Alde erantzira nabil
Alde erantzira nabil
2016, poesia
112 orrialde
978-84-92468-81-2
azala: Itziar Moreno Martinez
Ekhine Eizagirre
1984, Zarautz
 
 

 

HITZORDUAK

 

 

Iraganean mintzo gara,

galdera ikur bat delako etorkizuna.

Iraganean mintzo naiz,

bizitza osoan inguratu nauzuen guztiez.

Iraganean mintzo natzaizue,

nahiz eta bizi-bizirik zaudeten orainean.

 

Hitzordurik hitzordu

banabil ere, ez zaudete

neure buruko agendan.

Bihotzekoan, egunero

oroitzen zaituztedan arren.

 

Hitzordutik hitzordura

hainbat bider

galtzen zaituztet bidean,

hitzorduek ez dute-eta

ziurtasunik batere

klandestinitatean.

 

Iraganean mintzatuko zarete

zuek ere nitaz oroitzean.

Iraganean jardungo duzue

kafe bat hartzen ari naizen bitartean.

 

Hau ez baita urtebeterako bidaia sabatikoa,

bizitzako aukera eta bidezidor itsua baizik,

oraina bizitzen ehuneko ehunean.

 

—Orainak ez du guretzat hitzordurik...

—Eta etorkizunak?

—Zer da ba etorkizuna?

—Galdera ikur erraldoi bat

bizitzako bidegurutze bakoitzean.