraituz

aurkituko nauzu

etenpuntuak lerro zuzen bilakatzen dituzten

bihotz ttakun azkarretan.

Ukan nazazu

atzo, gaur eta biharko gauetan.

Bila nazazu hegan,

gaua argitzen duten eta

hainbeste maite ditugun ilargi beteetan,

distantzia sekulakoek ninirik nini

ahitzen dituzten izar iheskorretan.

 

Ez nagoenetan, behar nauzunetan,

hitz sorgindu hauen bidez

senti nazazu gertu.

Heldu gogoz gerritik

eta eramango zaitut erratz gainean

denbora eta urruntasuna

laburtzen diren unibertsora,

absentziak sutan errez

ametsak egia bihurtzen diren akelarrera.

 

Ukan, usain, laztan nazazu.

Senti nazazu, eta elkartuko gara

irri, xirri eta muxuen lurralde askean.