Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

BIDE EZEZAGUNEAN

 

 

Bide ezezagun hartan lehen agurra.

Aipatu ezineko herrietan gerritik helduta.

Parodia etengabean atzemangaitz.

Elkarren lurretan eta ezpain arrotzetan

egin genuen larrutan,

gureak ez ziren mapetan gerra.

 

Kale bazterreko puta lizunenen tankeran,

borroka prostituta ezin aipatuzko bidezidorretan.

Identitate performatuen aterpean,

intxaur oskolak bizkarrean egin genuen bizitza,

parodia etengabean —atzemangaitz—

babestuz askatasuna.

Burdinaren hotza gure azalaren betiereko maitale.

 

Aipatu ezineko jatetxe hartan

zerbitzatu ziguten zopa,

sasi metafora ezin hobea,

errezeta sekretua izan baita gure bizimodua.

Parodia etengabea,

bihotza eta bizitza hatz mamitan.

 

Aipatu ezineko herrian eskuak jasoz,

bide ezezagun hartan, azken agurra.

 

Amaitu da funtzioa.

Parodia krudela gure bizitza.